Futbola. Reala Txapeldunen Ligan

Dirua, boterea eta brasildarrak

Hamaika brasildar daude egun Xakhtar Donetsken, eta Ukrainako ligan laugarren postuan dago taldea.

Donostia
2013ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Rinat Akhmetov Ekialdeko oligarkaren patrikatik barrena atera du burua Xakhtar Donetsk-ek. Ukrainan ez du parekorik, eta Europan bizkor ari da koskak igotzen. Duela lau urte UEFA Kopa irabazi zuen, eta azken urteotan estu hartu ditu Txapeldunen Ligako talde indartsuenak. Etxetik kanpo hobetzea du erronka, lehiakorrago bilakatzeko. Donbass arroako burdingintza eta ikatz gune nagusia da Donetsk, Ukraina ekialdeko hiria. Xakhtar taldeak sorreratik izan zuen lotura estua lurraldeko jarduera ekonomiko garrantzitsuenarekin. 30eko hamarkadan ekin zion, Stakhanovets izenarekin, Alexei Stakhanov meatzari ezagunaren omenez, baina handik urte batzuetara bertako meatzari elkarteak Xakhtar izena hartu zuenean, futbol taldeak ere bere egin zuen izena.

Sustraiak ez ezik, oraingo ibiliaren aztarnak ere beltzak dira, lur azpitik ateratako dirutzak azal dezakeelako taldearen bilakaera. Ukrainako pertsonarik aberatsena Rinat Akhmetov da, eta 1996tik haren patrikak agintzen du klubean. Komunismoaren desagerpenak eta Txina, India nahiz Brasilen agerraldi ekonomikoak gutxi batzuen aberastasuna bultzatu zuen Europako ekialdean, eta gutxi horietako hainbaten handinahikeriak futbolaren hormak zeharkatu zituen. Roman Abramovitx eta Chelsea dira adibiderik ezagunenak. 30 urte bete aurretik, banku baten jabe egin zen Akhmetov, eta bildutako irabaziekin eskualdeko altzairugintza eta eraikuntza ustiatu zituen. Duela gutxi, 222 milioi euro inguru ordaindu zituen Londresko etxebizitza bat erosteko. Hyde Park eta Knigtbridge artean bolada luzeak igaro ohi ditu ondorioz. Bin Jassim Bin Jabr al-Thani Qatarko lehen ministroak ere inguru horretara joan nahi omen zuen bizitzera. Futbola, hala ere, denbora-pasa baino ez da harentzat, negozio gizon horrek Ukrainako egungo presidente Victor Janukovitxen hauteskunde kanpaina finantzatu baitzuen. Dirua eta boterea eskutik helduta.

Donetsk Mafia izeneko liburuan, Sergei Kuzin idazleak dio, 80ko hamardaren erdialdean eta 90eko hasieran antolatutako krimenarekin lotura izan zuela Akhmetovek. Akhat Bragin buru zuen tartaroen klanaren barruan sartu zuen. 1996an Xakhtar taldeko presidentea ere bazen Bragin, eta atentatu batean hil zuten. Orduan heldu zen bere txanda, hezitzaile politiko izan zuena ordezkatzeko hautua egin baitzuen. Kieveko Dinamo indartsuak gobernatzen zuen artean Ukrainan—1992tik 2004ra 11 liga eta zazpi kopa altxa zituen—, baina Akhmetovek denbora eta dirua zeuzkan egoera irauli eta Xakhtar gailurrera eramateko.

Brandao aurrelaria izan zen Donetskera iritsi zen lehen brasildarra, 2002an. Geroztik hogei futbolarik baino gehiagok egin dute aukera berbera. Brandaok maletak egin zituenean, Santosek irabazi zuen Brasilgo Txapelketa, Elanok, Robinhok eta Diegok gidatuta. Hiru horiek handik gutxira eman zuten Europarako jauzia. Elanok Donetsk aldetik jasotako eskaintza onartu zuen. Baita berehala damutu ere. «Ohartu nintzenerako, zero azpitik ia 30 graduko tenperaturak jasan behar izan genituen. Jasangaitza zen, eta Ukrainatik alde egiteko otoi egin nuen behin eta berriz». Kultur talka gainditzeko eta toki bateko beroa eta besteko hotza orekatzeko balio du diru zakuak. Horrez gain, asko eta asko Luiz Felipe Scolari Brasilgo hautatzailearen arreta bereganatzeko grinak bultzatu ditu urrats hori egitera, Europan nabarmenduz gero selekzioarekin jokatzeko aukera handitzen delakoan.

Wellington, Fernando eta Bernard heldu dira sasoi honetan. Azken hori fitxatzeko, 25 milioi euro ordaindu zizkion Atletico Mineirori. Hamaika brasildar daude oraingo multzoan. Eduardo da Silva da zaharrena, Arsenaleko jokalari ohia eta Kroaziako naziotasuna duena. Ilsinhok 27 urte ditu. Luiz Adrianok bat gutxiago, baina beste inork baino denbora gehiago darama Donbass aldean: zazpi. Beste zortzi herrikideek 25 urte baino gutxiago dituzte. Horixe da formula. Proiekzio handiko futbolari ezezagun gazteak merke samar lotzea, pixkanaka egokitu daitezen eta heldutasuna Xakhtarren topa dezaten. Bestela, garesti saltzen dituzte.

William eta Fernandinho

Hurbileko erreferentziak bi dira: William eta Fernandinho erdilariak. Lehenengoa Chelsean ari da. Abramovitxek 35 milioi euro inguru ordaindu behar izan zituen Anzhi Errusiako taldearen baietza lortzeko. Aurreko neguan beste hainbeste egin behar izan zuen Anzhik Xaktharrekin. Williamek 19 urte zituen aurrenekoz Donetskerako hegazkin txartela erosi zuenean. Fernandinho, berriz, 20 urterekin iritsi zen, eta zortzi sasoiren ondoren, Manchester Cityk fitxatu du, ia 40 milioi ordainduta. Henrikh Mkhitarian aurrelariak, aurreko sasoiko golegilerik onenak, Dortmundeko Borussiaren eskaintza onartu zuen.

Kalitatea brasildarren kontua da. Lana eta lehiakortasuna, aldiz, Srna, Txigrinski eta Xevtxuk beteranoenak. Aldaketak egonkortzeko zeregina Mircea Lucesku entrenatzailearena da. Aurki beteko ditu hamar urte Xakhtarreko aulkian, eta Txapeldunen Liga irabazi arteko onik ez dauka —laugarren daude ligan, eta etxetik kanpoko azken bi partidak galdu dituzte—. Akhmetovek meategietan gordetako dirua erabiliko du denbora bizkortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.