Txirrindularitza

Desagertzera behartuak

Euskal txirrindularitzak hutsune handia nabarituko du errepidean datorren denboralditik aurrera. Bizkaia-Durango eta Sopela talde mitikoek jakinarazi dute ezingo dutela beren jarduerarekin jarraitu eta 2024 honetan ez direla irtengo errepidera.

(ID_17054000244355) (/EZEZAGUNA)
Lucia Ruiz (Sopela) eta Lucia Gonzalez (Bizkaia-Durango) Sopelako Udala sarian, helmugan. BIZKAIA-DURANGO
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Azken bi hamarkadetan euskal txirrindularitzaren bereizgarri izan diren bi talde ez dira tropelean izango sasoi honetan, Espainiako Federazioak eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) datozen denboraldietan ezarri nahi duten emakumezkoen txirrindularitzaren profesionalizazioaren ondorioz. Ez Bizkaia-Durango, ez Sopela ezin izan dira iritsi eskatutako neurrietara; izan ere, aurrekontuak hirukoiztera behartzen zituzten.

UCIk iragarri zuen 2025etik aurrera arau berriak ezarriko zituela Kontinental mailako taldeetan baldintza hobeak ezartzeko, emakumezkoen txirrindularitza gizonezkoenarekin parekatzeko. Baina hobekuntza horiek Bizkaia-Durango eta Sopela taldeak desagertzea ekarri du. Aspalditik bolo-bolo zebilen albiste txarra egia bihurtu da.

Sopela taldeko zuzendari eta mekanikari izan da Paco Pla txirrindulari profesional ohia (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1967), eta taldearen amaieraren inguruan hitz egin du. Berretsi du emakumezkoen eta gizonezkoen nominak talde kontinentaletan parekatzeko Espainiako Federazioaren eskakizunek «itxiera behartu» dutela, eta azpimarratu du bere taldeak ezin zituela ordaindu emakumezko ziklisten gizarte segurantza eta soldatak. Duela sei urtetik zeraman Bizkaiko taldearen gidaritza, eta elitean, besteak beste, Sara Martin, Alba Teruel, Claire Steels eta Sofia Rodriguez txirrindulariak eraman ditu profesionaletara berriki.

Paco Plak dioenez, taldeak «tranpolin gisa» balio zien egitura handiei. «Ongi funtzionatzen genuen, eta hori ia ez genuela aurrekonturik. Bizikletak prestatzen nituen, zuzendari lanak egiten nituen, eta gero bizikletak garbitu eta konpontzen nituen». Baieztatu duenez, jada itxi dute dena. «Bizikleta, material eta ibilgailu guztiak saldu ditugu, eta uste dut Espainia mailako talde gehienak egoera berean daudela, eta zuten guztia desegiten ari direla. Pena handia da emakumezkoen txirrindularitzarekin hori egitea; eskakizun horiek egin ahal izateko, babesle askoren laguntza izan behar dugu, eta, bestela, erabaki hori hartu duten erakunde ofizialek lagundu behar digute. Jende asko langabezian geratuko da».

«Emakumezkoen txirrindularitza profesionalizatu nahi izan dute, baina, nire ustez, azkarregi profesionalizatu nahi izan dute» 

PACO PLASopela taldeko zuzendari ohia

Emakumezkoen tropeleko talde kontinental askok aurrekontu estuak zituzten, euskal egiturek bezala, eta gastuak hirukoiztu behar izatea ia heriotza epaia izan da haientzat. Horrela, profesionalizazio ahalegin horrek kontrakoa eragin du: hain zuzen ere, talde askoren desagerpena eta txirrindularien, mekanikarien eta egiturarekin lotutako gainerako langileen kaleratzea. Bizkaia-Durango talde enblematikoa ere ez da libratu, eta ixtera behartu dituztela adierazi du Agurtzane Elorriaga zuzendariak (Iurreta, Bizkaia, 1978). «Jauzi handia egitera behartzen gintuzten; diru asko topatu behar genuen oso tarte txikian, eta ez da posible izan. Proiektua amaitzea besterik ez zaigu geratu, pena handia ematen digun arren».

2004. eta 2008. urteen artean txirrindulari profesional aritu zen Elorriaga Bizkaiko taldea horretan, eta ondo ezagutzen ditu Bizkaia-Durangoren azken urteetako joan-etorriak. Taldeak hirurehun txirrindulari ingururi eskaini dizkie aukerak, munduko lasterketa ospetsuenetako batzuetan lehiatzeko aukera emanez. Joane Somarribarekin Frantziako Tourra irabaztetik Giroan eta Vueltan parte hartzeraino, Bizkaia-Durangok arrastoa utzi du emakumezkoen txirrindularitzan.

Hainbeste urteren ondoren, «arraroa» egiten zaio Elorriagari denboraldi hasierako ardurarik ez izatea, baina «mentalizatua» zegoen ez zutela lortuko baldintza berriei aurre egitea. «Pena da hainbeste urtez lan egin, hainbeste txirrindulari atera eta orain itxi behar izatea. Baina ez dago besterik; errealitatea onartu behar dugu».

«Uste dut ez dutela benetan ezagutzen emakumezkoen txirrindularitza. Ongi aztertu balute egoera, ez zuten erabaki hori hartuko» 

AGURTZANE ELORRIAGA Bizkaia-Durango taldeko zuzendari ohia

UCIren asmoa zen neurri berriak 2025etik aurrera ezartzea, baina Espainiako Federazioak iragarri zuen eskakizun horiek 2024an ezarriko zituztela. Txirrindularien soldaten igoerak aurrekontuak handitzera behartu du, baita gizarte segurantzaren ordainketak ere. Horrez gain, prestakuntza mediko edo logistiko handiagoa eskatu dute taldeen egiturarako. Eskakizun horiek guztiek bideraezin egiten dute Bizkaia-Durangok eta Sopelak aurrera jarraitzea, baita beste hainbat taldek irautea ere. Plaren ustez, «neurri bortitzak» ezarri ditu Espainiako Federazioak. «Hemengo txirrindularitzan sartua dagoen jendeak badaki ez dela txirrindularitza profesionala, eta ezin dela halakorik eskatu. Profesionalizatu nahi izan dute, baina, nire ustez, azkarregi profesionalizatu nahi izan dute. Maila profesionala ez dute izan talde hauek, eta profesionaletarako zubi bezala funtzionatu dugu. Orain, moztu egin dute zubi hori».

Enpatia falta

Elorriagak ere bat egiten du Plarekin, eta adierazi du neurriak jarri dituztenek ez zutela «behar bezain ondo» ezagutzen egoera. «Uste dut ez dutela benetan ezagutzen emakumezkoen txirrindularitza. Ongi aztertu balute egoera, ez zuten erabaki hori hartuko. Beti izan dugu profesionaltasuna lortzeko helburua, baina kontua da ezin garela iritsi neurri horietara. Salto handiegia eskatu digute, eta erdibideko zerbait bilatu behar zen».

Albistea tristuraz hartu badute ere, jada onartu dute historia handiko bi taldeak ez direla errepidera irtengo aurrerantzean. Elorriagari pena handia eman dio horrela amaitzeak, eta azpimarratu du «oso kaltegarria» izango dela, neska askok txirrindularitza utzi beharko dutelako. Plari ere mina ematen dio amaiera honek, eta Espainiako Federazioaren «enpatia falta» nabarmendu du. «Ez dute kontaktu handirik izan taldeekin, eta ez dute modurik onena aurkitu emakumezkoen txirrindularitza profesionalizatzeko. Errealitatea gehiago ezagutu behar zuten horrelako erabaki bat hartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.