Espainiako Kopa

Bi derbi Kopako final-zortzirenetan

Osasuna-Reala eta Athletic-Alaves izango dira Kopako kanporaketan. Sadarren eta San Mamesen jokatuko dute, zozketan hala erabaki baita.

Osasuna-Reala
Osasunak eta Realak Ligan jokatu zuten azken derbia. IÑIGO URIZ / FOKU
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 8a
20:49
Entzun

Zozketak derbi bikoitza ekarri du, eta zirrara handiko bi partida izango dira Espainiako Koparen final-zortzirenetan. Osasunak eta Realak elkarren aurka jokatuko dute Sadarren, eta Athleticek eta Alavesek, San Mamesen. Athletic-Alaves urtarrilaren 16an jokatuko da, 21:00etan. Osasunak Superkopako finalaurrekoa galtzen badu, Realaren aurkakoa 17an izango da, 21:00etan. Finalera pasatuz gero, Kopako kanporaketa 18an izango da, 19:30etan.

Ezuste gutxi izan dira Espainiako Kopan orain arte, eta zozketan Bigarren Mailako talde bakarra (Tenerife) eta Lehen Federazio Mailako beste talde bat (Unionistas) zeuden. Beste talde guztiak Lehen Mailakoak ziren; beraz, argi zegoen norgehiagoka interesgarriak egokituko zirela, baina inor gutxik espero zuen halako konbinaziorik.

Osasunarentzat berezia izango da oso Realaren aurkako partida. Etzi, Saudi Arabian jokatuko du Bartzelonaren aurka, Espainiako Superkoparen finalaurrekoa; txapelketa horretatik iritsi, eta lehenengo partida izango da Realaren aurkakoa. Realarentzat hirugarren partida izango da jarraian etxetik kanpo, eta, gainera, bigarren derbia jarraian. San Mamesen jokatu ondoren joango da Sadarrera, eta, ondoren, berriro, kanpora egingo du bidaia Celtaren aurka jokatzeko. Garrantzitsua izango da Osasunak Superkopan zer egiten duen; izan ere, jokatzeko datak aldatu daitezke gorritxoek Bartzelonari irabazten badiote.

Athleticek ere derbiz betetako hilabetea izango du. Hirugarren derbia izango du jarraian Valverderen taldeak: Eibarren aurka jokatu zuen Kopan, eta, ondoren, Realaren aurka Ligan. Alavesen aurka aspaldian ez du jokatu, irailaren 22an Mendizorrotzan 0-2 irabazi zuenetik. Babazorroak zertxobait larriago iritsiko dira partidara, tartean Sevillaren aurka kanpoan jokatuko baitute. Hurrengo partida ere oso garrantzitsua izango dute: Cadiz jasoko dute etxean Koparen partidaren ondoren, seguruenik bi edo hiru egun geroago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.