Tony Parker, Nico Batum, Sergio Llull, Nicola Mirotic, Nemanja Bjelica, Milos Teodosic, Giannis Antetokunmpo, Andrea Bargnani, Alessandro Gentile, Ante Tomic, Omer Kasic...Atsedenagatik edo min hartuta egoteagatik, izar asko faltako dira irailaren 17ra bitarte jokatuko den Europako Saskibaloi Txapelketan. Azken egunetan, zerrenda hori luzatu egin da. Hala,aztergai egon da datorren txapelketa dataz aldatzeko aukera. Askok uste dute ekaina litzatekeela garairik egokiena. Izan ere, NBAn jokatzen duten jokalariek traba gutxiago izango lituzkete txapelketa jokatzeko. Baina hori datorren aldirako izango da. Oraingoa gaur hasiko da.
Ohi bezala, 24 selekziok jardungo dute nor baino nor gehiago. Baina txapelketak badu berezitasunik.Turkiak antolatu arren, multzokako fasea lau herrialdetan jokatuko da: Turkian bertan, Errumanian, Israelen eta Finlandian. Final-zortzirenetatik aurrera, neurketak Turkian izango dira.
Hutsuneak izan arren,txapelketan parte hartuko duten izarren zerrenda ere esanguratsua da: Pau Gasol, Nando de Colo, Nicola Vucevic, Kostas Papanikolau, Adam Hanga,Tomas Satoransky, Bogdan Bogdanovic.... Garaipeneneta dominen zakua handitzen jarraitu nahi dute guztiek.
Baina izar berrien sorleku ere izango da lehiaketa. Horien artean, izen bat nabarmendu behar da: Luka Doncic esloveniarra. Real Madrileko jokalari hori, 18 urte besterik ez duen arren, bere selekzioko lemazaina izango da. Lau postutan jokatzeko gai da, eta guztietan aritu ohi da ondo.
Beste hiru izen ere badaude guztien ahotan. Doncicek baino bi urte gehiago ditu, adibidez, Finlandiako Lauri Markkanenek. Hegal pibot moduan jokatzen du, eta jaurtitzaile fina da. Defentsan eta errebotean zailtzea falta zaio. Orain arte, Arizonako Unibertsitatean jokatu du. Baina datorren sasoian Chicago Bullsen ariko da.
NBArako urratsa egin du Cedi Osman turkiarrak ere: Clevelandek fitxatu du. Geldikako jaurtiketa ona du, eta asko laguntzen dio taldeari bai defentsan, bai errebotean.
2,21 neurtzen duenez, uztaipean nagusi izan ohi da Kristaps Porzingis letoniarra. Gainera, jokalari garaietan ohikoa ez den arren, oso erraz mugitzen da. Txapelak jartzen abila da. New York Knicksen daramatzan bi sasoietan jaurtiketa hobetu du.
Faboritoei dagokienez, hiru selekzio ageri dira besteen gainetik: Espainia, Frantzia eta Serbia. Lehen bi selekzioak aurreko Europako Txapelketako finalistak izan ziren. Frantziarentzat kolpea izan zen etxean finala galtzea. Aditu askoren arabera, azken txapelketetako talderik ahulena du, Parker, Battun eta Rody Gobert falta baititu. Baina Edwin Jackson, Kevin Seraphin eta, batez ere, De Coloren izenak entzunda, inor gutxik jar dezake zalantzan Frantzia faborito dela. Vincent Collet hautatzaileak, dena den, joko moldea egokitu beharko du, fisikoki ez baitira horren indartsuak. 6,25 metroko arrastotik apurtu beharko ditu neurketak.
Azken lau txapelketetatik hiru irabazi ditu Espaniak. Horretan erabakigarria izan zen Sergio Llullen, Felipe Reyesen eta Rudy Fernandezen ekarpena. Llull, ordea, min hartuta dago, etaFernandezek eta Reyesek uko egin diote txapelketari, atseden hartzeko. Han izango dira, ordea, Gasol anaiak, Juan Carlos Navarro, Sergio Rodriguez eta Ricky Rubio, besteak beste. Gasol anaiekin, barruko joko indartsua ziurtatua du. Scariolo pixkanaka ari da belaunaldi aldaketa egiten, eta Alex Abrines, Guillem Vives eta Pierre Oriola eta Hernangomez anaiak sartu ditu deialdian. Hala, biziagoa izango da Espainiarenjokoa.
Serbiak berez du izaera lehiakorra, eta are gehiago Sasha Djorjevic aulkian egonda. Horri, gainera, balkanetako jokalariek izan ohi duten eskumutur fina gehitu behar zaio. Osagai horiek izango ditu Serbiaren jokoak. Horren adierazle da selekzioko izarra: Bogdanovic. Fenerbahcen denboraldi aparta egin du —Euroligan 14,6 puntu sartu zituen batez beste—, eta sasoi betean dago.
Lituaniaren, Greziaren, Italiaren eta Turkiaren lehiakortasunak eta Esloveniaren gaztetasunak ere emango dute zeresana. Selekzio horiek ere podiumerako borrokan egongo dira. Alemania eta Polonia ahaztu gabe.
Distira ez da faltako
Gaur hasiko da Europako Saskibaloi Txapelketa. Espainia, Frantzia eta Serbia dira faborito. Parker, Antetokunmpo, Teodosic eta Llull ez dira arituko; De Colo, Gasol eta Bogdanovic, ordea, bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu