Desiratua bezain berritzailea

Gaur jokatuko da Zarauzko Triatloiaren 34. aldia. Txirrindularitzako zatia aldatu egin dute, eta ikusmina sortu du horrek: Done Bladiko maldatzarra igoko dute estreinakoz. Guztira, 750 lagun ariko dira lehian; tartean, 109 emakumezko.

Desiratua bezain berritzailea.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Zarauzko Triatloiak sortzen du halako irrika berezi bat. Zer esanik ez hiru urteren ostean berriz jokatuko bada. Euskal Herriko lasterketa entzutetsua ezaguna da nazioartean, eta dozenaka herrialdetako kirolariak jaso ohi ditu aldia joan, aldia etorri: bertakoez gain, Espainiakoak, Herrialde Katalanetakoak etaFrantziakoak dira haietako asko.

Gaur jokatuko den lasterketa (14:00) ere ez da salbuespena izango; azken egunetan hamaika izan dira bidaia goiztiarra egin eta Zarauzko (Gipuzkoa) errepideetan eta kaleetan bizikletan nahiz korrika aritu diren atzerriko kirolariak, apain abailduta.

Haietako askok dagoenekojantzi dute neoprenoa Getariako (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzan. Gaur jantziko dute gainontzeko guztiek. Orotara, 750 lagun kokatuko dira irteera marran, eta emakumezkoak izango dira haietatik 109. Ohi bezala, Malkorbetik abiatuko da aurtengo lasterketa, eta, bi herriak igerian lotu ondotik —2,9 kilometro dira—, bizikleta hartuko dute triatloilariek.

Sektore hori da aurtengo berritasun nagusia; azken urteetako ibilbidea moldatuta, bilduagoa izango da aurten. Hala, bi itzuliko zirkuitu batean osatuko dituzte 80 kilometroak. Itzuli handienak 47,8 kilometro izango ditu; besteak, 32, 2. Mendebaldera egingo du bizikletako atalak; Zarautz, Getaria, Aizarnazabal, Zestoa eta Zumaia artean osatuko da. Aiatik ez da igaroko.

Moldaketa horrek zenbait berritasun sarrarazi dizkie antolatzaileei. Esaterako, hiru aldiz igoko dute Meagako gaina, Zarauztik Getariarako noranzkoan. Ordea, Done Bladiko maldatzarrak sortu du ikusmin handiena.

Ez alferrik, Aiako pendizaren faltan, hura izango baita bizikletako zatirik gogorrena. Zarauzko herrigunetik Elkano auzora igotzeko bidean, hiru kilometroko aldapa igo beharko dute triatloilariek; %7,9ko pendiza du batez beste.

Dena den, azken zatia da gogorrena, ikusmin handiena sortu duena: azken 400 metroek %15eko gogortasuna dute, batez beste, eta pendiza %20koa da tarte batzuetan. Hain justu, maldari izena zor dion Done Bladiko ermitatik auzorainoko tartea da hori.

Hura igarota beste itzuli bat osatuko dute, eta, gero, Meagara igoko dira. Han norabidea aldatuta, Zarauzko malekoira egingo dute berriz, bizikletako oinetakoak utzi eta korrika egitekoak janzteko.

Izan ere, 21 kilometroko saltekak osatuko du triatloia. Igerikoak nola, korrikako zatiak ez du aldaketarik izan, eta ohiko bidea egingo dute. Malekoitik eta Iñurritzako biotopotik ibili eta gero, Kale Nagusiak gehituko du zirrara, Lege Zaharren enparantzan amaituz, jendearen txalo artean. Zale kopuru handiak egiten du berezi proba, eta hortik tiradizoa: 34. aldia du aurten.

Maila ona, bermatuta

Proba preziatua da Zarauzkoa, eta horren adierazle da maila goreneko triatloilarien parte hartzea. Aurten, gainera, PTO Triatloilari Profesionalen Elkarteko rankingerako puntuagarria izango da lasterketa, lehendabiziko aldiz.

Hala, Getariako abiapuntuan batuko dira triatloiko izarretako asko. Gizonezkoetan, Mario Mola da berritasun nagusietako bat; Mallorcan (Herrialde Katalanak) jaiotako kirolaria estreinako aldiz ariko da Zarautzen. Molak hiru aldiz irabazi du olinpiar distantziako munduko txapelketa—Zarauzko lasterketa distantzia ertainekoa da; luzeagoa—.

Parte hartzaileen artean izango da, halaber, Zarauzko lasterketa 11 bider irabazi duen Eneko Llanos gasteiztarra. Baita Leon Chavalier frantziarra, Cesc Godoy kataluniarra eta David McNamee eskoziarra ere. Azken hori ironmaneko Munduko Txapelketan hirugarren izan da hiru aldiz.

Emakumezkoetan, Helene Alberdi bilbotarra da garaipenaren lehian ariko den euskal ordezkaria. Zumaian bizi da, eta Espainiako Distantzia Erdiko Txapelketa irabazi zuen maiatzean. Hain justu, Alberdik Judith Corachan menderatu zuen Iruñean korritutako lasterketan.

Alabaina, kataluniarra da Zarauzko proba irabazteko hautagairik behinena. Hark irabazi ditu azken bi aldiak, 2018an eta 2019an. Haiez gain, parte hartzaileen zerrendan daude Emma Bilhan suitzarra, 2019an bigarren sailkatutakoa, eta Justine Guerard frantziarra, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.