«Duela zenbait hamarkada Uruguaira edo Argentinara lanera joan behar izan zuten euskal herritarren seme-alabek eta ilobek tokia dute nire taldean».Javier Clementeren (Barakaldo, Bizkaia, 1950) hitzak dira. Diasporako jokalarien presentzia aztertu, eta haiei euskal talde profesionaletako ateak zabaltzearen aldekoa da euskal selekzioko hautatzaile berria. Eta euskal selekzioak izan behar du horretarako atea, haren ustez. Clemente selekzioaren aro berriko hautatzaile izateko aukeratu dute, eta Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarriren lekukoa hartuko du Euskadiko Futbol Federazioaren aginduetara.
Zeresana eman du Clementeren aukeraketak egunotan, sare sozialetan gehienbat. Federazioak atzo goizean aurkeztu zuen gizonezkoen hautatzaile berria, Bilboko Euskalduna jauregian. Kargua hartzea «ohore» bat dela aitortu zuen entrenatzaile beteranoak. Era berean, eta edozein partida izanda ere, bere helburua beti euskal selekzioko jokalari onenak deitzea izango dela nabarmendu zuen. «Euskadik [hala deitzen dio berak] jokalari on zerrenda luzea du, eta nire lana horietatik hemeretzi hoberenak aukeratzea izango da». Argi du goi mailako jokalari multzoa duela esku artean, munduko beste taldeekin alderatuta, «Lehen mailan aritu daitekeena».
Izenak ematen hasita, aipatu zuen Aymeric Laporte Athleticeko jokalari ohia hautagai posiblea dela, jaiotzez euskal herritarra ez izan arren, eta «aztertuko lukeela» Marco Asensio Real Madrilekoa deitzea. Aita euskal herritarra du, baina Katalunian jaiotakoa da. Horrenbestez, zerrenda osatzeko posible diren aukera guztiak aztertzeko prest dago:«Egun, Europako taldeetan ari diren jokalariekin ere harremanetan jartzeko asmoa agertu diot federazioari». Gaineratu zuenez, jokalariren batek selekzioari ezezkoa emango balio, berak ez luke jendaurrean jakinaraziko, baina ez luke ulertuko euskal selekzioaren deiari uko egitea.
Clemente gustura dago erronkarekin. Euskal selekzioa entrenatzeko aukerarekin pozik dago, eta onartu zuen hura gidatu gabe erretiratu izan balitz «zerbait» falta izango zitzaiola. Bere jaioterriko taldea ez entrenatu izanagatik ere agertu zuen atsekabea. «Gustatuko zitzaidan Barakaldo entrenatzeko aukera izatea, baina ez da posible izan». Teknikariak 69 urte beteko ditu hilaren 12an; hori dela eta, euskal selekzioa «ziurrenik» entrenatuko duen azken taldea dela iradoki zuen.
Selekzioaren ofizialtasunari dagokionez, uste du taldea erabat prest egongo dela hori iristen denerako. Halere, zehaztu zuen ez dela futbol auzi bat, auzi politikoa baizik. Eta, selekzioaren izenari dagokionez, esan zuen «norberak nahi duen bezala izendatzeko» eskubidea duela: «Gainerako eztabaida guztiek selekzioa izorratu baino ez dute egiten».Bestalde, maila pertsonalean, euskaraz hitz egiten ez jakitea asko sentitzen duela onartu zuen, eta futbolaren bidez herria laguntzea dela bere helburua. «Koloreak defendatu behar dira herriaren onurarako», aldarrikatu zuen. Halaber, uste du futbol selekzioak aukera ematen diela beste herrialdeei Euskal Herria ezagutzeko, maitatzeko eta estimatzeko.
Lehen proba maiatzean
Hautatzailea hasia da jada euskal selekzioak maiatzaren 29an jokatuko duen partida prestatzen. Panama izango du aurkari, eta herrialdeko hiriburuko Rommel Fernandez estadioan jokatuko dute bi taldeek. Roberto Zuñiga Panamak Espainian duen enbaxadako kide ere egon zen aurkezpenean, eta, haren ustez «ohorea» da euskal selekzioa hartzea,«prestigiozko selekzioa baita». Panamaren azken partida izango da Urrezko Kopara joan aurretik.
Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteakClementeren aurretik lanean aritutakoei esker ona adierazteko baliatu zuen agerraldia. Horrezgain, azaldu zuen maiatzean Hego Amerikan bi partida jokatzea zela asmoa, baina ez dutela beste aurkaririk lortu. Ez zuen argitu zein herrialderekin jarri ziren harremanetan. Horrez gain, UEFAn eta FIFAn sartzeko eskaeraren bidean, Espainiako Federazioarekin harremanak etenda daudela adierazi zuen: «Durangon egindako bileraren ostean, gaia erritmo geldoan doa». Halere, esan zuen Euskadiko Federazioak arreta jarria duela FIFA leiho guztietan, eta, aurrekontu txikiko selekzioa izan arren, jarraitzen dutela jokatzeko aurkarien bila.
Clementeri babesa emanez, aurkezpenean ere hauek izan ziren: Mikel Etxarri, Jose Mari Amorrorturekin batera euskal selekzioko hautatzaile ohia; Juan Luis Larrea Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia, eta Manolo Delgado-Meco, Clementeren entrenatzaile garaian Athleticeko prestatzaile fisikoa izandakoa.
Diasporan arreta jarrita
Javier Clementerentzat «ohorea» da euskal selekzioa zuzentzea, eta uste du nazioartean «lehen mailan» aritu daitekeela. Maiatzean du lehen partida, Panaman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu