Maldan gora jarri zaio sasoia Anaitasunari. Lehen itzulia ez da espero bezalakoa izan, partidek ihes egin baitiote funtsezko momentuetan. Orain, sailkapenean hamalaugarren daude nafarrak, zortzi puntu bilduta, jaitsiera postuetatik gertu. Hamabost jardunalditan, hiru partida baino ez dituzte irabazi, eta bi berdindu. Gainerakoak galdu egin dituzte, eta horietako asko modu mingarrian, gol baten aldearekin. Emaitzak errepasatu besterik ez dago: 28-29 Granollersen aurka, 31-30 Cuencaren aurka, 27-26 Villa de Arandaren aurka, 28-29 Bidasoa Irunen aurka, eta 26-25 Ademarren aurka.
Xavier Gonzalez (Iruñea, 2004) eskuin hegaleko jokalariaren arabera, taldearen dinamika ona izan da, eta ondo egin dute lan. Alabaina, esku hutsik amaitu dituzte neurketa asko, irabaztear eta puntuak batzear egon arren: «Lehen itzulia konplikatu samarra izan da». Baikor da, halere: «Konbentzituta gaude bidea orain arteko bera dela. Laster lortuko ditugu hain eskura izan ditugun emaitza horiek».
Etenaldian daude orain, denboraldiaren bigarren partea prestatzen. Abenduaren 22an jokatu zuten ligako azken partida, eta otsailaren 9an berrekingo diote lehiari, Navaren kontra, etxetik kanpo. Atsedenak on egin diela uste du Gonzalezek: «Indarrak hartzeko balio izan digu bai sasoiz eta bai buruz, eta txipa aldatzeko». Orain, datorrenari aurre egiteko «gogoz» daude: «Erakutsi nahi dugu lortutakoa baino gehiago balio dugula, lehen itzuliko zortzi puntuak baino askoz gehiago».
Egoera iraultzeko, gogor ari dira lanean. Entrenamenduz beteta dute agenda: astean sei saio egiten ari dira, eta tartean lagunartekoak ere badituzte. Denboraldiari berriro ekin aurretik, beste bi neurketa jokatuko dituzte. Landutakoa probatzeko eta hutsak zuzentzeko baliagarriak izango dira, Gonzalezen ustez. Argi du zer den hobetu beharrekoa: «Puntu askok egin digute ihes detaileengatik. Inportanteenetako bat zera da: markagailuan aurretik goazenean, partidak itxi eta erabakita utzi behar ditugu, eta huts puntualik ez egin, bestela bizirik eusteko modua ematen baitzaio aurkariari. Eskubaloia detaileetan oinarritzen da, eta ezin dugu hainbeste barkatu».
Une erabakigarrietan asmatzeko, garrantzitsua da konfiantza irabaztea: «Defentsa eta kontraerasoa dira gure bereizgarriak, baina asko lantzen ari gara arlo psikologikoa».
Agur entrenatzaileari
Anaitasuna ez dago boladarik onenean, eta, taldearen egoera delikatua aintzat hartuta, klubak iragarpen bat egin du: Quique Dominguez entrenatzaileak ez du jarraituko hurrengo denboraldian. Aurtengoa batuta, bosgarren sasoia du Anaitasuna zuzentzen. Malkotan eman zuen erabakiaren berri, duela egun batzuk: «Hona iritsi nintzenean baino entrenatzaile hobea naiz. Barruan dudan guztia eman dut. Oraindik bigarren itzulia falta zaigu jokatzeko, eta seguru nago aurrenekoa baino hobea izango dela». Aho zapore onarekin utzi nahi luke taldea teknikari galiziarrak, egoerari buelta emanda.
Eskuin hegalekoak balioa eman dio Dominguezen lanari. Uste du arrastoa utzi duela klubaren historian: «Gogor egiten du lan, inoiz ez du ilusioa galtzen, eta lan handia egiten du harrobiarekin». Hain zuzen, jokalari nafarrak harekin egin zuen debuta Asobal ligan, duela bi sasoi. Estimu handia dio: «Ateak ireki zizkidan entrenatzailea da. Beti geratuko da markatuta nire ibilbidean».
«Defentsa eta kontraerasoa dira gure bereizgarriak, baina asko lantzen ari gara arlo psikologikoa»
Xavier GonzalezAnaitasunako jokalaria
Gonzalezek ere ez du segituko Anaitasunan, Bidasoa Irunen arituko baita hurrengo denboraldian. Orain ez du horretan pentsatu nahi, ordea; gauza bakarra du buruan: taldearen egoera iraultzea. Pieza garrantzitsua izango da asmo hori betetzeari dagokionez. Sasoi honetan, 48 gol sartuak ditu: «Harreman ona dut taldekideekin, eta antzematen da pistan. Gustura eta konfiantzaz ari naiz».
Egindako lanak, gainera, fruituak eman dizkio. Nafarroako Gobernuak 2024an ezustea eman duen jokalari onenaren saria eman berri dio. Pozik jaso du albistea: «Ez dut guztiz barneratu oraindik. Halako mailako jokalarien artean saritzea... Lanean segitzeko bultzada eman dit».
Gaztea da Gonzalez, baina haren dohainak ez dira oharkabean pasatu, eta ilusioa piztu du. Etorkizun oparoa izango duelakoan daude asko. Hura lasai dago, ordea: «Gozatu egiten dut kirol honetan, eta asko gustatzen zait lehiatzea. Egunez egun hobetzea da helburua».