Ion Ansotegi. Realeko jokalaria

«Deportivori irabaziz gero, ez gara oroituko orain artekoaz»

Denboraldia hasteko gogotsu eta baikor dago Realeko bigarren kapitaina, eta udan eginiko lanak ez du kezkatzen. «Lan fisiko handia egin dugu, eta prest gaude lehiarako».

JUAN HERRERO / EFE.
jon eskudero
2015eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Hegazkinetik jaitsi eta hotelera heldu berritan erantzun dio deia Ion Ansotegik (Berriatua, Bizkaia, 1982) BERRIAri. Realeko bigarren kapitainak jakin badaki taldeak itxura eskasa eman duela sasoi-aurrean, baina ez dago kezkatuta. «Guztia bikain joan izan balitz gehiegizko konfiantzarekin hasiko genuen liga, eta hori ez da ona». Eta baikor dago, ongi ikusten baitu taldea. «Lan ona egin dugu, eta ilusioz gaude. Talde polita daukagu».

Zer moduz zaudete liga hastear dagoen honetan?

Ondo. Luzea izan da prestakuntza lana, eta egonaldi asko egin ditugu hainbat tokitan. Ordea, zerbait ezberdina sentitzen dugu orain. Tximeleta moduko batzuk sabelean. Liga hastera doa, denbora asko egon gara une honen zain, eta prestatutako guztia erakusteko garaia da.

Orain arte bildutako emaitzak txarrak izan dira. Pentsa: Reala izan da Lehen Mailako talde txarrena sasoi-aurrean. Kezkagarria al da hori?

Ez. Guztia bikain joan izan balitz, gehiegizko konfiantzarekin hasiko genuen liga, eta hori ez da ona. Talderik txarrena izan garela egia izango da akaso, baina ez dago neurgailurik. Talde guztiok aurkari ezberdinak izan ditugu, eta liga hastearekin bat ikusiko da nor dagoen ondo eta nor ez. Urteak daramatzat futbolean, eta kontraesan batzuk egokitu zaizkit. Sasoi-aurrean ongi ibili eta liga gaizki hastea zer den badakit, eta alderantziz ere bai. Horregatik, lasai gaude guztiok.

Prestakuntza, behintzat, ona izan da, ezta?

Lan fisiko handia egin dugu denboraldi-aurrean. Uztail hasieran ekin genion lanari, eta luze joan da. Toki askotan izan gara. Lan karga askorekin jokatu ditugu hainbat partida, eta normala ere bada hain emaitza onak ez lortzea. Ustez, liga ongi hasteko prestatu gara, eta daukagun guztia emango dugu aurrerantzean.

Zaragozaren aurka 3-0 galtzeak min emango zizuen, ezta?

Min handia. Gu baino maila bat beherago dagoen talde batek era horretan irabazten dizula ikustea beti da mingarria, nahiz eta jokoan deus egon ez. David Moyesek haserre amaitu zuen, eta guk ere bai. Normala den bezala. Nik neuk, gau txarra igaro nuen, eta gure esku dago orain istripu bat izan zela erakustea.

Nolako partida espero duzu Deportivoren aurka?

Ez dakit. Ligako lehenengo partida da, eta ez daukagu erreferentziarik. Guk aldaketa batzuk izan ditugu taldean, eta oraindik ikusi egin beharko dugu nola gaude gu geu. Horrez gain, Deportivok guk baino aldaketa gehiago egin ditu, eta dena berria izango da. Riazorreko partida ia guztiak gogorrak izan ohi dira, eta horixe espero dugu. Kasta atera eta aurre egin beharko diegu.

Urte asko daramatzazu taldean. Nolako Reala ikusiko dugu sasoi honetan?

Zaila da jakitea. Fitxaketa batzuk egin ditu zuzendaritzak, eta bigarren taldetik ere jokalari batzuk igo dira. Ondorioz, aldaketa batzuk jasan ditugu. Ez gehiegi, baina batzuk bai. Pentsatzen dut jokalari on asko ditugula eta maila ona emateko moduan egongo garela. Gakoa jarraitutasuna topatzea izango da.

Besteak beste, horixe bera esan du Moyesek asteon. Etxetik kanpo zenbakiak hobetu ezean, zaila izango dela goian egotea. Ados zaude?

Erabat ados. Iragan sasoian gaizki pasatu genuen. Otsailean, oraindik ere, Realak etxetik kanpo partidarik ez zuela irabazi zekarren prentsak, eta hori irakurri beharra ez genuen gustuko. Horregatik, sasoi honetan ongi hasi nahi dugu alde horretatik, eta gogor saiatuko gara. Deportivoren aurka aukera polita daukagu irabazteko eta ligari konfiantzaz ekiteko.

Realaren helburuak Europa izan behar al du?

Garai honetan horri buruz hitz egitea alferrikakoa da. Hori maiatzean erabakiko da. Kontu horiek ahaztu eta futbolean ahalik eta ondoen jokatzen saiatu behar dugu orain. Ligako taldeak gero eta hobeak dira. Lehiakortasun izugarria dago, eta partidaz partida joan beharko dugu. Modan dago esaldi hori, eta guk ere horixe aplikatu behar diogu geure buruari. Denok nahi genuke Reala berriro ere Europan ikusi, jokalariok ere bai, baina pausoz pauso joatea hobe izango da.

Halere, taldeak nahikoa kalitatea ba al du ligako onenen artean egoteko?

Baietz pentsatzen dut. Uste dut fitxatuak maila onekoak direla, eta gu haiei laguntzeko prest gaude. Esperientzia dugun jokalariok hori lortu behar dugu, etorri diren jokalari berriak ongi sentitzea Realean, eta bizkor egokitzea. Hori lortzen badugu, gauzak hobeto joango dira, eta zaleei pozteko arrazoi gehiago emango dizkiegu.

33 urte dituzu, eta beste denboraldi batez luzatu zenuen kontratua Realarekin. Zure azken sasoia izango al da?

Oraintxe ez du horretan pentsatzen. Lehiakortasun handia daukagu defentsako lerroan, eta guztiok saiatuko gara entrenatzailearen konfiantza lortzen. Gauzak ongi egin eta jarraitzeko gogoz sentitzen banaiz, hala egingo dut, eta bestela ez. Orain, liga hasiera daukat bakarrik buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.