Jon Pacheco Dozagaratek (Elizondo, Nafarroa, 2001) gorengo mailarako horma eraitsi du. Harrobiko jokalariak tokia egin du Imanol Alguacilen taldean, eta, lehia handia izan arren, aukerak izan ditu jokatzeko. Azken jardunaldietan ez da aritu, baina ez du presarik: «Lanean segitu behar dut».
Derbi eguna da. Nola iragan duzue astea?
Besteak bezala. Denboraldiko garrantzitsuenetako bat da, baina astea prestaketan igaro dugu.
Zuk eta taldekideek 24 elkarrizketa egin dituzue egun hauetan. Horretan izango da berezia.
Tira, hau da nire lehendabizikoa [barrez]. Alde horretatik bada...
Taldea aldarte ezin hobean ailegatuko da partidara. Entrenamenduetarako laguntzen al du?
Sei puntu gainetik ailegatuko gara, baina haiek ere une onean daude. Uste dut bi taldeak goian iritsi garela, eta Athleticek gauzak zail jarriko dizkigula.
Etenaren osteko partida guztiak irabazi dituzue. Zein da sekretua?
Entrenatzea. Sasoiaurreko txiki bat egin dugu, eta entrenamendu gogor batzuk egin genituen tartean. Munduko Kopan ez ditugu jokalari asko izan, eta une onean gaude denok.
Nolako taldea da zure ustez Ahtletic?
Oso sakon jokatzen du. Badakigu Williams anaiak [Nico eta Iñaki] oso azkarrak direla, eta uste dut haien jokoa dela garrantzi handiena duena. Bi horiek, Oihan Sancetek...: horiek ematen diete sakontasuna.
Datuen arabera, Athletic da kontrarioaren zelai zatian baloi gehien berreskuratzen duen taldea. Zaila izango da baloia jokatuta ateratzea?
Hara, datu horren berririk ez nuen. Baina, bai, nik uste dut guk geurea egin behar dugula, gure estiloan jokatu. Erran dizudana: jokalari azkar ugari dituzte haiek, eta baloi aunitz errekuperatzen dituzte.
Zuri-gorriak bi berdinketa batuta ailegatuko dira Donostiara. Gose handiagoa izango al dute?
Ezetz uste dut. Bi taldeetako jokalariek badakigu derbi batek zer dakarren, eta guk dena ematera atera behar dugu zelaira.
Nolako partida aurreikusten duzu?
Ohiko derbia. Gogorra izango da, segur aski, eta akaso zalapartaren bat izango da tartean [barrez]. Ez, guk gure ohiko estiloan jokatu behar dugu, gure jokoa eginez. Ea horrela hiru puntuak eskuratzen ditugun.
Funtsezkoa izango al da norgehiagokara ondo sartzea?
Bai, nik baietz uste dut. Derbietan, lehenengo gola sartzen duenak asko irabazten du. Garrantzitsua izango da, baina ez erabat. Beste gauza batzuk ere ondo egin beharko dira.
Derbia izateaz gainera, sailkapenari begira ere garrantzitsua al da norgehiagoka?
Bai. Irabazten baldin badugu, bederatzi punturen tartea lortuko dugu. Gainera, Txapeldunen Ligako postuetan segituko genuke beste astebetez, eta hori ere garrantzitsua da guretzat.
Jaialdia antolatu dute Anoeta kanpoaldean. Nolako giroa espero duzu barruan?
Betiko giroa. Azken boladan kasik bete egiten da estadioa, eta, derbia izaki, bete egingo da. Agian, xextra gehiago izango da, handik [Bilbotik] jende gehiago etorriko delako. Giro polita espero dut, futboleko giroa.
Zelaian egin zenuen azaroko etenera arteko bidea, baina handik bueltan ez zara ligan aritu. Zer hausnarketa egiten duzu horren inguruan?
Tira, nik nirean segitu behar dut. Entrenatu egin behar dut, beti bezala dena emanaz. Jokatzea egokitzen bazait, ahalik eta ondoen jokatzen saiatu behar dut, eta ea ongi ateratzen den. Baina, tira, azken finean futboleko dinamikak dira, eta halaxe hartu behar da.
Gainera, halako mailan ari den talde batean jokatzeak ez du oso erraza izan behar.
Hori da. Azkenean, zaila da; jakina da zer jokalari dauden nire postuan: Elus [Aritz Elustondo], Robin [Le Normand], Igor [Zubeldia]... Gainera, gaztea naiz. Gogor entrenatu behar dut, eta ea aukerak ailegatzen diren.
Partida asko dituzue aurrean, ligan ez ezik Espainiako Kopan eta Europa ligan ere ari zarete eta. Indarra kudeatzeak garrantzi berezia al du garai honetan?
Bai. Azken finean, erran dizudana. Entrenatzea da gakoa, eta aukerak dituzunean aprobetxatu egin behar izaten dira. Alde horretatik, partida aunitz dira, eta niretzat askoz hobe. Azkenerako, denok izango ditugu jokatzeko minutuak, partida ugari baitaude.
BERRIARI EMANDAKO AZKEN ELKARRIZKETAN, ESAN ZENUEN IMANOLEK ASKO ESTUTZEN DUELA ENTRENAMENDUETAN. ORAINDIK ERE HALA AL DA?
Bai, bai, denok estutzen gaitu. Badakigu nolakoa den Imanol [Alguacil, entrenatzailea]. Estutzen du, baina hori ona da. Adibidez, ni batzuetan erlaxatu egiten naiz, eta, Imanolek horrela estutzen duenean, bakoitzaren bertsiorik onena ateratzen du.
Ligan hirugarren postuan zaudete, eta beste bi txapelketetan, final-zortzirenetan. Horrela segituz gero, noraino ailegatu daiteke Reala?
Ikusiko da. Badakigu zer egin behar dugun. Partida guztietan dena eman, eta orain bezala jarraitu. Gero, ea zozketetan zorte apur bat hobeagoa dugun. Orain artean, Europan, esaterako, pixka bat txarra izan dugu [barrez]. Jokalari asko ari gara errekuperatzen, eta nik uste dut azken urteetako Realik onenetako bat ikusten ari garela gaur egun.
Hizpidera ekarri dituzunez, nola ari dira bueltatzen Mikel Oiartzabal, Ander Barrenetxea eta min hartutako beste jokalariak?
Ongi, oso ongi. Ikusten ari gara azken asteetan: itzultzen ari direnak oso ondo ari dira, eta nik uste dut hori ere ona dela guretzat, parean jartzen direnean estutzeko. Oiartzabal, Barrenetxea eta besteak ari dira pixkanaka osatzen. Badakigu halako lesio luzeak nolakoak diren, baina ari dira horri ere buelta ematen.
Partidaz partida ari al zarete? Hau da, Athletici irabaztea al da estreinako lana?
Bai, goian eutsi nahi diogu, eta, horretarako, Athletici irabaztea da lehen gauza. Gainera, zaleentzat ere berezia da. Lehen erran dudana: denboraldiko partidarik garrantzitsuenetako bat izaten da, eta ea hiru puntuak lortzen ditugun.
EUSKAL DERBIA. Jon Pacheco Dozagarat. Realeko jokalaria
«Derbietan, lehen gola sartzen duenak asko irabazten du»
Jon Pachecok aulkian hasi du urtea, baina «futbolaren dinamikak» direla uste du. Nafarraren esanetan, taldea ondo egoteak du garrantzia. Athleticen aurka «betiko estiloan» jokatzearen alde agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu