Udako lan garrantzitsuena bukatzear du Rafa Pueyok (Bilbo, 1971). Jokalari bakarra falta zaio taldea osatzeko, eta negoziazioak aurreratuak daude Emir Sulejmanovic hegal-pibotarekin. Udan asmatzen duenak helburu erdia lortua du, eta lasai dago eginikoarekin. Gaztelaniaz egin du solasaldia, eta barkamena eskatu du euskaraz ezin erantzuteagatik. «Ulertzen dut; euskaltegian bederatzigarren urratsera iritsi nintzen. Mintzamenean aurrera egitea asko kosta zitzaidan. Berriz ere hartuko dut noizbait».
Taldea osatuta, udako lana bukatu al duzu?
Oraindik fitxaketaren bateko xehetasun txiki bat falta da. Baina bai; esan duzun bezala, taldea ia itxita dago. Orain nire ardura da jokalariak hilaren 19rako hemen egotea, denboraldi-aurrea hasten den egunerako.
Oporrik izan al duzu taldeak igotzea lortu zuenetik?
Egia esan ez, ezin izan dut deskonektatu, baina normala da; garaia da. Azken fitxaketa hori lotzen dugunean, egun gutxi batzuk hartzea da nire asmoa.
Zenbat bideo eta txosten ikusi dituzu azken hilabetetan? Eta zenbat telefono dei egin?
Asko, pila bat. Partidak, ordezkariek bidaltzen dituzten bideoak... Fitxatuko ez dituzula dakizun jokalarien bideoak ere ikusten ditugu, agian beste talde batek fitxatuko dituelako. Eta deiak, berdin; makina bat, eginikoak eta jasotakoak. Ordezkariei deitzen diezu, fitxatu duzun jokalari horren taldekide eta entrenatzaile ohiei... Asmatzea garrantzitsua da.
Gozamenik ba al dago bilaketa prozesu horretan?
Ni zorionekoa naiz gustuko dudan zerbaitetan lan egiten dudalako. Saskibaloia maite dut. Taldea osatzea lan aberasgarria da; jokalariekin, ordezkariarekin hitz egitea... Lan polita da; hau ez da meatzean egotea bezala.
Nolakoa izan da taldea osatzeko prozesua? Arazorik egon da?
Orokorrean ondo joan da, ez dugu traba eta ezezko askorik izan. Dirua badakigu zein den, eta dugun horretara egokitu gara. Horren barruan lehentasunezkoak ziren jokalari batzuk genituen, lotu genituen aurrenekoak: Axel Bouteille, Ondrej Balvin eta Rafa Martinez, eta, oinarri hori izanda, apurka taldea osatuz joan gara. Eta, esan genuen bezala, igoera lortu zuen blokearen zati handi bat mantendu dugu.
Pozik emaitzarekin?
Bai. Uste dut talde lehiakorra eta orekatua osatu dugula. Printzipioz, postu guztiak ondo bete ditugu. Lehiaketak non jartzen gaituen ikusi behar dugu orain.
Alde handia dago LEB talde batetik ACBko batera?
Ez. Aldea da LEBen talde erakargarrietako bat zarela, eta ACBn merkatuko lehia askoz handiagoa dela. Ez bakarrik ACBko beste taldeengatik, baizik eta Europako beste liga handiengatik.
Zabaldu da 800.000 euro dituzuela fitxatzeko. Nolakoa da merkatuan diru gutxirekin mugitzea?
Zure lehentasunak zeintzuk diren zehaztu behar duzu, zein postu indartu nahi dituzun eta zein jokalarirekin. Horiek lortzen badituzu, ahalik eta talde onena egiten saiatu behar duzu, daukazun aurrekontuarekin. Apustuak egin behar dituzu. Jokalari gazteen alde egin dugu, ACBn esperientzia gutxi dutenak... Baina ez dago besterik. Adibidez, iragan sasoian genuen amerikarren bikotea mantendu dugu, ondo ezagutzen ditugun jokalariak direlako.
Lehen aukera asko iritsi dira?
Bai. Guk ezin genuen Stephen Curry fitxatu, baina, gure mugen barruan, etorri diren jokalari asko gure zerrendako aurrenekoak ziren euren postuetan.
Abuztua eta taldea osatuta. Goiz mugitu zarete merkatuan.
Bai, nahita gainera. Iragan sasoiko hainbat jokalari lotuak genituen liga bukatu aurretik. Thomas Schreiner, Ben Lammers eta Ivan Cruzen baiezkoa bagenuen, eta erdi hitzartuta Jaylon Brown. Oinarria bagenuen eta bizkor mugitzen saiatu gara, guk nahi genituen jokalariak merkatura gehiegi irten ez zitezen. Beste talde batzuekin lehian sartzean garestitu zitezkeen, eta dena zailagoa litzateke.
Zer bilatu duzue?
Garbi genuen pibot garrantzitsu bat nahi genuela, horregatik saiatu gara Balvinekin [2,16 metro luze da eta 110 kilo]. Eremuan indarra izango duena, eta aurkariek ikus dezatela ez dela erraza izango gure saskiaren inguruan jokatzea. Eta, noski, errebotea dominatzeko asmoz. Gero, kanpoaldean, bagenekien Bouteille kalitate handiko jokalaria dela. Rafa Martinezekin esperientzia nahi dugu. Antolatzaile eskarmentudun bat ere garrantzitsua zen.
Martinezi eskarmentua baina gehiago eskatu behar zaio.
Noski, esperientzia baino gehiago eman behar du; jokalari garrantzitsua da, ligako jaurtitzaile finenetakoa. Puntuak eman behar dizkigu, eta partidetako une beroetan ardura hartu.
Rouseille eta Bouteille, Frantziako ligan bilatu duzue.
Bouteille oso garbi genuen. Rouseilleren kasuan, esperientziak esaten digu antolatzaile frantziarrak ondo aritzen direlaACBn. Puntako saskibaloia da, eta biek dute eskarmentua lehen mailan eta nazioarteko txapelketetan.
Iragan sasoiko bi estatubatuarrek jarraitzen dute, biek.
Oso ondo ezagutzen ditugu; hori da oinarria. Badakigu zer eman dezaketen pistan, eta eguneroko lanean ikusgarriak dira: saiatuak, diziplinatuak... Balio handia eman diogu horri, eta beraiek erakutsi dute kalitate handikoak eta, langileak izateaz gain, irabazleak direla. Haiek igo dira mailaz.
Kulbokak oso itxura ona du.
Espero dugu ondo aritzea, baina oso gaztea da: 21 urte ditu oraindik. Gainera, guk hegal-pibot gisa jokatzeko fitxatu dugu, baina benetan hegaleko bat da. Egokitze prozesu bat beharko du, bai postura eta bai ligara. Baina ACBn maila handia dago. Talentua sobera du: hori argi dut.
Zein Izan da fitxaketarik zailena?
Guztiek izan dute mamia. Argi dago Balvin jokalari garrantzitsua zela, eta ziur nago hain bizkor mugitu izan ez bagina gero eskaintza gehiago izango zituela.
ACBn esperientzia duten jokalari gutxi dituzue.
Argi dago esperientzia falta dugula ACBn, baina ACBtik haratago ere badago saskibaloia. ACBn eskarmentudun zenbat eta jokalari gehiago izan, hobe; baina ez da erraza, horiek prezioa dutelako.
Zerbaitek arduratzen al zaitu?
Aurkariek arduratzen naute, gehienak onak direlako. Talde ona egin dugu, baina ACBko maila oso ona da. Espero dut taldearen, eguneroko lanaren eta Miribillaren artean helburua lortzea.
Helburua mailari eustea da?
Bai, noski, eta ez da gutxi. Umiltasunez onartu behar dugu sufritzea egokitu daitekeela. Eta gero, ahal bada, gora begiratu.
Rafa Pueyo. Bilbo Basketen kirol zuzendaria
«Diru gutxi baduzu, ondo zehaztu behar dituzu lehentasunak»
ACBra igo zen taldea berak diseinatu zuen, eta orain mailari eustea helburu izango duena zizelkatu du. Begiz joak zituzten jokalariak lotu dituzte, eta pozik dago: «Merkatuan goiz mugitzea izan da gakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu