Jose Luis Korta. Kaikuko entrenatzailea

«Dirua erabiltzen dutenek izorratu dute arrauna»

Inork baino garaipen gehiago dauzka Jose Luis Kortak Kontxako Banderan: hamasei. Aurten aukerarik ez omen du, baina ez ote da ariko ardiaren larrua jantzita hizketan? Kortarena arrauneko beste gai batzuk jorratzeko jantzi du.

AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
<i>Castro Urdiales</i>
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Zintzo asko dago zain Castro Urdialesko sarreran (Espainia), esandako lekuan. Askotan jotzen dio telefonoak: «Denekin hitz egiten dut eta», esan du Jose Luis Kortak. Entzuten ere badakiela erakutsi du, eta solasaldi jatorra izan du BERRIArekin. Hasi, Kontxako Banderarekin hasi da jarduna, eta arraunaren mamiari heldu dio bide horretan. Gero azaldu dira beste gai batzuk solasaldian, ez hain gozoak. Ohi duen bezala, garbi mintzatu da.

Zergatik ez du Kaikuk aukerarik Kontxa irabazteko?

Talde berria daukat, arraunlari bat hangoa, bestea hemengoa, eta, esaten dudan bezala, Nazio Batuen Erakundea ematen dugu [barrezka]. Azkeneko unean batetik eta bestetik lapurreta eginez osatu genuen taldea, eta uste baino hobea atera zaigu urtea. Ez dago gehiago eskatzerik taldeari. Bakarra bagenu aurretik, baina hiru taldek batera huts egitea zaila da; gure arriskua atzetik dago, laugarren lekuari eusteko. Ba al dakizu zer gertatzen den? Ohitu egin gara uda osoan hiru handien atzetik ibiltzen. Irteera jo orduko azkar asko alde egiten dute, ez dira gure zain egoten, eta berriz ere azkar ibiliko dira. Ahalik eta azkarren ibiltzen saiatuko gara, eta ea lehengo igandean bezala asmatzen dugun berriz.

Zertan asmatu zenuten?

Arraunak luzatu, pala txikitu... hor ibili nintzen larunbatean. Igandeko beroketan antzeman nion traineruari erritmo biziagoan genbiltzala. Trainerua goraka doa gurea, neguan egin gabekoa udan landu eta gero. Fresko ez gaude, baina ari gara blokea egiten. Txispa handirik ez daukagu, oinarria udan landu behar izan dugulako, estropadetan; neguan taldea osatu ezinda ibili ginen entrenatzeko. Kezka neukan Kontxan sartuko ote ginen ere, baina, behin hori lortuta, denboraldia salbatu dugu. Kontxan Kaikuk egindako denbora azkarrena egin genuen igandean, eta pozik egotekoa da. Izan ditut talde hobeak Kaikun, 2009an eta 2010ean, baina tokatu ez aurreko jaiko giroa.

Non jartzen duzu markaren muga?

Orion egindako azkeneko urteetan esaten nuen 18.40 egin zitekeela Kontxan. 1996an eta 1997an zen. Giro ona behar da, eta olatu pixka bat, kanpora eta barrura hartzeko modukoa, baina parean ez tokatzea halakorik. Lehengo igandean bezain giro hoberik ez dut Kontxan ikusi 40 urtean; akaso, San Pedrok errekorra jarri izan zuenean [19.23koa egin zuen 1993an]. Uhartean nengoen haitzen kontra, eta Libia izena traineruan bezain garbi islatzen zen uretan, oso-osorik. Gogoan daukat irudi hura, eta ederki azaltzen du nola zegoen itsasoa, bare-bare. Hala ere, baga pixka bat behar du, eta lehen igandean haize pixka bat gehiago izan bazen bigarren txandan, hamar segundo hobea izango zen marka.

Etziko ez dago barealdirik. Zein kale nahi duzu?

Laugarrena edo hirugarrena, mendebala emanda dagoelako. Ura behera doa, baga handia egongo da. Itsasoa itsasoa da, eta Donostian are gehiago.

Halako partearekin zenbateko balioa dauka Urdaibairen lau segundoren aldeak?

Nik beti nahiago aurretik izatea, nahiz eta aldea txikia izan. Jarri irteeran traineru bat lau segundo eta erdi aurretik, eta hor aldea.

Olatu giroarekin ez al dira hobeto moldatu aurten Hondarribia eta Orio?

Bermeok ere egin ditu estropada handiak aurten itsaso mugituarekin. Orio ez nuke baztertuko iganderako. Ikaragarri ondo ikusi dut arraunean itsasoan, luze eta lasai. Lehen igandean, burua jan geniola uste dut, ez baitzuen espero gu hain gertu ibiltzea, eta are gutxiago ziabogan zazpi segundo aurretik zenean.

Lehen txandakoek aukera al dute bandera irabazteko

Ez dago aldaketa handirik iragarrita txandatik txandara, nahiz eta haizeak pixka bat gora egitea nahikoa izan ezustekoa egoteko. Ura ere behera emanda, zaila. Inor ezin da baztertu, baina urte osoan mantsoago ibili diren taldeak ia minutua hobetu beharko lukete.

