Domina olinpikoa: horixe zen Lucas Egibarri bere garaipen zerrendan falta zitzaion domina. Bazuen itxaropena Pekingo Jokoetan lortzeko. Baina ezinezkoa izan da. Diploma olinpikoarekin konformatu behar izan du donostiarrak. Beste lau urte itxaron beharko du bere ametsa betetzeko. 2018ko Pyeonchangeko Jokoetan bezala, zazpigarren amaitu du, eta diploma olinpikoarekin konformatu behar izan du. Kontrakarrean aritu da jaitsiera guztietan Egibar. Kanporaketako jaitsieren aurreko bi txandetan ez da fin aritu, eta horrek bidea zaildu dio, kanporaketetan oso aurkari gogorrak egokitu baitzaizkio. Final-zortzirenetan zortea alde izan du, baina final-laurdenetan trabatuta geratu da irteeran, eta hor esan dio agur dominen ametsari. Bosgarren eta zortzigarren postuen arteko borrokan, aurrean zihoan lehiakidea erori zaio, eta ezin izan du hobetu 2018ko emaitza.
Iaz munduko txapeldun izatea lortu eta gero, Egibarrek bazuen itxaropena oraingo honetan domina lortzeko, nahiz eta baldintzak ez ziren onenak. Izan ere, komeria dezente pasatu ditu denboraldi honetan. Bizkarreko mina izan du buruhauste. Behin baino gehiagotan egin behar izan diote infiltrazioren bat lehiatzeko. Gainera, haren entrenatzaile Mario Fuchs suitzarrak etxean geratu behar izan zuen, koronabirusean positibo eman ondoren. Bestalde, zirkuitua ez zen egokiena Egibarren dohainetarako. Ezker hanka aurretik eramaten dutenei egiten zien mesede, eta Egibarrek eskuina eramaten du aurrean. Zirkuituko bosgarren bihurgunean erabakigarria zen hori.
Baina gogotsu zen Egibar, eta borrokatzeko prest. Lehiaketa ez da ondo hasi. Kanporaketako jaitsierak iritsi aurretik, Egibarrek bi sailkapen txanda egin behar izan ditu, eta hor ez da espero bezain ondo aritu. Lehenengoan 17. lekuan amaitu du, eta bigarrenean, 21. postuan. Horrek zaildu egin dio jarduna kanporaketetan. Hala oso aurkari gogorrak izan ditu final-zortzirenetan. Besteak beste, Munduko Kopako lider Martin Noerlen (Alemania) eta 2018ko Jokoetan zilarrezko domina lortu zuen Jarryd Hughes (Austria).
Donostiarra hazi egiten da halakoetan, eta oraingoan ere ez du huts egin. Oso jaitsiera ona eta inteligentea egin du final-zortzirenetan, eta, oso ondo irten ostean, ederki gainditu du bosgarren bihurgunea. Hori zen zailena Egibarrentzat, aurretik jartzen baitu eskuin hanka. Bigarren egin du azkenean, Martin Noerlen atzetik.Beste bi kanporaketa geratzen zitzaizkion dominen borrokan egoteko. Final-laurdenetan huts txiki bat egin du irteeran, eta atzean geratu da. Baina snowboard krosak ezaugarri bat badu, zera da: edozein huts txikik edo ukituk kanpoan uzten zaitu. Oraingoan, zortea alde izan du Egibarrek. Izan ere, Noerelek eta Mick Dierdorffek (AEB) elkar jo dute, jaitsiera azken txanpan sartzear zela. Hala, Egibarrek bigarren amaitu du, Alessandro Haemmerleren (Austria) atzetik.
Finalerdietan ere ez du irteera ona egin. Trabatuta geratu apur bat hasieran, eta, ondorioz, atzean geratu da. Eliot Grondinek (Italia) eta Haemmerlek abantaila dezente lortu dute, eta ezinezkoa izan da atzetik aurrera egitea. Merlin Surguet frantziarrak ere Egibarren aurretik amaitu du. Dominen borrokatik kanpo geratu arren, Egibarrek bazuen oraindik erronka bat: Pyeonchangeko zazpigarren postua hobetzea. Ez da posible izan, ordea. Berriro ere atzean geratu da hasieratik. Gainera, aurrera egiten ari zela, Tommaso Leoni (Italia) aurrean erori zaio, eta hirugarren amaitu du jaitsiera, Pyeonchangeko emaitza berdinduz.