Lointek Gernika Bizkaia goitik behera aldatu da 2024-2025 denboraldiari begira. Aurreko sasoiarekin alderatuta, hiru jokalarik baino ez dute segitzen Lucas Fernandezen aginduetara, eta horietako bat da Marta Alberdi (Gernika, Bizkaia, 2000). Taldea «ondo» ikusten badu ere, onartu du orain arteko emaitzak uste baino «zertxobait» apalagoak izan direla.
Ligako hamaika jardunaldi jokatu dira dagoeneko. Nola ikusi duzu taldea orain arte?
Ikusi da taldea etxeko partidetan sendo ari dela, baina argi dago etxetik kanpo hobetu egin behar dugula. Azkeneko partidak galdu egin baditugu ere, taldea ondo dago. Ligak luzeak dira, eta horrelako boladak ere izaten dira. Lanean jarraitzen dugu.
Emaitzak uste baino apalagoak izan dira?
Zertxobait agian bai. Uste dut Ensinoren eta Cadi La Seuren aurka galdutako neurketak irabazteko moduak zirela, eta bai, horrek min apur bat egin zigun. Bestalde, Gironaren aurkako neurketak ere azken bi minutuetan ihes egin zigun.
Badirudi Espainiako Koparako sailkatzeko borroka oso estua izango dela, ezta?
Liga zoroa izaten ari da, eta ikusten ari gara talde guztiak ondo indartu direla sasoi honetarako. Exijentzia maila handitu egin da, eta, Kopari begira, lehen finala Kanaria Handiaren aurka jokatu behar dugun neurketa izango da.
Azken hiru partidak galdu dituzue. Zer ondorio atera duzue?
Egia esan, aurreneko postuetan sailkatutako talde guztien aurka jokatu dugu bata bestearen atzetik. Atsedenaldian, Joventuten postutik bost puntu behetik geunden, baina sentipenak oso bestelakoak ziren, eta horrek ere buruari eragin egiten dio. Bestalde, zonakako defentsari erasotzeko modua hobetzeko lanean ere ari gara.
Horretan du taldeak hobetzeko premiarik handiena?
Horretan eta hainbeste baloi ez galtzen. Esaterako, Joventutek askoz zigortu gintuen galdutako baloi horiei bidez. Detaile txikietan hobetzea falta zaigu.
Edonola, badakizue goiko postuetan dauden taldeei irabaztea zer den; Zaragoza eta Jairis menderatu dituzue.
Esan dudan moduan, liga oso parekatua izaten ari da, eta ikusten ari gara edozein taldek edonor menderatu dezakeela. Talde indartsuenen aurka funtsezkoa da 40 minutu biribil egitea.
Talde ia osoa aldatu da denboraldi honetarako. Nola doa egokitzapen prozesu hori?
Egia esan, estatu mailako jokalari asko egoteak egokitzapen hori errazten du. Gainera, oso talde gaztea gara, eta horrek ere gure arteko harremana erraztu egin duela esango nuke.
Etxeko jokalari gehiago izateak ere mesede egiten dio taldeari?
Bai, noski. Ohore handia da bost euskal jokalari izatea horrelako herri txiki bateko taldean, guretzat zein zaleentzat.
Jokoari dagokionez, aurreko sasoikoarekin alderatuta, oso talde ezberdina zarete?
Bai. Urtero asko aldatzen dira taldeak. Sasoi honetan, adibidez, aurreko sasoian baino joko arinagoa egiten dugu, korrika gehiago egiten dugu, eta intentsitate handiagoz jokatzen dugu.
Zuretzat nolakoa izaten ari da denboraldia?
Denboraldi guztiak dira politak, baina baita gogorrak ere. Lesio asko izan ditut azkenaldian, urtero ia bat, baina orain gustura ari naiz. Nahiko nukeen baino gutxiago jokatzen ari naiz agian, baina nire lana egiten jarraitzen dut. Momentua itxaroten ari naiz.
«Nahiko nukeen baino gutxiago jokatzen ari naiz agian, baina nire lana egiten jarraitzen dut. Momentua itxaroten ari naiz»
Kanaria Handiaren aurka bihar jokatu behar duzuen neurketa final bat dela diozu.
Bai, hala da. Garaipena behar dugu. Sailkapenean gure aurretik dagoen talde bat da. Talde sendoa da, barruan indar handiko jokalariak dituzte eta kanpoko jokalariak buruz burukoan oso trebeak dira.
Gernikako Sare Feministak mobilizazio batera deitu du biharko, Mario Lopezen aurkako salaketa jakin zenetik ia urtebete igaro denean. Nola bizitzen ari zarete zuek eta zer iritzi duzue?
Joan den urtetik hona kluba asko aldatu da, barruan mugimendu asko izan dira, eta orain horri buruz asko ez da hitz egiten. Guk ez dugu ahazten zer gertatu den; hori garrantzitsua da, baina ez diogu horri buelta gehiago eman nahi. Erabakia hartu behar dutenek hartuko dute erabakia.