Eurokopa

Distirarik ez, baina Ingalaterra finalerdietan da

Penaltietan garaitu du Ingalaterrak Suitza. Herbehereek 2-1 garaitu dute Turkia, eta Ingalaterraren aurka arituko dira finalerako txartela eskuratzeko.

Ingalaterrako jokalariak, Bukayo Sakaren gola ospatzen. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Ingalaterrako jokalariak, Bukayo Sakaren gola ospatzen. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
inaut matauko rada
2024ko uztailaren 6a
20:55
Entzun

Penaltietara iritsi behar izan du Ingalaterrak Eurokopa honetako finalerdietara heltzeko. Aukera handirik gabeko partida izan da, Suitzak lehen gola sartu duen arte. Kolpe horren aurrean, baina, azkar berpiztu da Gareth Southgateren taldea, eta handik bost minutura berdindu du. Luzapenera joan da partida, eta ezer gutxi jazo da. Penaltien txandan, Ingalaterrak bost penaltiak sartu ditu Yann Sommerren atean, eta Suitzako Manuel Akanji izan da huts egin duen bakarra. Txapelketa hasi aurretik, faboritoetako bat zen Ingalaterra, baina taldeak duen talenturako, ez du batere ondo jokatu aste hauetan. Hala ere, azken Eurokopan egin moduan, finalerdietan da.

Ingalaterra hasi da partida kontrolpean hartzen, baina ez dio min handiegirik egin Suitzari. Pase askoko jokaldirik osatuenak haiek egin dituzte, baina Suitzak ere izan ditu bere aukerak lehen minutuetan. Batez ere hegaletatik egin dituzte erasoko saiakera gehienak Ingalaterrak eta Suitzak, baina bi defentsak sendo aritu dira, eta bi atezainek, Sommerrek eta Jordan Pickfordek, ez dute ia lanik izan. Defentsek oso kontrolpean izan dituzte aurrelariak, eta erraz saihestu dituzte erasoak.

Suitzari minik handiena egiten saiatu diren jokalariak Jude Bellingham eta Bukayo Saka izan dira, baina haien paseek ez dute lortu arrisku handiko jokaldirik sortzerik. Bi taldeek lehen zatian egin dituzten jaurtiketa guztiak askogatik joan dira kanpora, edo defentsek alboratu dituzte. Ingalaterrak proposatu du jokoa, baina Suitzak ere ez du horretarako asmorik izan: atzean itxaron du, eta ez diote minik egin. Baloia eskuratzean, bestalde, kontraeraso azkarrekin min egiten saiatu da, emaitza handirik gabe.

Lehen 45 minutuetan indarrak gordeta, bazirudien bi taldeak gola egiteko eta husteko asmoarekin aterako zirela, baina ez da horrela izan. Bigarren zatiko lehen minutuak lehenaren jarraipena izan dira: Ingalaterraren kontrol saiakera, eta Suitza atzean itxaroten. Aukerarik garbiena 56. minutuan iritsi da, Suitzaren eskutik: erdiraketa bat errematatu du Breel Embolok, defentsak garaituta, baina Pickfordek ez du arazorik izan jaurtiketa geratzeko. Ondorengo minutuak ere aukera handirik gabekoak izan dira, harik eta partida amaitzeko hamasei minutu falta izan diren arte: Suitzak jokaldi on bat egin du, eta, Dan Ndoyeren erdiraketa bat Ingalaterrako defentsak ukitu ostean, Embolok baloia sareratu du.

Sakaren erantzuna

Gutxi iraun dio, baina, poztasunak Suitzari, Sakak berak asmatutako jokaldi batean gola egin baitu Ingalaterrak handik bost minutura. Declan Ricerengandik jaso du baloia Arsenaleko hegalariak, eta, lekua zuela ikusita, albotik erdialdera sartu, eta area kanpotik jaurtiketa eginda sareratu du baloia. Hortik aurrera, biziago jokatu dute luzapena saihesteko, baina ez dute lortu, 90 minutuak berdinduta amaitu baitituzte.

Luzapena lehengo zatiaren antzekoa izan da: ez da aukera handirik egon, eta, kontuan hartuta jokalariak nekatuta zeudela, ez dute askorik arriskatu. Xherdan Shaqiriren aukera izan da onena, zelairatu eta gutxira langara bota baitu baloia. Hala iritsi dira penaltietara.

Ingalaterra hasi da jaurtitzen, eta Cole Palmerrek baloia sareratu du. Akanji izan da Suitzaren lehen penaltia jaurtitzeko hautatua, baina indarrik gabe eta nahiko erdira botata, Pickfordek ez du zailtasunik izan baloia geratzeko. Ondorengo penalti guztiak sartu dituzte biek, baina Akanjiren akatsak kanpoan utzi du Suitza; Ingalaterra garaitu izan balu, txapelketa handi bateko finalerdietan lehen aldiz arituko zen.

Herbehereek ere aurrera

Turkiaren aurka 2-1 irabazita, Herbehereak dira finalerdiak osatu dituzten azken taldea. Frantziak eta Espainiak jokatuko dute partida bat, eta bestea Ingalaterrak eta Herbehereek. Turkiaren eta Herbehereen arteko partidak ez du zerikusirik izan Suitzak eta Ingalaterrak jokatu dutenarekin. Irabaztera atera dira biak, eta ikuslea aulkira pegatuta mantentzen duten horietako norgehiagoka izan da; zaleak erakartzen dituenetakoa. Lehen zatian Turkiak izan ditu aukera gehien, eta Samet Akaydinen eskutik etorri da Turkiaren gola, 35. minutuan.

Atsedenaldira irabazten joan da Turkia, eta bigarren zatiaren hasieran ere ez die arazo handirik sortu Herbehereek. Joan etorriko partida bat izan da, baina 70. minutuan Memphis Depayk erdiraketa bikain bat egin du, Stefan de Vrijen burura guztiz zuzendua, eta ederki sareratu du defentsak. Handik gutxira etorri da Herbehereen bigarren gola, 76. minutuan, Denzel Dumfriesen erdiraketa bat bere atean sartu baitu Mert Muldurrek. Handik aurrerako minutuak zirraragarriak izan dira: Turkia etengabe aritu da erasotzen, baina herbehereetarrak ez dira kikildu, eta ondo defenditzeaz gain, aurrera ere egin dute. Cody Gakpo herbehereetarrak aukera bikaina izan du, baina Mert Gunok atezainak bikain atera du baloia.

Turkiak arrisku handiko beste bi eraso egin ditu, eta horietako bat ozta-ozta atera du Bart Verbruggen atezainak, 91. minutuan; bere taldekideak geldiketa zoriontzera hurbildu dira beregana. Azken minutuetan, faltak eta denbora galtzeak direla medio, berotu egin da giroa, eta epaileak hainbat txartel hori eta gorri bat atera dizkie Turkiako aulkiko hainbati, izan jokalariak edo taldeko langileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.