Fusto 10/10/10. Ibargarai 3/5/8

Diktadura indarrean da

Fustok bere ibilbideko buruz buruko bosgarren txapela eskuratu du, finalean Ibargarairi zailtasun handirik gabe hiru jokotan irabazita

Fusto, amorru biziz garaipena ospatzen, eta Ibargarai, etsita. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Saketik. Fustok 1, Ibargaraik 0.

Bestelakoak. Ikusle dezente eta giro ona Bizkaia pilotalekuan. Hirugarren eta laugarren posturako partidan Gaubekak Perezi irabazi zion hiru jokotan: (10-6), (10-5) eta (10-4).

Erregimena ez da aldatu palan: Pablo Fustoren diktadura indarrean dago oraindik, eta ez da azaldu itzala egingo dionik. Bigarren urtez jarraian, argentinarra tronutik jaisten saiatu zen Xabier Ibargarai, baina oposizioan jarraitu beharko du erratzuarrak.

Hiru joko nahikoak izan zituen Fustok buruz buruko munduko txapela berriro janzteko. Bosgarrena du jada —azken laurak jarraian irabazi ditu—, eta eskura du Oskar Insaustiren errekorra. Zazpi txapel lortu zituen nafarrak.

Markagailua da atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zen finalaren islarik onena. Argentinarra jaun eta jabe izan zen: nagusitasun osoz irabazi zituen lehenengo bi jokoak, baina izerdi gehiago bota zuen azkenekoan gailentzeko. Eskuak lotuak balitu bezala hasi zuen neurketa Ibargaraik, urduri, bere maila emateko arazo ugarirekin. Fusto baino askoz gutxiago izan zen.

Argentinarrak ez zuen berebiziko partidarik egin, ezta beharrik ere. Aski izan zuen bere jokoa egitearekin. Maisua da erasoan, baina arriskurik gabe jokatu zuen, aurkariaren hutsak bilatuz. Ofizioa lehenetsi zuen distiraren gainetik. Ez zuen ia pilotarik galdu, eta horrek are nabarmenago egin zuen lehen jokoan Ibargaraik erakutsitako ezina.

Fustori min egiteko aukera aproposena sakea izan zitekeela pentsatzen zen finalaren atarian, hori baita aurrelariaren ahulezia bakarretako bat. Erratzuko atzelariak, baina, ez zuen jokaldi horrekin asmatu. Hasteko, sakatzeko garaian ez zion minik egin. Baina, batez ere, errestoan egin zuen huts. Itxura batean eramateko errazak ziren pilota franko izan zituen, baina ez zuen lortu.

Bigarren jokoa galtzear zuenean itzartu zen Ibargarai, beranduegi. Ordura arte lortu ez zuena egiten hasi zen, pilota Fustori buruz gain pasatzen. Adorea eman zion horrek, eta askoz txukunago hasi zuen hirugarren jokoa. Hain ondo, non aurrea hartu zion aurkariari, eta jokoa irabaziko zuela zirudien. Bere burua arriskuan ikusita, azken indar erakustaldia egin zuen Fustok, gupidarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.