Brasilek ez du huts egin, eta Suitzari 1-0 irabazi zion atzo, kostata izan bazen ere. Partida orekatua izan zen, baina Brasilek dituen jokalari erabakigarriei esker, markagailuan aurretik jarri ziren neurketako azken minutuetan, eta hala bukatu zen lehia. Aurrean jokalari arriskutsuak ditu, baina atzean ere fin dabil Brasil: Alissonek oraindik ez du gol bakar bat ere jaso, eta ez diote atera jaurti. Final-zortzirenetako sailkatu da. 1966tik beti lortu du ligaxka gainditzea.
Lehen zatian tentuz aritu ziren Suitza eta Brasil: inork ez zuen arriskatu nahi, eta horren erakusle da kasik aukera garbirik ez zutela izan. Aukera bakarra Brasilek izan zuen. Raphinak eskuineko hegaletik erdiraketa bat egin zion Viniciusi, baina Sommer atezainak gelditu egin zion jaurtiketa.
Bigarren zatian, jokoak erritmo biziagoa izan zuen, eta aurkariaren atera gehiago hurbildu ziren bi taldeak. Suitzak hobeto ekin zion bigarren zatiari, eta zenbaitetan estu hartu zuen Brasil. Aukera garbienak, ordea, Titeren taldeak izan zituen. 63. minutuan kontraeraso batean Viniciusek ez zuen huts egin atezainaren aurkako buruz burukoan, baina VARak gola bertan behera utzi zuen, Richarlison jokoz kanpo zegoelako.
83. minutuan ireki zuen markagailua Brasilek Real Madrileko hiru jokalariek egindako jokaldi paregabean. Viniciusek hegalean jaso zuen baloia, Rodrigori pasea eman zion, eta hark lehen ukituan Casemirori pasatu zion. Casemirok baloia jaso, eta jaurtiketa indartsu batean bitartez sarera bota zuen baloia, 1-0. Hala amaitu zen neurketa.
G multzoko beste partida Kamerunek eta Serbiak jokatu zuten, eta hiruna berdindu zuten. Brasil sailkatuta dago jadanik; Suitzak hiru puntu ditu, eta Kamerunek eta Serbiak bat. Suitzak Serbia mendean hartzen badu, ziurtatuta edukiko luke sailkatzea. Kamerunek edukiko luke zailena, Brasil garaitu behar duelako aukerak eduki nahi baditu. Andre Onana Kamerungo atezainak selekzioa utzi du, «arrazoi diziplinarioengatik», selekzioak jakinarazi duenez.
Protesta ekintza zelaian
H multzoko bi partidak atzo jokatu ziren: Portugalek Uruguai mendean hartu zuen (2-0), eta final-zortzirenetara pasatu zen. Lehen zatiak gutxirako eman zuen. Portugalek baloia izan zuen arren, aukerarik garbiena Uruguaik eduki zuen. Bentancourrek zelai erditik baloiarekin arearaino gidatu zuen, eta bi aurkariei iskin egin ondotik, Diogo Costak geldiketa egin zion.
54. minutuan eskuratu zuen Portugalek gola, Bruno Fernandesek egindako erdiraketa bat zuzenean joan zen sareetara. Uruguaik partida irauli nahian, hiru saialdi kateatu zituzten. Maxi Gomezek izan zuen lehena, Suarezek bigarrena, eta Arrascaetak hirugarrena Fede Valverdek gidatutako kontraeraso baten ostean. Luzapenean, ordea, Portugalek aldea handitu zuen. Bruno Fernandesek penaltiz sartu zuen bigarren gola, epaileak VARean berrikusi ostean.
Neurketa horretan gizon batek jauzi egin zuen zelaira. Eskuan, LGTBI kolektiboaren aldeko ostadar bandera zeraman, eta soinean, Ukrainaren eta Irango emakumezkoen aldeko mezua: «Save Ukraine» (salbatu Ukraina) eta «Respect for the iranian woman» (errespetua Irango emakumearentzat). Estadioko segurtasun langileek berehala atzeman zuten, eta barrura sartu zuten.
Multzoko beste partidan Ghanak mendean hartu zuen Hego Korea: 2-3. Horrela, Portugal sailkatuta dago, Ghanak hiru puntu ditu, eta Uruguaik eta Hego Koreak bat. Uruguairen eta Ghanaren arteko neurketa erabakigarria izango da multzoen fasea nork gaindituko duen erabakitzeko.
Qatarko Munduko Kopa
Distirarik gabe, aurrera
Brasil eta Portugal Qatarko Munduko Kopako final-zortzirenetarako sailkatu dira. Brasildarrek Suitza hartu dute mendean (1-0), eta portugaldarrek, Uruguai (2-0).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu