Desio bera dute

Bi talde indartsuenen patroiak dira: Ioseba Amunarriz, Hondarribia taldekoa, eta Gorka Aranberri, Urdaibaikoa. Amunarriz hamalaugarren aldiz ariko da gaur Kontxako Banderan, eta Aranberri, berriz, zortzigarren aldiz. Bi dauzka irabazita gipuzkoarren lemazainak, eta hiru bizkaitarrenak.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2016ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Arrauneko bi patroi onenetakoak izango dira. Bi traineru eramaten dituzte, bakoitzak berea, eta biak dira indartsuenak aurten ere. Bi gidarien lanak ere badu eragina nagusitasun horretan. Biek nahi dituzte banderak eta estropadak irabazi, eta bereziki, bat dute kutuna: Kontxako Bandera. Desira eta irrika horretan, talka egin zuten biek 2013an, Urdaibaik irabazi baina epaileek Hondarribiari eman zioten aldian. Ordutik, hitzik ez elkarri. Bakoitza berera. Baina desio bera dute oraindik ere: Kontxako Bandera. Biek nahi dute estutu berriz hainbeste irrika dutena. Aurten ere, Ioseba Amunarrizek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978) Hondarribiaren bidetik egingo du ahalegina, eta Gorka Aranberrik (Zarautz, Gipuzkoa, 1987), Urdaibairen bidetik.

Aurreikuspenak betetzen badira, bietako batek astinduko du bandera: Amunarriz edo Aranberri. Biak ez. Bata edo bestea. Bien arteko lehiak jarraitu egingo du, beraz. Garaipen zerrendan, aurretik da Urdaibaikoa: hiru dauzka irabazita (2011n, 2014an eta 2015ean), hirurak Urdaibairekin; Amunarrizek bitan irabazi du (2005ean eta 2013an), biak Hondarribiarekin.

Esperientzia zabala dute Kontxan. Hau hamalaugarren ahalegina izango du Amunarrizek, eta zortzigarrena Aranberrik, aurreneko biak Zarautzekin (2006an eta 2007an). Duela hamalau urte jarri zen aurrenekoz Amunarriz Kontxaren babesean, 24 urterekin. Aranberrik 19 zeuzkan.

Urteak eta eskarmentua dituzten arren, BERRIAri aitortu diote oraindik ere urduri jartzen direla Kontxaren harira. Hala aitortu zuen Amunarrizek atzo bertan, Donostiako arranplan, asteko azkeneko entrenamendua hasi aurretik: «Beste estropadetan edukitzen ez den urduritasuna izaten dut. Iaz, adibidez, bigarren igandearen bezperan lo ere gaizki egin nuen». Bien bitartean, Aranberri iritsi berria da kaira, eta, Urdaibaik ohi duen bezala, ez du jaitsi arranplara trainerua; goian utzi du, behean ez dago lekurik. Amunarriz eta Aranberri ez daude oso aparte elkarrengandik, metro batzuk baino ez daude bien artean, baina bat arranplan dago, eta bestea kaian. Aparte.

Gaur ere hala izango dira estropada hasten denean. Hondarribia lehen txandan joango delako, eta Urdaibai bigarrengoan. Bi patroiek nahi zuten aurrenekoan atera, «Kontxan,ia beti, baldintzak hobeak izaten direlako lehenengo txandan»; biak bat erantzun horretan. Amunarrizek hausnarketa hau egin du beraien txandaz: «Ohorezko txanda ematen du, oso aurkari indartsuak direlako Orio, San Juan eta Kaiku». Arraun munduan zabaldu den ustearen arabera, mesede egingo dio Hondarribiari hain aurkari indartsuak izatea alboan, estutu egingo dutelako. Hauxe Amunarrizen iritzia: «Estutzen bagaituzte, guretzat ona izango da, baina, horretarako, ezingo dugu burua galdu, estutze horretan beraiek aurretik jartzen badira; hasieran, adibidez».

Aranberrik, berriz, faltan sumatuko du talde indartsuren bat alboan, aldez aurretik ikusita ez baitira Urdaibairen parekoak Tiran eta Zierbenan, eta zer esanik ez Donostiarra: «Aurkari indartsuaren akuilua faltako zaigu, baina entrenatzailea eta ni izango gara arraunlarien akuilu». Biek oso garbi dute zer den balizko garaipenaren oinarria: «Guk geurea egitea funtsezkoa izango da. Hala ez bada, jai daukagu». Biak ados.

Ondo baino hobeto ezagutzen dute eremua, eta badakite zein zaila den hainbeste desiratzen duten maitalearen baiezkoa entzutea. «Kanpoko faktoreek sekulako eragina daukate hemen. Kaleak direla, eguraldi aldaketak, txandak... Eremua bera, gainera, dagoen bihurrienetakoa da». Hala ere, urtero bandera kutunenaren bila etortzen dira, eta hori lortzea da urteko garaipenik handiena bientzat eta beste arraunlari guztientzat. «Olinpiar Jokoak dira guretzat», esan du Amunarrizek. «Norbere lanak adina eragin izatea kanpoko faktoreek, eta, hala ere, hain desiragarria izatea, kontraesana ere bada», bota du Aranberrik, «baina hau da estropada bereziena, xarmagarriena».

Eta elkarrengandik aparte jarraitu dute entrenamendua prestatzen, bakoitza bere taldekideen alboan. Ez kaixo, ez agur. Gertu, baina aparte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.