Derbi desorekatua jokatuko da gaur Bidebietan

Bera Berak irabazi beharra du txapeldun izateko beste urrats bat egiteko, eta Kukullagak zulotik ateratzeko

Nerea Elizegi Kukullagakoa eta Eli Pinedo Bera Berakoa. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Julen Etxeberria.
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Lau jardunaldi falta dira Espainiako Ohorezko Maila amaitzeko, eta ezer gutxi dago erabakita, ez goitik, ez behetik. Hori bai, gerta daitekeenaren aztarna batzuk badaude: adibidez, txapela Bera Bera edo Ro'Casarentzat izango dela. Gaur-gaurkoz, Donostiako taldea da faboritoa bigarrenez jarraian liga irabazteko. Zortzi puntu banatzeko falta direla, lau punturen aldea du. Hori bai, Ro'Casak baino gol alde okerragoa du. Horregatik, ez da gaur txapeldun izango, gertatzen dena gertatzen dela.

Gaur ez, baina datorren astean izan daiteke txapeldun. Horretarako, lehenbizi, Kukullagari irabazi behar dio gaur Bidebietan (19:00). Ez dirudi lan zaila derbian nagusitzea, alde handia baitago bi taldeen artean. Lehen itzuliko partidako emaitza gogoratu besterik ez dago: 15-40 irabazi zuen Bera Berak Etxebarrin (Bizkaia). Kukullaga mailari eusteko lehian dabil, Castelldefels eta Kordobarekin batera. Bi punturen bueltan daude hirurak. Hiru taldeotako bat bakarrik salbatuko da.

Bidebietako derbia hasten denerako, Bera Berak izango duRo'Casaren emaitzaren berri. Kanariar Uharteetako taldea (Espainia) Zuazoren ariko da, 17:30etik hasita. Barakaldoko taldeak (Bizkaia) jada ez du ezer jokoan, baina mesede galanta egin diezaioke Donostiakoari gaur Ro'Casari irabaziz gero. Berdinduta ere oparia ez litzateke makala izango. Espainiarren garaipena ez den beste emaitza batek aukera emango lioke Bera Berari datorren larunbatean Alcobendasen (Espainia) liga irabazteko.

Asobal ligan, ezer gutxi jokoan

Asobal ligan, berriz, euskal taldeek ia ez dute ezer jokoan: Helvetia Anaitasunak ia ez du aukerarik Europarako sailkatzeko, eta Bidasoak maila galdua du. Biak etxetik kanpo ariko dira gaur: gipuzkoarrak, Guadalajararen pistan (19:00), eta nafarrak, Puente Genilen pistan (19:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.