Quique Dominguez. Anaitasunako entrenatzailea

«Didaktikoagoak gara entrenatzaileak orain»

Galiziako entrenatzaileak bigarren sasoia du Iruñeko klubean, eta beste hirurako luzatu diote kontratua. Eskubaloia bizi du, baina baita artea ere, Artearen Historia ikasi baitzuen. Eta idatzi ere egiten du. Saudi Arabian entrenatzaile izandakoa da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Iruñea
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

Anaitasuna pabiloiko atarian, Katedralean, haurren sartu-irtena dabil, kirolaren eta jolasaren atzetik erromes. Atariaren alboko ate bat irekitzen hasi da. Ate horretatik ez da barrualdea ikusten. Quique Dominguez (Vigo, Galizia, 1969) atera da barrutik. Nabarmendu nahi ez balu bezala. Umil eta isil, Anaitasunako entrenatzaile gisa egiten ari den lan oparoa bezala.

Zortzi partida falta zaizkizue liga amaitzeko, eta aurrenekoa gaur Cangasen, 20:45ean [Bidasoa-Puente Genil ere gaur da, 20:15ean]. Europa duzue buruan?

Europari begiratzea gustatzen zaigu, eta gaurkoa ere buruan daukagu, jakina. Azkeneko bi partidak erreskadan galdu eta gero Benidorm eta Puente Genilen aurka, urrundu egin zaizkigu aurkariak, irabazi egin zutelako. Europara sailkatzea ez dago ezinezko, baina zailago bai, aurreneko bostak bakarrik doazelako.

Gaurkoa atera behar duzue ezinbestean Europak ospa ez egiteko?

Aurkari zuzena da. Puntu bat gehiago ateratzen digu, eta sasoi handia ari da jokatzen. Oso partida zaila izango da.

Berdindua doa Asobal liga denboraldi honetan.

Bai. Bi partida irabazita, jauzia ematen da aurrera, baina bi galduz gero, atzera. Jaitsierako azkeneko postua ez da atzean geratu. beste talde batzuk ere sar daitezke arazoetan.

Europakoa helburua zen denboraldiaren hasieran?

Sekula ez ditut honelako kalkuluak egiten, nahiz eta jendeak ez didan sinesten. Anbizio handiko jokalariak dauzkat, eta ona da. Baina nire helburua jokoa da, taldeak zerbait helaraztea harmailan daudenei.  Estilo zehatz bat eta jokatzeko modu bereizgarria izatea da nire nahia. Hori eginez gero, errazago da irabaztea, eta beste helburuak lortzea. Ez naiz itsutzen Europarekin, edota postu zehatz batetik gora geratzearekin.

Lortzen ari zarete jokoaren helburua?

Ez nahi hainbat. Irregularra ari da izaten denboraldia, baina partidak geratzen zaizkigu oraindik jarraitutasun bat lortzeko.

Baina estiloarena ez dago norbere esku bakarrik, aurkariak baduelako hori galaraztea.

Ez da zientzia zehatza, ez. Asteko eta urte guztiko lanari esker, gure taldeak badauka nortasun jakin bat, eta jokoa ulertzeko modu bat. Egun hauetan asko ari da hitz egiten futboleko entrenatzaileen estiloez, eta eskubaloian ere gauza bera gertatzen da. Aurkitu egin behar da jokatzeko modu bat. Gurea da dinamikoa izatea, alaia, baloia oinarrian jartzea. Baina ez da beti ateratzen, gauza bategatik edo beste bategatik.

Estiloa zure gustukoa da, edo jokalarien ezaugarrietara egokitzen zara?

Hor dago koska. Nire ideia asko erakusten saiatzen naiz, eta taldea osatzerakoan, saiatzen gara jokatzeko modu horretara egokitzen diren jokalariak izaten. Malgua izan behar da gero: norbere estiloa, jokalariena, klubarena... Anaitasunak ezin du fitxatu nahi duen guztia. Oinak lurrean eduki behar dira, eta gainera, harrobi oparoa daukagu. Denak bat egin behar du. Baina taldearen jokatzeko moduan agerikoa da niri gustatzen zaidan estiloa.