Igandeko itsasoak ez du aukera ematen horretarako?

Eman dezake, une txiki batean sekulako aldeak gerta daitezkeelako. 2005ean ekarri zuen aldaketa latza, baina ordu erdi batez irteeran zain eduki gintuztelako. Baten batek bazekien zerbait, denboralea zetorrela. Donostiako estropadan sekulako iruzurrak gertatzen dira, gehienak bertan, eta ez ditugu azken urteetako kontuak aipatuko.

Tentaziorik ez duzu igandean patroi ateratzeko?

Ezta batere. Lapur horiekin ez dut fitxarik egin nahi, ez Donostian, ezta TKEn ere [Traineru Kluben Elkartea], dopinaren auzian beste aldera begiratu dutelako. Askoz ere errazagoa da Kortari egurra ematea eta lapurren alde egotea. Ulertzen dut hori, bat ari delako munduaren kontra. Arrazoia hartu nuen epaitegietatik Estrobo auzian: ekarri egin zituzten produktu debekatuak, eta ez bazituzten itzuli, seinalea baten batek hartu egin zituela, ezta?

Zuregatik ere esaten da ibilia zarela horrelako produktuekin.

Zer esango dute, bada! Erraza da esaten, baina froga dezatela, nik egin dudan bezala. Eta gehiago ere frogatuko nuen, nahi izatera. Orain ere azkar asko harrapatuko nituzke, taldeetako medikuen atzetik patruilak jarriz gero, baina ez zaie komeni.

Zu Castron patroi zinela, 2001ean, handia gertatu zen bigarren igandean,Oriori bandera irabazi zenioten hartan. Antzeko itsasoa egongo da etzi?

Ikaragarri txarra egin zuen, baina gu sinetsita joan ginen bandera irabaziko genuela, aurreneko igandean Oriok irabazi arren; guk gauza asko egin genituen gaizki lehen egunean. Giro txarra nahi nuen, ni patroi joatea, guk hirugarren kalea genuen, eta Oriok aurrenekoa. Uste dut kanporantz ura hartu zutelako galdu zutela estropada. Barrura ez dago gu bezain azkar etortzerik. Olatu guztiak hartu genituen, eta ez genizkien 40 segundo atera, bigarren luzeko lehen olatua hartu eta minutu erdia atera zigutelako.

Horrelako giroarekin zer da patroi izatea?

Ofizio txar askoa. Trainerua zuzen eramatea eta gogortzea da patroien lana halakoetan, eta hor dago aldea.

Oraingoek ez dute batere antzik lehenagokoekin gorpuzkeran. Zer dela eta?

Lehengo denboraleekin oraingo makina bat traineru trabeska ikusiko genituzkeen, ez du giro txarrik egiten eta! Traineruak ere errazagoak dira eramateko orain: lehenagokoekin oraingo patroien erdiak ez lirateke Santa Klara uhartera ere helduko. Astunak ziren, eta okertzen zailak, baina behin okertuz gero, zeinek zuzendu ontzi haiek! Oraingo patroiak aulki mugikorretako lemazainak dira, trainerua eraman eta ekarri.

Arraunlariak ere sekula baino zimelago daude orain, eta nondik ateratzen dute indarra?

Gasolinarekin. Hori dago orain modan. Entrenatzaile ona baino gehiago mediku ona behar da; horiek ematen dizute hogei segundo azkarrago ibiltzeko aukera.

Ez al dago jardun gehiegi gai honen inguruan?

Marrak errepidean ere badaude, baina zapaldu eta pasatu ere egiten dira. Lehen igandean, mugan ibili bada talderen bat, pasatu egingo du aste honetan. Irabazi beharraren irabazi beharrak ekarri du hau dena, eta, azkenean, kirolaren izaera galdu da.

Kontxaren garrantzia neurriz kanpo jarri al da?

Sekula baino okerrago dago, eta zirkua da orain. Denak Kontxan ematen dutela onena, eta prestakuntza horretara bideratzen dela kontua da. Harrigarriak dira gertatzen diren kontuak. 2010eko hartan, estropada jokatu aurretik salatu genuen guk zer ari zen gertatzen. Zer ez zen atera auzi hartan, eta ez da ezer gertatu. Tiraneko arraunlari batek ere eman zuen positiboa iaz, baina isuna jarri diote taldeari eta aurten ere hemen dira lehian. Hau negozioa da. TKEk gauza bera egin zuen, isuna jarri zion Bermeori, baina berari utzi besteei banderak lapurtzen.

Diruak izorratu du arrauna?

Diruak ez, dirua erabiltzen dutenek.

Zer da zuretzat Kontxa?

Umetan eta gaztetan estropada zen, gertakari handiena. Gero, oso gutxi jokatzen genituen udan, eta garrantzia zeukan. Bizpahiru estropada jokatzen ziren urtean.

