FUTBOLA

Derbian, bihotzak bi alde

Realak eta Osasunak derbia dute gaur Anoetan, eta biak berdin babestuko ditu Miguel Merinok. Mikel Merino txuri-urdinaren aita da, baina, semeak bezala, urte asko egin zituen gorriz jantzita. «Lehia parekatua eta gogorra» espero du.

(ID_13398122) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Mikel Merino, buruz errematatu nahian, Osasunak eta Realak ligan Sadarren jokatutako derbian. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Partida jakin batzuek bihotza erdibitu egiten diete futbolari izandakoei. Aurrez aurre dauden bi taldeetan jokatu badute eta gustura aritu badira, ezinezkoa egiten zaie baten edo bestearen alde lerratzea. Miguel Merinok (Madril,1966) ez zuen sekula jokatu Realean, baina han du orain semea, Mikel Merino. Osasuna, ordea, bere ibilbideko talderik garrantzitsuena izan zen: sei denboralditan jantzi zuen elastiko gorritxoa, 1988tik 1994ra bitarte. Hortaz, harentzat «bereziak» dira Realaren eta Osasunaren arteko derbiak. «Realean sei urte daramatza Mikelek, eta Osasunan, biok jokatu genuen luzaro. Etxean ez dugu galtzen bien partidarik».

Realak eta Osasunak derbia jokatuko dute gaur Anoetan (16:15, Movistar), eta gol guztiak ospatuko ditu Merinok, baina baita sufritu ere. Ikusteko dago, aitzitik, Reala eta Osasuna golak sartzeko gai diren: donostiarrek hiru partida daramate ate aurrean asmatu gabe, eta Sadarren astindua hartuta datoz gorritxoak: Celtak 0-3 irabazi zien. Ez daude garairik onenean. «Realaren kasuan, oso zaila zen Txapeldunen Ligan erakutsitako jokoari denbora luzez eustea. Lesioek, gainera, min handia egin diote taldeari. Jokalariak berreskuratzen ari da orain, eta hoberantz doa», aztertu du erdilari ohiak. Osasunaren okerrak ere erlatibizatu egin ditu. «Giro ezkor samarra dago taldearen inguruan, baina taldea ez dago horren gaizki. Galdu arren, jarrera ona erakutsi zuen Celtaren aurka, eta gai da gaur Reala estu hartzeko».

Oro har, Realaren denboraldia «bikaina» ari da izaten, Merinoren ustez. «Hiru egunean behin ari da jokatzen, eta balio handia eman behar zaio lortzen ari denari. Imanol oso ondo ari da kudeatzen taldea. Urtero Europan sartzea eta joko itzela egitea ohiko bihurtu da; meritu itzela du». Erasoan txinparta galduta dabiltza txuri-urdinak, baina, aldi berean, sekulako sendotasuna ari dira erakusten. «Azkenaldiko lorpenen zati handi bat defentsako egiturari zor dio Realak. Zenbatetan utzi du atea hutsean? Ikaragarria da. Oso ondo estutzen ditu aurkariak, ez die uzten kontraerasorik eta jaurtiketarik egiten». Semearen jokatzeko moduarekin ere nahiko pozik dago. «Arazo fisiko batzuk izan ditu, eta apur bat kosta zaio erritmoa hartzea. Baina beti lehiatzen da ongi, eta oso ondo ikusten dut orain. Gauza asko egiten ditu zelaian».

«Osasunaren aurka, Mikel ez da aritu beste partida batzuetan bezain distiratsu. Buruak eragina eduki ahal izan du»

MIGUEL MERINO Osasunako jokalari ohia eta Mikel Merinoren aita

Mikel Merino 2016an irten zen Osasunatik, eta 2018an iritsi zen Realera. Askotan lehiatu da geroztik gorritxoen kontra, eta golen bat ere sartu die; azkena, duela hiru aste, Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Hala ere, derbi horietan behera egiten duela iruditzen zaio haren aitari. «Gaizki ere ez dut ikusi, baina ez da beste neurketa batzuetan bezain distiratsu aritu. Buruak eragina eduki ahal izan du. Berak irabazi egin nahi du, noski, baina errespetu handia dio Osasunari; azken batean, han hezi zuten jokalari moduan».

Osasuna, hauskorregi

Are gutxiago gozatu du Osasunak Merinoren kontra, Realari irabazi ezinda baitabil. Behin ere ez du menderatu Jagoba Arrasateren agindupean dagoenetik. «Garaipenetik gertu egon da partida batzuetan. Iritsiko da noizbait; hori bai, berdinketa ere emaitza baikorra izango litzateke gaur», esan du Osasunako jokalari ohiak. Nafarren ilusioak itzaltzera egin du Europatik eta Kopatik kanpo geratu ostean, baina helburuak betetzeko bidean dira. «Mailari sufritu gabe eusten bazaio, poztekoa izango da. Gorago ere begiratu daiteke, baina beti zuhurtziaz».

Alabaina, zale askok iazko talde loriatsuaren falta sumatzen dute. Zer falta da orain? «Alde batetik, uste dut Abdek hutsune handia utzi zuela erasoko jokoan. Kalitate aldetik beste maila bat ematen zion taldeari; partidak bere kabuz erabakitzeko gai zen». Taldearen gabezia nagusia, ordea, defentsako hauskortasuna da. «Gol gutxi jasotzea da Osasunaren lehen zeregina, eta espero baino gehiago ari zaizkio sartzen sasoi honetan. Geldikako jokaldietan, adibidez, akats larriak egin ditu. Deigarria da, normalean nagusi izaten baita jokoaren alor horretan».

Gaurko norgehiagokari begira, ez du faborito garbirik ikusten. «Lehia parekatua eta gogorra izango da. Realak betiko ideiari eutsiko dio; hau da, baloiaren bidez nagusitzen saiatuko da. Osasunak, berriz, kontraeraso bidez egin nahiko du min. Ikusteko dago, ordea, zer sistema darabilen; Jagoba beti egoten da ezusteak emateko prest». Reala etxean ariko da, eta abantaila hori izango du. «Ordea, datorren astean Txapeldunen Ligako partida daukanez, hamaikako ezberdina erabiliko du gaur. Horrek eragina izan dezake». Ez du pronostikorik eman. Gauza bakarra espero du: semeak «partida ona» egitea. «Eta, gero, onenak irabaz dezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.