Deustun bada tomaterik

Deustuk irabazi ditu KAE 1 ligako hirutik bi estropada, eta gozoaldiak gozatzen ari dira Aitor Mojas presidentea eta Beñat Larrinaga arraunlari eta prestatzaile fisikoa. Umetatik dira klubeko kide.

Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Tomatera traineruari ez dio kalterik egin udaberri hezeak eta bustiak, tomateei ez bezala, eta lerden asko ari da uretan lanean, Deustu Arraun Taldeko arraunlarien bultzadaz. KAE 1 ligako lehen hiru estropadetatik bi irabazi ditu, bat ez-puntuagarria izan bazen ere. Hiru jardunaldi jokatuta, laugarren da, Astillero, Getaria eta Isuntza hirukoa puntu batera duela.

Arraun munduan bada uste bat bueltaka, eta, horren arabera, Deustu diruarekin dabil azken pare bat urtean. Baina usteak erdia ustela izan ohi du batzuetan, eta hau adierazi du Aitor Mojas presidenteak (Galdakao, Bizkaia, 1965): «Azken bi urteetan aurrekontua txikitu egin behar izan dugu, eta, batez ere, aurten».

Klub apala da oraindik ere, hortaz, Deustu, 1981ean sortu zenetik izan den bezala. Baina apala izateak ez du esan nahi bizitza osoan beti horrela izan behar duenik, eta klubaren baitan badute gorako asmorik: «Aurreneko helburua KAE 1 ligako ohorezko txandan sartzea da, eta oraingoz, lortu dugu. Bigarren asmoa Eusko Label ligara igotzeko kanporaketak jokatzea izango da, eta, behin hor gaudela, mailaz igotzea», kontatu du Mojasek.

Inoiz egon gabea da liga nagusian traineru berdea, beti beheko ligetan ibili izan delako. Mojas bera 1982an hasi zen arraunean Deustun, eta trainerua bi urte geroago atera zuen aurrenekoz: «Estropada guztietan azkena izan ginen, beste taldeak askoz hobeak eta eginagoak zirelako. Gu 19 urteko gazte talde bat ginen». Talde hartako asko egungo zuzendaritzan daude.

Ez du uste Mojasek eta kideek egindako bide bera egingo duenik Beñat Larrinaga (Bilbo, 1991) arraunlari eta prestatzaile fisikoak: «Nahiko lan badut neurearekin, zuzendaritzan sartzearekin pentsatzen hasteko. Gainera, ez zait asko gustatzen. Baina, aizu, arrauna utzitakoan gure beharra badago, sartu egin beharko dugu». Gustura hartuko lituzke Mojasek: «Gure arazo handienetako bat da oso jende gutxi gaudela lanerako, eta guk hemen jarraitzen dugu zuzendaritzan, 2003tik, arrauna utziz geroztik».

Gora begiratzea eta lanerako jenderik ez izatea ez dira oso bateragarriak, eta badaki Mojasek, baina arazoei baino gehiago egindako bideari eman dio garrantzia: «Kluba sendo dago, bai diruz eta bai egitura aldetik. Bide onean goazela uste dut. Badakit asko falta zaigula, baina aurrerantz goaz».

Eskertuko luke presidenteak erakundeen laguntza handiagoa: «Beti esaten dute sustatu egin behar dela harrobiko arrauna, baina, gero, diruaren zatirik handiena gorako bideratzen dute». Adibide zehatza jarri du: «Aurten ezin izan dugu gizonezkoen bigarren trainerua atera, dirurik ez baitugu, eta gure zazpi arraunlari Elantxoben ai dira arraunean».

Laguntzeko jende eskasia eta diru falta bai, baina baita taldeko giro atsegina ere Deustuk, eta horri eman dio sekulako garrantzia Larrinagak: «Zuzendaritzak oso garbi dauka ez dagoela alderik etxeko eta kanpoko arraunlarien artean, eta kanpokoak oso eroso egoten dira gurekin, eta horregatik jarraitzen dute hemen». Ez alde egiteaz badaki zerbait Larrinagak, Deustun hasi 12 urterekin, eta bertan jarraitzen baitu: «Hemen bukatuko dut ibilbidea». Gustatuko litzaioke amets hau betetzea: «Deustu goi mailan ikusi nahi dut».

Berrogei urteko bidea osatuko du klubak 2021ean, eta egoitza berrian ospatuko du, orain ari baitira mudantzan. 1984tik egoitza izan dutena utziko dute , eta gogoan du urte hura Mojasek: «Uholde handiak txiki utzi zigun kluba, eta bi batel Sopelan azaldu ziren».

Klubaren historiako mugarri bat izan zen hori, eta bestea, nola ez, lehen garaipena da. Larrinagaren lehen estropada zen 2009ko hura, Luancon (Espainia), eta bandera atera zuen: «Sekulako emozioa sentitu nuen, 17 urte baino ez nituen». Gehiago irabazi zituen gero, KAE 2an eta KAE 1ko hirurak, azkena larunbatekoa: «Berezienak Bilbon irabazitako hirurak dira, hirurak KAE 2an».

Nesken taldea ere, ondo

Badu garaipenik ere Deusturen emakumezkoen traineruak, eta Mojas datorren asteburu garrantzitsuari begira dago, Euskotren ligako kanporaketa jokatuko baita: «Ea sartzen garen Euskotren ligan; badugu ilusioa. Ez badugu lortzen, ETE ligan ibiliko gara, eta hor ere pozik gu».

Tomate bizi-biziak baitira Destuko horiek, uretako Tomaterak. Izenaren berri eman du Mojas presidenteak: «Garai batean, tomatea besterik ez zegoen Deustun. Orain, gure trainerua da hemen tomate bakarra, jatekoa Murtziatik ekartzen dutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.