Bi bikoteen erritmo ezberdina izan da aldagairik erabakigarriena Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak garaipena lortzeko. Unai Laso eta Martxel Iztueta izan dituzte aurrean: lehena ezker eskuko lesio batetik itzuli berri da, eta bigarrena estreinakoz aritu da Binakako Txapelketa bateko finalerdietan. 22-14 irabazi dute gorriz jantzitako pilotariek, joko itzelik erakutsi gabe, baina urrats handia egin dute final handia jokatzeko.
Pilotarien hutsek markatu dute partidaren hasiera, eta ez horrenbeste jokaldi onek. Laurei kosta egin zaie partidan sartzea, eta lehen zatian ez da inor asko nagusitu. Gorrientzat izan da lehena, Artolak ederki itsatsi baitu pilota zabalean, baina handik aurrera hutsak bata bestearen atzetik joan dira. Berehala hasi dira gorriak Iztueta gaztea estutzen, jakin baitzekiten esperientzia gutxiko pilotaria dela oraindik, eta ez zaie gaizki atera, haren huts batekin iritsi baita 2-0ekoa. Hurrengoa, baina, atzelari gorriak egin du huts, baina hurrengo biak berriro gorrientzat izan dira, atzelari tolosarrak gora bota baititu bi pilota. Hala ere, Mariezkurrenak ez du partida hasiera onena izan, berriro egin baitu huts: 4-2.
Pilota aldatu dute orduan urdinek, eta, lehena gorriek egin badute ere, lasaiago aritu da Iztueta, eta, gorrien estrategia ikusita, Lasok asko egin du atzera laguntzeko; zazpiko marratik ere erantzun dio pilotaren bati. 5-4 jarri du markagailua Lasok, ezker gantxoz. Ondoren, baina, tarte ona izan dute gorriek, eta, 6-1eko partzialarekin, 11-5 jarri dira markagailuan. Azken tanto hori Lasok egin du huts, eta atsekabetuta oihu egin du, madarikatzen ari balitz bezala.
Partida joaten ari zitzaiola ikusi du Lasok, baina frustrazio hori ezin hobeto baliatu du tantoak egiteko: lau eta erdiko txapelduna dela ederki erakutsi du. Izugarrizko lau tanto egin ditu jarraian, bi ezker gantxoz eta beste bi pilota txokoan goxo utzita, eta gorriek atsedena eskatu dute sasoia berreskuratzeko. Ondo itzuli beharra zuten, baina ustekabean harrapatu du Lasok Mariezkurrena sakez, bi aldiz jarraian: lehena zabalean, eta bestea motzean sakatuta. Sei tantoren aldea berak bakarrik berdindu du Lasok, Iztuetak ia parte hartu behar izan gabe. Hurrengo tantoa ere motza izan da, Mariezkurrenak berriro egin baitu huts: 11-12, 7-0eko partziala urdinentzat. Atsedena eskatu dute berriro gorriek partidari buelta eman ahal izateko.
Markagailuari buelta
Atsedenetik bueltan, Lasok ez du lortu lehen bezain ondo aritzea, eta erraz egin dute gorriek garaipenerako bidea. Lehena huts egin du, baina hurrena ez: tanto oso aldrebesa izan da, zorabiatu egiten duten horietakoa, baina Lasok goxo-goxo utzi du pilota bat txokoan, iristeko ezinezkoa gorrientzat, 12-13koa jarriz markagailuan. Segituan berdindu dute partida, baina, Iztuetak gora bota baitu pilota. Hurrengo bi tantoak ere gorrientzat izan dira, loria handirik gabe horiek ere: 15-13.
Lasok gerturatzeko aukera bikaina izan du, erraz baitzuen txokoan utzita tantoa egiteko, gorriak harrapatuta baitzeuden, baina txapa ukitu du pilotak. Lau tanto jarraian galduta, atseden bizkorra eskatu dute urdinek. Bueltan, antzera ari zen Laso, erraz baitzuen tantoa egiteko, baina berriro txaparen azpitik bota du, eta 17-13 aurreratu dira gorriak. Lasoren antzera geratu da hurrengo tantoan Artola, baina alegiarrak ez du huts egin: pilota txokoan utzi eta 18-13koa jarri du atsedenaldiaren aurretik.
Itzulerako tantoa luzea izan da; Artolak egin du, ezker gantxo eder batekin. Ezinezkoa zuen Lasok pilota horretara iristea. Laso izan da gero ezker gantxoz tantoa egiten saiatu dena, baina berriro bota du txaparen azpitik, eta gorriak hogei tantora iritsi dira. Hurrengo tantoan, Laso behin baino gehiagotan saiatu da aurrean tantoa egiten, bai txokoan eta bai zabalean, baina Artolak bikain eraman ditu denak; horietako batean, atzera botatzea erabaki du Lasok, eta Mariezkurrena ez da iritsi: 20-14. Lasok beste aukera eder bat izan du gorriei gerturatzeko, baina normalean huts egiten ez duen pilotakada bat huts egin du, bat eta erdiko marratik ezker gantxoa gaizki jota.
Hurrengoa partidako azken tantoa izan da: Artolak lirain amaitu nahi zuen partida ezker gantxo bikain batekin, baina Lasok jaso egin du. Beste aukera bat izan du alegiarrak, eta ez du huts egin: ezker gantxo batekin pilota zabalera bidali beharrean, erdira bota du, eta urdinak ezustean harrapatu. Partida amaitzean, Mariezkurrenak esan du oso ondo ikusi duela bere burua partidan, eta arratsalde «biribila» izan dela nabarmendu du. Esan du ia inoiz ez dela hala sentitu kantxan.