Desorekatua dirudi

Ducassou da faborito argia bihar, Gixanduten aurka, berezkoen finalean

Peio Gixandut, pilota jotzear, Battitta Ducassou begira duela, finalerdietako ligaxkako partidan. FFPB.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Trinketak bihar izango du urteko egunik handiena: Berezkoen Banakako Txapelketa jokatuko dute Hazparnen (Lapurdi), 11:00etan. Battitta Ducassou Itsasuko (Lapurdi) aurrelaria eta Peio Gixandut Irisarriko (Nafarroa Beherea) atzelaria ariko dira elkarren aurka, txapela jantzi nahian. Ducassouk laugarrena luke, bigarrena jarraian. Gixandutek, berriz, lehena luke, estreinakoz iritsi baita finalera. Bera izan da, hain zuzen, txapelketako ezustekoa, Waltary Agusti eta Bixintxo Bilbao kanporatu baititu.

Hala ere, ezusteko handia litzateke finalean Ducassouri nagusitzea. Bi trinketlariek lehendik ere jokatu dute elkarren aurka aurtengo txapelketan, finalerdietako ligaxkan, eta itsasuarrak astindu galanta eman zion Gixanduti:40-6. Irisartarrak aukerarik ez zuen izan, eta horren erakusgarri da 31-0 joan zela galtzen. Partida guztiak dira ezberdinak, eta are eta gehiago final bat, baina, gaur-gaurkoz, alde handia dago baten eta bestearen artean: buruz buru, Ducassou da onena —hiru txapel irabazi ditu azkeneko bost urteetan—; Gixandut, berriz, binaka moldatzen da ondoena —behin izan da txapeldun, eta beste behin txapeldunorde, biak Waltaryrekin bikote eginez—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.