«Ziklo baten amaiera da». Miguel Madariaga Euskadi fundazioko presidenteak pareta bat eraiki dio iragan hurbilari. «Txirrindularitzaren gailurreraino iritsi den hogei urteko lanaren amaiera da». Euskadi fundazioa ez da ariko, jada, Euskaltel-Euskadiren zubi lanetan. «Urtarriletik aurrera, proiektu desberdin bati ekingo dio fundazioak; aurrekoaren gauzarik onenak hartuko ditugu, eta ahalik eta gehien aldatzen saiatuko gara, proiektua modernoagoa eta gaurkotua izan dadin». Iñaki Zarate fundazioko presidenteordea eta Dorleta Zorrilla koordinatzaile nagusia ondoan zituela aurkeztu zuen proiektua Madariagak, atzo, Derion (Bizkaia), fundazioaren egoitzan bertan.
Azken hilabeteotan ilunetik gehiago izan du euskal txirrindularitzaren egoerak. Caja Rural Nafarroako taldea Kontinental Profesional mailan egonkortuta, muturtuta ibili dira Euskaltel-Euskadi, Euskadi fundazioa, Ner Group, erakunde publikoak, Euskadiko Txirrindularitza Federazioa, Jon Odriozola eta Miguel Madariaga bera. Orain bi hilabete eskas, bazirudien Ner Groupen babesean bat egingo zutela guztiek, Kontinental Profesional mailako talde bat sortuta.
Baina mutur banatara jo du alde bakoitzak, eta, gaur-gaurkoz, Madariagak bakarrik egin du aurrera. «Azpiegitura guztiaz gain, 450.000 eurokoa da aurrekontua, eta 100.000 euro geratzen zaizkigu, oraindik, osatzeko». Hainbat enpresarekin hizketan ari direla eta negoziazioak «nahiko aurreratuta» daudela argitu zuen, hala ere. Denboraldi honetan egin bezala, mailarik apalenean, Kontinental mailan, zortzi txirrindularirekin aurrera egitea erabaki du, azkenean, Madariagak. Multzoa osatzeko txirrindulari bakarraren faltan —lehenbailehen jakinaraziko dute izena—, banan-banan aurkeztu zituen gainerako zazpiak: Jon Larrinaga, Haritz Orbe, Mikel Aristi, Illart Zuazubiskar, Carlos Barbero, Victor Etxeberria eta Beñat Txoperena.
Dorleta Zorrilla, egituran
«Aurrekontua handitzea lortuz gero», gainera, zortzi txirrindularitik hamarrera pasatzeko aukera ere badago. Aritz Arberas arabarrak ere taldean jarraituko du, prestatzaile fisiko eta bigarren zuzendari lanetan. «Aurreko bidea eta proiektu berria ulertzen duen zuzendaria lotu artean», Madariagak berak eta Dorleta Zorrillak hartuko dute kargu hori. Zorrilla izango da, hain zuzen ere, fundazioaren koordinatzaile nagusia.
Fundazioko 1.600 bazkideen ekarpena eskertu eta goraipatu zuen Madariagak, eta EDP amateur mailako taldearen egitura ere jakinarazi zuen —egungo Naturgas—. 11 txirrindulariko taldea izango da: Ivan Garcia Cortina, Julen Amarika, Pablo Comins, Javier Martin, Jon Irisarri, Josep Miralles, Jesus Alberto Ruiz, Oscar Gonzalez, Eder Saez de Ocariz, Ander Etxebarria-Zarraga eta Xabier San Sebastian. Zuzendaria, berriz, Ion Lazkano izango da.
«Desberdina eta modernoa»
Euskaltel-Euskadirekin lotura guztiak hautsita, zazpi txirrindulariko talde bat aurkeztu du Miguel Madariagak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu