Pilota

Distirarik gabe ere irabazteko gai dira Laso eta Iztueta

Sailkapeneko liderrek 22-16 irabazi diete Senarri eta Mariezkurrenari, eta urrats garrantzitsua egin dute hurrengo faseari begira. Partida hotza izan da: bederatzi pilota galdu dituzte irabazleek, eta hamasei galtzaileek.

Unai Laso sakea egiteko pronto. JON URBE / FOKU
Unai Laso sakea egiteko pronto. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko urtarrilaren 6a
19:30
Entzun

Errege egunean ohikoa da familia eta lagunak mahaiaren bueltan elkartzea. Bada, gaur, frontoiak elkartu ditu bi lagun handi: Unai Laso eta Jon Mariezkurrena. Elkarren aurka aritu dira Binakako Txapelketan; Martxel Iztueta izan du bizkartzain lehenengoak, eta Beñat Senar izan da bigarrenaren aurrelaria. Partida hotza izan da, pilotariek nekea pilatuta baitaukate jada, eta sailkapenaren goiko postuetan daudenak nagusitu dira: Laso eta Iztueta, 22-16. Urrats handia egin dute hurrengo faserako zuzenean sailkatzeko.

Egun gutxian partida asko jokatu dituzte pilotariek Binakako Txapelketan, eta gaur nekea nabaritu zaie lau pilotariei. Horren erakusgarri izan da galdutako pilota kopurua. Bederatzi galdu dituzte gorriek —hiru Lasok eta sei Iztuetak—, eta hamasei urdinek —zortzi Senarrek eta zortzi Mariezkurrenak—. Hotza izan da partida, eta ez du ordubete ere iraun.

Ahal handiko atzelariak tartean izaki, piloteo luzeko partida espero zen gaur Eibarko Astelenan (Gipuzkoa). Partida gogorra eta ikusgarria izango zelakoan joango ziren zaleetako asko pilotalekura, baina ez batak eta besteak ere ez dute egunik onena izan. 4-1 aurreratu dira Laso eta Iztueta, baina berehala berdindu dute partida urdinek: 4-4 eta 6-6. Atzeko koadroetan jokatu da partida lehen tanto horietan, eta Iztuetak galdutako bost pilotak eman die bidea urdinei lehen sei tantoetako bost egiteko. Tolosarra gau txarra igarota joan da partidara, eta kosta egin zaio neurketan sartzea. Lan erdietatik aurrera, baina, gora egin du. 

Senarrek bigarren partida jokatu du txapelketa honetan. Iñaki Artola min hartuta dago oraindik ere, eta, lehen aukeran ondo erantzun ostean, Senarrek beste aukera bat merezi zuela iritzi zion enpresak. Ataundarrak seguru hasi du partida, eta urdinen zazpigarren tantoa ederra egin du. Errestoarekin nagusi izan da, eta ezker gantxo ikusgarri bat eginda Eibarko zaleen txalo zaparrada jaso du. Aurrerago ere egin ditu tanto eder askoak —sei egin ditu guztira—, baina beste pilota erraz batzuk ere galdu ditu lehen koadroetan errematea egin nahian.

Laso izan da seguruena

Pixkanaka-pixkanaka, ordea, Lasok ezarri du partidaren erritmoa. Lau pilotarien artean, Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelaria nabarmendu da gehien. Bi atzelariek pilota dezente galdu dituzte, eta lau eta erdiko txapeldunak beste hiru tanto egin ditu lan erdietara iritsi direnerako. Bost tanto jarraian eginda, gorriak alde ederrarekin joan dira aldagelara: 12-7.

Etenaldi luzearen ostean, urdinek hiru tanto egin dituzte jarraian. Lasok galdu du horietako bat, eta Senarrek txokoan utzi du beste bat. Horrek bete-betean sartu ditu urdinak partidan. Piloteo motzeko tantoak izan dira ondorengoak. Batzuek eta besteek eramatekoak ziren pilotak galdu dituzte, atzelariek batez ere, eta giroa berotu ezinda jarraitu dute: 14-12.

Hurrengo tantoetan partida apurtzeko bidea hartu dute Lasok eta Iztuetak. Aurrelariak asmatu egin du sake-errematean, eta Senarren huts pare batek bost tantoren aldea eman die gorriei, berriro ere. Hala ere, Senarren bi tanto ikusgarrik aldea txikitu dute (18-16).

Dena zegoen erabakitzeko, baina gorriak ez dira urduri jarri, eta erakutsi dute zergatik dauden sailkapeneko lehen postuan. Orduan jokatu dute seguruen. Urdinak, berriz, zirt edo zart egin beharrean ziren neurketan bete-betean sartzeko, baina opariak bata bestearen atzetik egin dituzte, eta Laso eta Iztueta zuzenean joan dira 18tik 22ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.