Bihotz barrenean du Reala Meho Kodrok (Mostar, Bosnia eta Herzegovina, 1967). Nola ez. Lau denboraldiz jokatu zuen elastiko txuri-urdina jantzita, 1991. eta 1995. urteen artean, eta zaleen oroimenean luzerako geratua dago; besteak beste, klubak inoiz izan duen aurrelaririk onenetakoa izana baita. Gerora, Realaren beheko mailetan entrenatzaile ere aritu zen, baita lehen taldean Joxemari Bakeroren laguntzaile ere. «Ibilbide hori ikusita, nola ez dut maiteko Reala! Denek badakizue hori». Dena den, «bizitzan lehenengo aldiz», Realak gal dezan nahiko du bosniarrak. Zergatik? Bada, txuri-urdinak Osasunaren aurka ariko direlako etzi Sadarren, eta talde gorritxoan daukalako Kenan Kodro semea. «Arraroa egingo zait Realaren aurka egotea, baina seme bat edozer gauzaren gainetik dago. Dudarik ez. Derbia Kenanek irabaztea nahiko dut».
Aitak berak bezala, semeak ere badu iragan txuri-urdina. Realaren beheko mailetan jokatu zuen, eta, bigarren taldean bertan, aita eduki zuen entrenatzaile. «Kodro abizena edukitzeak kaltea gehiago eragin zion mesedea baino. Batetik, erabat nirekin konparatzen zuten, eta horrek ez zion laguntzen. Eta, bestetik, ni haren entrenatzaile nintzela, gauza asko nahasten ziren. Erabaki guztiak neurtuta hartu behar izaten genituen biok, eta zaila zen hala aurrera egitea». Horregatik, orain dela bi urte, Reala utzi eta Osasunarako bidea hartzean, Kenanek zama handia kendu zuen bizkar gainetik. «Erabaki zuzenena hartu zuen. Realak adierazi zionean ez zuela bertan jarraituko, hasieran kolpea jaso zuen, baina, gerora, futbolari gisa hazi eta hezteko balio izan dio».
Zalantza gutxi baitu aitak oraindik ere hazten ari zaiola 23 urteko semea. «Osasunari eskerrak eman beharrean gaude, konfiantza handia izan duelako Kenanekin. Bere nortasunagatik edo, Kenan berandu ailegatu da futbolaren heldutasunera, baina nik nahiago ditut halako jokalariak, gero ibilbide luzeagoa izaten dutelako». Besteak beste, joan den sasoian erabakigarri gertatu zen aurrelariaren lana Lehen Mailara igotzeko bidean. Liga amaierara indartsu helduta, lau gol sartu zituen igoerarako kanporaketetan. «Poz handiak hartu izan ditut nire kirol ibilbidean, balentria batzuk lortua bainaiz, baina joan den sasoian semearekin adina poz ez dut sekula eduki izan. Seme baten zoriontasuna edozeren gainetik dago».
Eta Mehok uste du neurria emango duela Lehen Mailan ere. «Joan den astean egin zuen debuta Lehen Mailan, Malagan. Hain zuzen, bere urtebetetze egunean. Partida amaitu berritan hitz egin genuen telefonoz, eta pozik zegoen. Hobetuz joango da». Aitak uste du joan den denboraldia hain ongi amaitu izanak konfiantza erantsi diola, besteak beste. «Teknikoki, jokalari ona da; jokoa erraz ikusten du, eta golak sartzea ere ez zaio gehiegi kostatzen. Bigarren lerrotik ere ondo ailegatzen da». Horretan aitaren antza badu, beraz. «Ez gara berdinak, baina badaude antzekotasunak topa daitezkeen gauza asko. Halere, oraindik bide asko dauka egiteko, eta zeresana ematen jarraituko du. Ziur nago».
Derbi orekatua espero du
Ligako lehen jardunaldian, hasierako hamaikakoan izan zen Kodro, eta derbian ere hala izatea gustatuko litzaioke aitari. «Partida gogorra eta orekatua espero dut. Talde bakoitzak bere armak ditu, eta ondoen erabiltzen dituenak irabaziko du». Esate batera, Osasunak etxean aritzea baliatu behar luke. «Izugarria da Sadarren sortzen den giroa. Asko gustatzen zait. Taldeak nortasuna eta lehiarako irrika bizia du, eta ezaugarri horiek baliatu beharko ditu hiru puntuak lortzeko». Realak, berriz, hobe izango du bestelako jokoa egitea. «Reala futbolean jokatzeko eginda dago, eta horretan ahalegindu behar du. Kalitate handiko jokalariak ditu. Ea ez duten euren egunik onena izaten».
Etzi hala izango duten ezin jakin daiteke oraindik, baina Real Madrilen aurka ez zutela izan, hori garbi du Kodrok. 0-3 galdu zuten txuri-urdinek. «Denok espero genuen zerbait gehiago. Egia da aurkaria Europako txapelduna zela, baina azken bi urteetan taldeak gehixeago ematea espero izan dugu. Badute esnatzeko garaia. Berez, Europarako lehian egon beharko lukete». Osasunak, berriz, mailari eustea izango du xede. «Hori izango da gorritxoen borroka. Haien izaera aintzat hartuta, lortuko dutela uste dut». Edonola ere, etorkizunari baino gehiago, orainari begiratzen dio. «Ametsa litzateke Osasunak 1-0 irabaztea semearen golarekin».
«Derbia semeak irabaztea nahi dut»
Denboraldiko lehen derbia jokatuko da etzi, Osasunaren eta Realaren artean, eta egun berezia izango da Meho eta Kenan Kodrorentzat. Aitak argi utzi du semea edozeren gainetik dagoela, eta, bizitzan «lehen aldiz», Realak gal dezan nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu