Desagertzea hurbilago

Diru arazoengatik Asobal ligatik kanpo geratu ondoren, Arratek gero eta zailagoa du irautea

Joan den denboraldian Arratek eta Port Saguntek Ipuruan jokatutako Asobaleko partida. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Arrate Asobaletik kanpo geratu da, zortzi urteren ondoren. Eibarko taldeak ezin izan du eskubaloiko mailarik gorenean jarraitzeko bermea ordaindu, eta ez du bertan jarraituko. Maila galtzeaz gain, klubak dituen diru arazoengatik, zaila dauka bizirik jarraitzea, eta irailaren 1ean bazkideek erabakiko dute haren etorkizuna. Dena dela, etorkizun beltza du, taldeak 1,9 milioi euroko zorra baitauka.

Azken orduko mugimenduek ez zuten esperotako erantzunik jaso. Kutxarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin hitz egiten aritu ziren zuzendaritzako kideak, 150.000 euroko bermea ordaintzeko diru bila. Baina ezin. Herenegun amaitu zen Asobaleko Jarraipen Batzordeari ligan jarraitzeko bermea ordaintzeko epea. Horrenbestez, eskubaloiko mailarik gorenean aritzeko aukera guztiak galdu ditu Eibarko taldeak.

2008. urtearen erdialdean hasi ziren diru arazoak Arraterentzat, babesle nagusia joan zenean. Horrek taldea sasoi bakoitzeko 600.000 euroko diru sarrera gabe utzi zuen.

Martxoan taldearen egoera ekonomikoaren larritasuna ikusita, Iñaki Ugarteburu Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol arduradunak 400.000 euroko diru laguntza emango zuela onartu zuen, betiere taldeak mailan mantentzea lortuz gero. Baina laguntza ez da inoiz heldu, eta gobernu aldaketarekin, ez da inoiz helduko. «Guk ez dugu adostutako dirua baino gehiago eskatzen, guk eskatu diguten guztia bete dugu, baina du ezertako balio izan», esan du Koldo Goenagak, Arrateko zuzendaritzako kideak.

Irailaren 1ean ezohiko batzar orokorra egingo dute, eta bertan, kudeatzaile batzarrak bere dimisioa aurkezteaz gain, bazkideek taldearekin zer egin erabakiko dute, eta litekeena da 64 urteko ibilbidea bukatzea. Izan ere, orain klubak 1,9 milioi euroko zorra du jokalariekin eta entrenatzaileekin. Gainera, mailaz jaisteagatik, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak bertan behera geratuko dira, eta, hortaz, arazo ekonomikoa larriago bilakatuko da.«Ekonomikoki bideraezina da jarraitzea, eta ziur naiz Arrate desagertu egingo dela», esan zuen Goenagak herenegun.

Horren tokia Anaitasunak har dezake. Horretarako, Asobalek eskatzen dituen baldintzak bete beharko ditu, hurrengo 48 orduetan, baita bermea ordaindu ere. Eskatutako guztia betez gero, Iruñeko taldea Lehen Mailara igoko da ia hiru hamarkadaren ondoren. «48 ordu hauek zoramenezkoak izango dira, ahalegin guztiak egingo ditugu Asobalen egoteko», esan du Javier Labairuk, Anaitasunako presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.