Zergatik gustatzen zaizu modu honetara jokatzea?

Eskandinaviako taldeen eta selekzioen oso-oso zalea naiz. Baloia asko mugitzen dute, paseen kalitatea handia da, eta aniztasuna eta imajinazioa dituzte. Oso joko ikusgarria da. Asko ikusten ditut hango taldeak eta selekzioak. Entrenamendu asko ere ikusten ditut, ikasteko nola entrenatzen duten, eta nire metodologian sartzen ditut.

Ordu asko igarotzen dituzu, hortaz, eskubaloia ikusten eta aztertzen.

Bai. Denbora dezente igarotzen dut ikusten, baina nire lana da. Ikastaroetara ere joaten naiz, beste entrenatzaile batzuengandik ikasteko, eta beste batzuekin harremana egiteko. Horrela joan naiz nire estiloa eta entrenatzeko modua eraikitzen.

Jokalari zinela bizi izandako esperientziek ere eragina dute zure gustuko jokoan?

Hegalekoa nintzen, eta ez genuen parte hartzen jokoaren sorreran. Jokaldiak bukatzea zen gure lana, eta korrika egitea.  Gainera, garai hartan ez nuen jokoa asko ulertzen. Entrenatzaile izateko prestatzen hasi nintzenean ekin nion ulertzeari.

Jokoak ez bazizun atentziorik ematen, nolatan entrenatzaile?

Familiatik datorkigu eskubaloirako zaletasuna [bi anai ere jokalari izan ziren, Juan eta Eduardo; besteak beste, Bidasoan], eta pena ematen zidan hainbeste jokatu eta jokoa ez ulertzea, edo entrenatzaileek jokalariei jokoa ez ulertaraztea, horien lana ere bai baitzen jokalariek jokoa barneratzea. Horregatik hasi nintzen entrenatzaile, nire jokalariei jokoaren bereizgarriak erakusteko. Ez dakit lortu dudan, hori haiek esan beharko dute. Baina asko saiatu naiz horretan, jokalariek jakin egin behar dutelako zergatik egiten dituzten gauzak, ezagutu egin behar dutelako estiloa zergatik den honela edo horrela, eta nola ez, gozatu egin behar dutelako. Eta gozatzeko oso lagungarria da jokoa ulertzea.

Agindu bai, baina azalpenekin ulertaraziz.

Lehen ez zen honela, nik jokatzen nuenean. Gauzak asko aldatu dira. Hobera egin da. Gaur egun, entrenatzaileak didaktikoagoak gara, gertutasun handiagoa daukagu jokalariekin, saiatzen gara jokalariek parte har dezaten ez jokoan bakarrik, baizik eta beste lan askotan. Guk, adibidez, asko lantzen dugu coaching-a eta team building-a, jokalariak senti dezan ari dela bera ere zerbait eraikitzen eta sortzen, taldeko kide senti dadin. Pistatik kanpoko lan horrek balio handia dauka.

Saudi Arabian ere erabili zenuen coachinga?

Ez, ez [barrezka]. Ez dute gauza hauetaz ezer jakin nahi. Kirol arloan, oso esperientzia gogorra izan zen. Ez dizute uzten inoiz zu izaten; beti zaude haiek zuzenduta. Asko baldintzatzen zaituzte.

Zertan, adibidez?

Bigarren egunean esan zidaten bideorik ezin nuela erabili. Nire analista eraman nuen aurkariak-eta ezagutzeko, eta gure jokoa hobetzeko. Baina ezetz. Eta horrelako beste hainbat debeku ere izan genituen. Zaila zen jokalariei helaraztea nola jokatu nahi genuen. Han indar handia dauka taldeko managerrak, eta entrenamenduetan eta partidetan gure erabakietan sartzen zen. Ez zigun uzten lan egiten guk nahi genuen bezala. Bestelakoan, aberasgarria izan zen beste bizimodu bat ezagutzea, beste kultura bat eta beste erlijio bat, beste klima bat, beste sukaldaritza bat.

