«Emaitza hobea lortzeko aukera izan dut hainbatetan, baina aukera horri alde egiten utzi diot», esan zuen Ding Liren xake jokalariak, igande gauean, Munduko Txapelketako finaleko seigarren partidaren osteko prentsaurrekoan. Bosgarren eta seigarren partiden inguruan ari zen jokalari txinatarra. Ez zuen inongo abantaila erabakigarrik izan partida horietan, baina bai posizio onak Dommaraju Gukesh estutzen jarraitzeko. Bosgarren partidan, Dingen esanetan, ez zuen ikusi alfilarekiko maniobra erraz bat bere pasatutako peoiari sostengua ematen jarraitzeko. Seigarren partidan damak aldatzera joan zen, eta hor ere abantaila galdu zuen. Defentsarako xehetasun bat ez zuen ikusi, eta ziurrena damak aldatzea iruditu zitzaion, azaldu zuenez.
Finala Dingen garaipen batekin hasi zen, gero berdindu egin zuten, eta hirugarrengoan Gukeshek irabazi zuen. Laugarren txandatik seigarrenera berdindu egin zuten, baina berdinketa horiek ondorio interesgarriak utzi dituzte. Hala uste du Michael Rahal nazioarteko maisu eta FIDEko (Nazioarteko Xake Federazioa) prentsa arduradunak. «Aurreikuspen guztiak kontuan edukita, ezustekoa da dagoeneko norgehiagoka hain berdinduta egotea. Nire ustez, Gukesh hobeto jokatzen ari da, baina Dingek aukera on batzuk galdu ditu».
Hemendik aurrera, azkeneko partidak jokatuko dituzte, eta azpimarra hau egin du Rahalek: «Berdinketa hausteko partidetan Dingek aukera gehiago ditu irabazteko. Jokalari intuitiboagoa da, eta Gukeshen indargunea kalkulua da. Partida bizkorretan ez dago kalkulurako hainbeste denbora. Horregatik, egoera honek Dingi egiten dio mesede».
Xakearen zaleek norgehiagoka interes handiz ikusi arren, jokalari ospetsu batzuek kritika gogorrak egin dituzte. Horien artean daude Magnus Carlsen, Garri Kasparov eta Vladimir Kramnik munduko txapeldun ohiak. Kramniken ustez, ez Gukeshek, ez Dingek ez dituzte posizioak modu zuzenean ebaluatzen, eta kalkulu hutsaren menpe daude.
Carlsenen adierazpenek ere oihartzun handia izan dute: «Gukeshek ez zituen bi erabaki on hartu partida osoan», esan zuen lehen partidaren ostean. Kritiko hitz egin zuen bosgarrena amaitu eta gero ere: «Gukeshen jokoari ez diot itxura onik hartu oraingoz». Kasparov, ohi den moduan, urrunago joan zen: «Munduko Txapelketaren historia Steinitzekin hasi zen, eta Carlsenekin bukatu. Final honek ez dauka garrantzi historikorik».
Bihar jokatuko dute zazpigarren partida, eta ikusiko da ea Gukesh e4 mugimenduarekin jokatzera ausartuko den berriro. Dingen defentsak posizio onak eman dizkio oraingoz, eta Gukshen garaipen bakarra d4 mugimenduarekin izan zen, dama ganbito batekin.