Desorekatua dirudi

Javier Urrizak eta Endika Urrutiak Banakako Txapelketako finala jokatuko dute gaur. Urrizak zazpigarren txapela irabazi nahi du. Urrutiak lehen finala du

Endika Urrutia eta Javier Urriza, joan den asteazkenean, Galarretan, pilota aukeraketan. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Urteko egunik handiena eta bereziena du erremonteak gaurkoa: Kutxabank Banakako Txapelketaren finala jokatuko dute Javier Urrizak (Iruñea, 1981) eta Endika Urrutiak (Saldias, Nafarroa, 1990), Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan. 15:30ean hasiko da jaialdia, eta finala bigarren partida izango da. Osasun neurriei jarraituz, 600 ikusle egon ahal izango dira. Iragana dira finala ikusteko Galarreta lepo betetzen ziren garaiak. Baina COVID-19aren pandemiak makina bat ohitura jarri ditu hankaz gora. Bertaratu ezin dutenek telebistaz ikusi ahal izango dute neurketa, ETB1en.

Itxuraz, desorekatua dirudi finalak. Mutur banatan dira Urriza eta Endika. Lehenak bederatzigarren aldiz jarraian jokatuko du finala. Aurreko zortzietatik seitan jantzi du txapela: 2014koak eta iazkoak baino ez diote ihes egin—aurrenekoan, Julen San Miguelek irabazi zion, eta azkenekoan, Endika Barrenetxeak—. Gaur, zazpigarren txapela irabazten ahaleginduko da. Koteto Ezkurra baino ez du aurretik, baina oso urrun: 11 irabazi zituen Doneztebekoak (Nafarroa)

Endikak, ordea, estreinako finala du. Gehienez, finalerdietara iritsi zen orain arte. Aurten, baina, goia jo du, eta Barrenetxea IV.a eta Aritz Juanenea kanporatuta sailkatu da finalerako. Lehen aukera nahi du izatea balekoa. Baina harritzarra izango du asmo horretan. Badaki erronka oso zaila dela: Urrizak 30-19 irabazi zion final-laurdenetako ligaxkan. Urriza da faboritoa. Hark du presio handiena. Urrutiak aspaldi bete zuen xedea.

Badaki hori Urrizak. «Emaitzei erreparatuta, ni izan naiteke faboritoa. Baina horrek ez du ezertan laguntzen. Aitzitik, kalte egiten du, presio handiagoa izango baitut. Horretaz ahaztu eta nire onena eman behar dut. Nahi eta nahi ez egin behar dut, Endika oso aurkari zail eta eskarmentuduna baita. Lanak emango dizkit, ziur».

«Oso pozik» dago egiten ari den jokoarekin. «Ezinegonez eraman genuen koronabirusak eragindako etena. Nik, gainera, ia 39 urte ditut. Horregatik, ondo pentsatu nuen dena Oriamendirekin beste urtebeterako sinatu aurretik. Baina, zorionez, oso gustura ari naiz. Finalean naiz, eta hori pozgarria da; eginiko lan guztiaren saria da. Bederatzigarrenez jarraian lortu dut, eta hori kontuan hartu behar da, oso zaila baita iristea, ni adinean gora bainoa, eta gazteak indartsu baitatoz. Ez dut pentsatu nahi nire azken txapela izan daitekeen edo ez. Nire onena ematea besterik ez dut buruan».

Argi du non egongo den gakoa. «Biak ahaleginduko gara oldarkor jokatzen, gure erritmoa inposatzen, eta bestea mugiarazten eta deseroso jartzen. Garrantzitsua izango da hauspoari eustea ere, finaletan hustu egiten baikara. Baita nerbioei eustea ere».

Ezustekoa ematera

Urrutia, berriz, «lasai eta egindakoarekin oso pozik» dago. «Aspalditik nenbilen finalera ailegatu nahian, eta azkenean lortu dut. Ilusio handia egiten dit». «Buruan» egin du «aldaketarik handiena». «Lehen, gaizki pasatzen nuen buruz buruko partida garrantzitsuetan. Presioak jan egiten ninduen. Baina aurten txipa aldatu dut, eta jada ez diot horrenbesteko presioa sartzen neure buruari. Hobeto eramaten ditut nerbioak. Inoiz baino lasaiago ari naiz, eta horrek mesede egin dit».

Eta presioa aipatuta, hark oso argi du: «Urrizak du handiena. Zazpigarren txapela irabazi nahiko du. Nik, aldiz, ezer gutxi dut galtzeko. Behin finalean, txapela irabazi nahi dut, noski, baina nik jada bete dut helburua».

«Erronka eder bezain zailtzat» jo du aurreneko aldiz txapela janztea. «Urriza irabazle petoa da. Sekulako energiarekin jokatzen du beti. Berdin dio atzetik badoa: beti egiten du aurrera. Nahiz eta egun txarra izan, izugarri zaila da hari irabaztea».

Urrizak aipatutako gako berberak nabarmendu ditu: oldarkor aritzea, aurkaria mugitzea eta oparirik ez egitea. «Patxadaz jokatzen du berak, eta nik bizi-bizi aritu beharko dut. Ea horrela sustoren bat eman diezaiokedan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.