FUTBOLA

Derbia, inoiz baino parekoago

Athleticek aukera bikaina du jardunaldia Europako postuetan amaitu eta Realari tartea handitzeko; txuri-urdinek, berriz, sailkapenean Athletic pasatzeko abagunea dute.

ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Brais Mendez (esk.) Oihan Sanceti (ezk.) segika. JAVIER ZORRILLA / EFE
inaut matauko rada
2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Asko dute esateko Athleticek eta Realak gaur San Mamesen. Denetik jazo da hamahiru jardunalditan, eta horren ostean dator derbia. Abuztuan espero baino parekoago dago kontua: gertu dira sailkapenean, Athleticek hogei puntu baititu, eta Realak, berriz, hemezortzi. Gauzak hala, Athleticek Europako postuetan eta Reala bost puntu atzean utzita amaitu dezake asteburua, baina baita Realaren atzetik ere.

Sailkapenaren erdialdeko taldeen arteko lehia oso bizia da aurten. Talde xume asko espero baino hobeto ari dira, eta Europako lekuetan amaitzeko hautagai nabarmenak ziren talde batzuek uste baino zailtasun gehiago izan dituzte puntuak eskuratzeko orduan. Reala da taldetxo horretan okerren hasi zena, Sevillarekin batera. Imanol Alguacilenek sailkapeneko behe postuetan hasi zuten liga, eta tarteka lortzen zituzten garaipenak, etxetik kanpo bereziki. Anoetan asko kostatu zaie puntuak eskuratzea, eta, Bartzelonaren aurkako azken garaipena kenduta, etxean partida bakarra irabazi eta bakarra berdindu dute.

Hala ere, bolada txar horretan tarteka puntuak lortuz joan da Reala, azken txanpan bereziki, azken bost partidetatik hiru irabazi, bat galdu eta bat berdindu baititu. Arerio gogorren aurka gainera, Bartzelonari, Gironari eta Sevillari irabazi baitie, eta Atletico Madrilen aurka berdindu. Gainera, Espainiako Kopan 0-5 irabazi zuen ostegunean Jove Españolen aurka, harrobiko jokalariekin gehienbat. Nahiz eta emaitza hobeak biltzen ari den, golak sartzeko zailtasunak hor dauka oraindik, hamahiru jardunaldietan 11 gol baino ez baititu sartu.

Alguacilek garrantzia kendu dio taldeen sasoiari, uste baitu derbiak «beti» direla bereziak. Reala etxetik kanpo ondo moldatzen bada ere, partida hau ezberdina dela adierazi du entrenatzaile txuri-urdinak. Igor Zubeldiak eta Martin Zubimendik gaur San Mamesen jokatzeko aukera izango dute, lesio txikietatik berreskuratu baitira, eta Umar Sadiq ere deialdian da. Orri Oskarsson lesionatuen zerrendara batu da, eta Alvaro Odriozola eta Urko Gonzalez de Zarate ere ez dira Bilbora joango.

Europan sartzeko aukera

Athleticen joera oso ezberdina da; are gehiago, kontrakoa dela esan daiteke. Bikain hasi zuen liga Ernesto Valverderen taldeak, baina azken partidetan zailtasun handiak izan ditu berdinketa baino emaitza hoberik lortzeko. Azken hiru partidak berdindu ditu, eta horren aurretik bat irabazi eta beste bat galdu zuen. Hala ere, larritzeko arrazoi gutxi dute zuri-gorriek, Europa Ligan ere sendo baitaude, hurrengo fasera zuzenean pasatzeko postuetan, eta ligan ere ondo kokatuta baitaude, Europako postuetatik sartu eta atera, atera eta sartu; gaur irabazita, jardunaldia postu horietan amaituko du Athleticek.

Valverdek Oihan Sancet eta Alex Berenger berreskuratu ditu, baina oraindik ez dago garbi Unai Simon jokatzeko prest egongo den ala ez. Valverdek uste du bi asteko geldialdia «ondo» etorri zaiola taldeari, eta uste du aurkari zaila topatuko duela parean, Realak «zenbaki oso onak» dituelako kanpoan.

Azken bi denboraldietan etxeko taldeek irabazi dute beti, Athleticek San Mamesen, eta Realak Anoetan. Realak ez du San Mamesen irabazi 2020ko abenduaren 31tik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.