Orain gehiegi daude?

Bai. TKErena muntaia hutsa da, negozioa tipo batentzat, eta klubak gero eta okerrago daude diruz. Kantabriakoek hondoa jo dute, eta galiziarrek, laster. Bizkai erdia ere jan du, eta gipuzkoarrak bakarrik geratuko dira TKEn. Dirua ez da joaten arraunlariengana, ezta bisera bat ere. Pintxotan-eta gastatzen dute dirua. Baina errua arraunlariena da. Elkartuko balira... Nik egin nuen elkarte bat, baina alferrik. Zazpi-zortzi urte daramatzat ezer sinatu gabe TKEn, eta klubak faltsifikatzen dit sinadura. Gero isunak jartzen dizkidate, eta zenbat diru lapurtu ote dit TKEk urte hauetan. Legea egiten duenak egiten du tranpa, baina inor ez da ausartzen kontra egiten. Akordatuko dira klubak honekin.

Denborarekin TKE desagertu ala beste itxura bat izango du?

Denbora asko baino lehenago. Gero, beste araudi hori dago, arraunlariena, kanpotarrak, etxekoak eta harrobikoak izan behar dutela dioena. Kantabriako taldeei eta niri lapurreta egiteko asmatu zuten, diru asko genuela eta. Baina beraiek ere hamar kanpotar eduki zituzten taldean, eta orduan asmatu zuten etxekoak izatearen hori. Esan nuen hori ere aldatuko zutela, eta bai aldatu ere: hiru urte klub berean egiten dituen kanpotarra orain etxekoa da. TKE mafia bat da, eta horren alde bozkatzen dutenak, mafiosoak.

Arraunaren etorkizuna nola ikusten duzu, kontuan izanda gero eta talde gehiago arazoekin dabiltzala osatzeko?

Ikusi da TKEko araudia kontua baino ez dela. Begira zer gertatu den Donostiarrarekin uda honetan; nork zaintzen du hori? Inor ez dabil legearen barruan. Ondo zainduz gero, arraunlariren bat egongo da fitxa faltsuarekin. Azeria egon, baina, hau zaintzen: Eugenio Fernandez Aurreko. Gipuzkoarrek agintzen dute TKEn, eta hori ez da bidea.

Baina arraunaren etorkizunaz zer diozu?

TKE ez da arrauna. Aldatu egin behar dira arauak. Adibidez: Zumaia batek ez du izango Hondarribia edo Orio batek duen harrobia, eta zergatik ez zaio uzten kanpoko bat fitxatzen debalde? Handientzat egindako legeak dira, eta txikien kalterako. Itunpeko klubak zer dira? Tranpa egiteko sortuak. Bakarrik doan klubari egundoko kaltea egiten dio bi elkartzeak, apalena izorratzen dutelako. 2001ean, Getariak eta Zumaiak bat atera zuten, eta ni kontra nintzen, baina onartu egin zuten. Nik bakarrik ikusten al ditut halakoak? Ez dira hain inuzenteak, ez pentsa.

Zuk ez al diezu kalte egin hainbat klub txikiri bertako arraunlariak zurekin eramanda?

Zenbat? Ikusiko nuke gustura zeinek ez duen halakorik egin. Ba al da klubik besteren arraunlaririk ez duena? Baldin bada, hitz egin dezala klub horrek. Gehien hitz egiten dutenak harrobiaz, zenbat dituzte harrobi-harrobikoak? Bermeok oso gutxi; Hondarribiak? Kontatuko nituzke gustura; hainbat alboko taldeak ditu eta, Santiagotarrak taldekoak. Txapela kendu behar zaie harrobiarekin egiten ari diren lanagatik, baina lehiatu beraiek gabe lehiatzen dira, harrobiarekin bakarrik ez dagoelako irabazterik.

Noiz arte ibiliko da Korta arraunean?

Lagatzekoa naiz aurten, baina Kaiku goian utzita; behera egingo baluke ni egon gabe ere, nire porrot moduan hartuko nuke. Bi urte hauetan inoiz baino sakrifizio handiagoak egin ditut, trainerua osatu ezinda entrenatzeko.

Beste norabait joko zenuke?

Proiektua ona bada, eta bizpahiru urtean gazteekin lan egiteko aukera izanez gero, zergatik ez joan?

Korta dirua dagoen lekura bakarrik ez al da joaten?

Hori esaten duena ezjakin galanta da! Orio lur azpian zegoenean hara joan nintzen, fitxaketa bakarra eginda, Zarauztik Juan Mari Larrañaga Txiki zena. Gero, Castrora, hura ere lur azpian. Fitxaketak egiten 2003an hasi ginen, baina aurreko urteetan Kontxa irabazi genuen, dirurik ez zenean. Erraz hitz egiten du jendeak. Nork ekarri zituen lehen fitxaketak, errumaniar haiek? Zenbat etxeko dauzka aurten klub horrek? Ondo iruditzen zait bakoitzak ahal duena egiten duelako, baina besteei utzi bakean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.