Deustuk denboraldiko lehen bandera irabazi du KAE 1 ligan, Pedreñan

Aitor Manterola Garate.
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Deustuk handia egin zuen atzo Pedreñan (Espainia), KAE 1 ligako seigarren jardunaldiko estropadan. Sasoiko lehen bandera irabazi zuen. Bere historian, liga horretan lortu duen bigarrena da; 2011koa du aurrenekoa, Pasaian irabazia. Iaz KAE 2 ligan zegoen, eta, aurten, gorako jauzia egiteko asmoz, indartu egin du taldea, eta orain arteko emaitzarik onena atzo erdietsi zuen. Ohorezko txandan joan zen, eta besteak beste Getaria ligako buruan den taldea menderatu zuen; hamahiru segundo atera zizkion.

Estropada guztian joan zen buruan Tomatera trainerua. Hasi eta buka. Berak egin zituen denbora onenak ziaboga guztietan. Ondarroak estutu zuen gehien lanak aurrera joan ahala, eta, bukaeran, hiru segundoko aldea egon zen estropadako lehen bi sailkatuen artean. Bigarren txandako garaile izan zen Isuntzak egin zuen hirugarren denbora onena, eta Getariak laugarren bukatzea lortu zuen, hirugarren ziabogan zortzigarren bazen ere sailkapenean.

Atzoko emaitzen eraginez, Ondarroa bost puntura gerturatu zaio Getaria liderrari, eta Deustuk hirugarren lekuraino egin du jauzia. Ondarroak baino bost puntu gutxiago dauzka, eta Zumaiak eta Isuntzak baino puntu bat eta bi gehiago, hurrenez hurren. Estu dago gauza, eta korapiloa askatzeko aukera gaur bertan izango dute, Orion (18:30). Erlojuaren aurka lehiatuko dira, ibaian.

Hondarribia B, KAE 2 ligan

Eguneko beste estropada Plentzian izan zen, KAE 2 ligako laugarren jardunaldikoa, eta Hondarribia B-k bigarren bandera irabazi zuen. Hibaikak egin zuen bigarren, hamar segundora, onenen aurreko txanda irabazi eta gero. Castrok eskuratu zuen hirugarren lekua, ia 11 segundora, eta San Pedro B izan zen laugarrena, hamabost segundo pasatxora. Gaur beste estropada bat izango dute liga horretan. Pasaian izango da, 12:30etik aurrera. Erlojuaren aurkako lana egin beharko dute arraunlariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.