Diru arazoak direla eta, UNB Iruñeko saskibaloi taldea desegin da

Klubeko ordezkariek amaitutzat eman dute sei urteko bidea, horietatik hiru maila nagusian jokatzen

Julen Etxeberria.
2013ko uztailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astebetean bigarren kolpea jaso du Nafarroako kirolak. Joan zen astean Itxako Lizarrako eskubaloi taldea izan zen maila nagusian aritzeari uko egin ziona. Orain, ordea, UNB saskibaloi taldea da zoritxarreko albiste iturri. Iruñeko klubeko ordezkariek bukatutzat eman dute proiektua. Arrazoia? Diru falta, nola ez.

UNBko ordezkariek ezin izan dute babeslerik topatu —Obenasak babesle izateari utzi zion—, eta erakundeetatik ere laguntza gutxi izan dute. Izan ere, ez Nafarroako Gobernuak ez Iruñeko Udalak ez die ziurtatu datorren sasoian diru laguntzarik jasoko duten. Gainera, jasota ere, zail izango luke UNBk aurrera jarraitzea, diru laguntzak heren bat jaistea erabaki baitu Nafarroako Gobernuak. Horrelako panoramarekin, UNBko ordezkariek proiektua bertan behera uztea beste erremediorik ez dute izan. Ez dute aurreko sasoiko «esperientzia txarra» berriro bizi nahi. «Arduragabekeria litzateke», diote.

Penaz daude, baina egindakoaz harro. «Sei urte izan dira, ilusioz lanean aritu garen sei urte. Kirol lorpenez haratago, Nafarroako klub eta ikastetxe ia guztian batu ditugu emakumezkoen saskibaloiaren inguruan. Eta horrek meritu handia du. Baina, horren guztiaren gainetik, gure kirola sustatu dugu Nafarroa osoan, eta gure kirolaren balioak helarazi: berdintasuna eta errespetua. Horregatik, oso harro gaude egindako lanaz».

Deia erakundeei

UNBko ordezkariek uste dute euren «amaierak» balio dezakeela beste proiektu batzuk «aurrera egin» dezaten. Hori bai, argi dute erakundeek «hausnartu» egin behar dutela eta diru laguntzak emateko sistema, baldintzak eta epeak berriro pentsatu behar direla, haiei gertatutakoa berriro gerta ez dadin.

UNBk sei urteko bidea egin du, horietatik hiru maila nagusian, Espainiako Ohorezko Mailan. Azkeneko denboraldian lan bikaina egin zuen Iruñeko taldeak, finalerdietarako sailkatzear egon baitzen. Zoritxarrez, hori historia da jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.