Galiziar bati gustatuko ez zaio ba Arabiako klima...

Abioitik jaitsi ginenean hara iritsi berritan, 52 gradu zeuden. Atera kontuak. Mentalizatuta nindoan. Gehiago kostatu zitzaidan kirol arloko oztopoena, ez uztea ni izaten. Lehenengo esperientzia nuen Galiziatik kanpo, eta banekien egokitu egin beharko nuela, baina kirolarena hain zaila izango zenik ez nuen espero.

Berriz atera zinen Galiziatik duela urte eta erdi, Nafarroara etortzeko. Hemen bai gustura.

Arabiakoaren kontrakoa izan da. Hasieratik eman zizkidaten erraztasun guztiak klubetik, lana gustura egin nezan. Jokalariek ere gauzak erraztu zizkidaten. Pozik eta eroso nago, lanean gustura.

Horregatik berritu duzu kontratua, eta hiru denboraldirako, gainera.

Horregatik, eta klubak nahi izan duelako, jakina [barrezka]. Erakutsi didate konfiantza handia dutela nigan, ez delako batere ohikoa hainbeste urterako berritzea. Gustura daude nirekin, eta garbi neukan, nire lehen aukera hemen jarraitzea zela.

Hiru urteak batera hartzen ari zara helburu eta lan batzuk zehazteko, ala urtez urte zoaz?

Ezin da luzera begiratu, baina hemen badago filosofia bat: harrobiko lana sekulakoa da nesketan eta mutiletan, eta horrek lekua izan behar du lehen taldean. Batetik, anbizioa dago, taldea ahalik eta ondoen sailkatzea, jokorik onena eginez, baina uztartu egin behar da harrobiko lanarekin. Gurekin egunero entrenatzen dute bigarren taldeko hainbat jokalarik, eta ez filosofiagatik bakarrik, haien lanagatik eta ilusioagatik irabazten ari direlako ere bai.

Zuen taldeak eta harrobikoek metodologia bera erabiltzen duzue?

Antzekoa. Harreman handia daukagu Pablo Galech nire laguntzaileak eta biok Fermin Iturrirekin eta Carlos Garcia kirol zuzendariarekin. Gero, entrenatzaile bakoitzak bere ekarpena egiten dio taldeari, eta jokalarietara ere egokitu egin behar da. Jokatzeko modua berdintsua da: erritmo bizia, defentsa itxiak eta irekia txandakatzea, defentsan aurrea hartzea, eta atzetik izatea protagonista,  eta abar.

Estilo hori lehen taldeko entrenatzaileak erabakitzen du?

Ez da ezarria. Eguneroko lanean harreman handia daukagu, eta gainera, bat egiten dugu gustatzen zaigun estiloan.  Ez da nik neuk ezarria.

Nolakoa da eskubaloiaren egoera Euskal Herrian eta Espainian?

Dirua falta da. Egoera ez da ona. Jokalari asko ari dira joaten Alemaniara, Frantziara, Hungariara, Errumaniara... Soldatak oso txikiak dira, babesleak falta dira, pabiloi batzuk erdi hutsik egoten dira, telebistaz botatzen dituzten partidak ia modu klandestinoan botatzen dituzte eta abar. Klubak birsortzen ari gara beti, kanpora doazen jokalarien lekuak betetzeko: harrobira jotzea da aukera bat, beste merkatu batzuetatik ekartzea jokalariak da beste bat, Argentina, Brasil, Afrikakoak...

Konponbiderik badu egoera honek?

Ez dakit. Urte asko daramatzagu honela, atera ezinda.

Zuk jokatzen zenuenean, onenetakoa zen Asobal liga.

Bai. Munduko liga onena zen, eta jokalari eta talde onenak zeuden: Ciudad Real, Portland, Bartzelona, Ademar, Valladolid... Europan tituluak irabazten zituzten, eta ospea ematen zioten ligari. Orain, aurrekontuak asko jaitsi dira, eta babesleak ere ez dira handiak eta indartsuak. Hori gabe ezin dira jokalari onenak erakarri.

Zure jokalari onena ere badoa sasoi amaieran: Ander Izquierdo.

Gu bezalako talde batentzat hori da egunerokoa. Oso ona da, eta eskaintzak jaso ditu.

Entrenatzailea asko ere  Asobal ligatik kanpo dabiltza.

Balioa handia dute, eta askoren kasuan, oso emaitza onak lortzen ari dira taldeetan eta klubetan. Espainiako selekzioa ere puntan dabil.

Dena ez da baina, eskubaloia. Artearen Historia daukazu ikasita, eta Nafarroako leku askotan ikusten omen zaituzte monumentuak ikusten?

Seme-alabek esaten didate harriak ikustera joaten naizela [barrezka]. Hemen, Nafarroan, harri asko dago ikusteko, Erdi-Aroko artea, erromanikoa eta Donejakue bidea oso presente daude, eta asko gustatzen zait, eta ahal dudan guztietan ihes egiten dut hemendik, edonon azaltzeko: Leiren, Xabierren, Olibako monasterioan eta abar. Igandeetan egiten ditut horrelakoak, jai izaten dugulako normalean taldean.

Zer egiten duzu eliza baten barruan: orduak pasa begira, apunteak hartu...?

Oso astuna naiz. Ikasi nuena gogoratzea gustatzen zait, eta batez ere, erromanikoarekin gozatzen dut. Denbora asko egon naiteke portadei, nabeei edo kapitelei begira. Aurrekoan, Santo Domingo de Silosen, adibidez, semeak aspertu eta kanpora atera ziren, “aita, kanpoan gaude zain”, esanez. Astuna ez izateko, bakarrik joatea onena. Niretzat eskubaloia burutik kentzeko modu bat ere bada, eta astearen hasierarako indarberrituta egoteko aukera ematen dit. Beti ez dut lortzen, hala ere. Batzuetan, burutik atera ezinda geratzen zaizkit gauza batzuk, edo norbaitek deitzen dizu.

Zergatik ikasi zenuen Artearen Historia?

Letretakoa naiz erabat, eta bi aukera neuzkan buruan: ikasi nuen hori, eta Filologia Hispanikoa.

Irakasle izateko bidean zindoazen, ziurrenik.

Entrenatzaile izan ez banintz, ziurrenik bai.

Marrazkiak egin zalea zara?

Ez, oso txarra naiz. Idatzi egiten dut.

Idatzi?

Ipuinak, kontakizunak, gutunak. Neuretzat idazten dut. Jokalariei ematen dizkiedan hitzaldietarako erabiltzen ditut batzuk. Edo astean zehar joaten naiz pasarteak idazten, eta batzuetan, gauzatu egiten dira partida aurreko hitzartzean edo partida bezperakoan. Ez dira beti eskubaloiaz izaten, eta batzuetan lortu izan dut haien begietan distira azaltzea. Oso polita da hori.

Zein dira zure inspirazioak?

[barrezka]. Gauza asko. Batzuetan, astean zehar sortzen joaten diren gauzak izaten dira, beste batzuetan niri bururatzen zaizkidanak. Bartzelonaren aurka Kopako finalerdia jokatu aurreko prestaketan, ipuin bat kontatu nien, nire alaba txikiari aspaldidanik kontatzen diodana. Motibatzeko erabili nuen, eta gertu izan genuen ezustea partidan.

Asko irakurriko duzu.

Bai, baina nahi baino gutxiago.

Kirolarien biografiak-eta?

Ez. Literatura gustatzen zait, eleberriak. Latinoamerikakoa, batez ere: Garcia Marquez, Vargas Llosa... Bestelakoan, David Trueba, Sampedro...  

Lau hizkuntza hitz egiten dituzu: galegoa, gaztelera, ingelesa eta portugesa.

Eta arabiarrez lau hitz.

Euskaraz?

Bost hitz. Gutxi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.