PALA

Distira egin nahi dute

Roman Maldonadok eta Iker Gordonek Esteban Gaubekaren eta Ibai Perezen aurka jokatuko dute Sopela Pro Pala Txapelketa berriaren finala, astelehenean.

Roman Maldonado, pilota jotzen Sopela Pro txapelketako ligaxkako jardunaldian. INNPALA
Roman Maldonado, pilota jotzen Sopela Pro txapelketako ligaxkako jardunaldian. INNPALA
pettan uralde
2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Urteko pala torneorik garrantzitsuena bilakatu da bat-batean Sopela Pro txapelketa, sekulako arrakasta izan baitu telebistan eta kantxan. Koadroko zortzi palista onenek hasi zuten txapelketa, baina lau besterik ez dira geratzen. Roman Maldonado eta Iker Gordon batetik, eta Esteban Gaubeka eta Ibai Perez, bestetik; bi bikote horiek jokatuko dute finala, astelehenean (19:30). «Garaipen gosez» daudela berretsi dute.

Lehia oso estua eta gogorra izan da, baina palistak oso pozik daude txapelketa berriak piztu duen arretarekin. Gordonek (Sopela, Bizkaia, 1990) ez du gehiago itxaron nahi finala jokatzeko. «Txapelketa osoan ongi aritu naiz, gero eta hobeto. Romanekin ez nuen inoiz jokatu, eta ongi moldatu gara bikote moduan. Finalean gure onena ematen saiatuko gara».

Aurrean Gaubeka beteranoa izango du (Armintza, Bizkaia, 1977). Ilusioz beterik dago. «Azken garaipenarekin, gora egin dugu. Ez ginen oso ondo hasi, baina segurtasun handiarekin amaitu genuen, eta sentipen on horiek asko lagunduko digute finalerako. Fisikoki bikain nago, eta nire onena eman nahi dut astelehenean».

«Gure lana egitera aterako gara. Erritmo azkarra jartzen saiatuko gara, indarrez eta ausardiaz»

IKER GORDONInnpalako palista

Maldonado egungo aurrelaririk onena da, baina Gordonek aitortu du harekin aritzeak ez duela ziurtatzen txapelketa bat irabaztea. «Bikote batek oso ondo ulertu behar du elkar, eta asko nabaritzen da horrelako txapelketa batean zein bikote den hasiberria eta zein ez. Zorionez, partida asko batera jokatu duten bikote bat bezala aritu gara, eta uste dut horregatik iritsi garela finalera». Aurkariek, ordea, dozenaka partida jokatu dituzte batera, eta hori nabaritu egiten dela berretsi du Gaubekak. «Denbora asko daramagu elkarrekin jokatzen, eta bikain ulertzen dugu elkar. Sekulako segurtasuna ematen dit Ibairekin aritzeak. Ahal dudan gehien laguntzen saiatu behar dut».

Batak eta besteak oso argi daukate zer egin behar duten txapela irabazteko. «Badakigu zertan jokatzen dugun, eta gure lana egitera aterako gara finalean. Erritmo azkarra jartzen saiatuko gara, indarrez eta ausardiaz. Beste aldean, oso gutxi oparitzen duen bikote bat izango dugu; partida gogorra espero dut», adierazi du Gordonek.

Beste bikoteak ere hasieratik ezarriko du bere jokamoldea, Gaubekaren esanetan. «Pilota bere tokian jartzen saiatu beharko dugu hasieratik, eta aurrean ahalik eta opari gutxien egin. Lehenengo jokoa irabaztea garrantzitsua izango da, baina, batez ere, ondo sentitzea hasieratik».

Partida fisikoa

Lehen jardunaldian elkarren aurka aritu ziren, eta Maldonadok eta Gordonek irabazi zuten, lehia oso estuan: 3-2 (5-10, 10-6, 9-10, 10-4 eta 5-3). Gordonek, ordea, finala desberdina izango dela esan du. «Gauzak zail jarriko dizkigute, eta ezin izango dugu geure estiloa galdu. Lanaren bitartez izango dugu irabazteko aukera, eta fisikoki prest egon beharko dugu partida guztian dena emateko». Gaubekak, berriz, argi dauka erritmo bizian arituko direla aurkariak, eta prest egon beharko dutela. «Haiek baino zaharragoak gara, eta fisikoki oso azkar ikusten ditut. Tantoa ahalik eta azkarren amaitzen saiatu beharko dugu, eta horretan pisu handia nik izango dut».

«Etxetik gertu dago, eta jende asko etorriko zait ikustera. Gauza handia litzateke lehen txapela eskuratzea»

ESTEBAN GAUBEKAInnpalako palisa

Txapelketa oso berezia izaten ari da Gordonentzat, eta etxean jokatzeak ilusio berezia egiten diola onartu du sopeloztarrak. «Uste dut Mungiako txapelketarekin batera Sopelakoa bilakatuko dela txapelketarik onena. ETB1ek astelehenero eman ditu partidak, eta frontoia lepo bete da partida guztietan. Etxean aritzeak sekulako ilusioa egiten dit, eta txapela irabazteak oraindik ere gehiago».

Armintzako aurrelariak ere garrantzi handia eman dio txapelketa berriari, eta astelehenean garaipena eskuratzea besterik ez dauka buruan. «Txapelketa oso garrantzitsua da, eta sarrera guztiak oso goiz saldu dira. Etxetik gertu dago, eta jende asko etorriko zait ikustera. Gauza handia litzateke lehen txapela eskuratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.