Dentista mexikarra zain dute

Javier Aguirrek Kopako bere bigarren finala jokatuko du, oraingoan Mallorcaren aulkian. «Motibatzaile petoa» da Juan Iribarrenen eta Iñaki Muñozen hitzetan.

Javier Aguirre Mallorcako entrenatzailea
Javier Aguirre Mallorcako teknikaria, aginduak ematen, denboraldi honetako partida batean. SERGIO PEREZ / EFE
Iñaki Berastegi.
2024ko apirilaren 4a
05:15
Entzun

«Mallorcaren aurka jokatzea haginetako mina izatearen parekoa da edozein talderentzat». Joan den otsailean Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak Mallorcaren aurka ligako partida jokatu bezperan egindako adierazpena da hori. Zuri-gorriek, baina, aise, menderatu zuten ordu hartan Balear uharteetako taldea: 4-0. Larunbatean, sasoi honetan hirugarren aldiz neurtuko dituzte indarrak bi talde horiek Sevillako (Espainia) Cartuja estadioan jokatuko den Espainiako Kopako finalean, eta Javier Aguirre Onaindia (Mexiko Hiria, 1958) buru duen taldeak oso bestelako partida eta emaitza nahi ditu; Sevillakoa dentistarenerako benetako bisita izatea nahi dute Athleticentzat.

Talde gogorra, saiatua eta aurkaria deseroso sentiarazten duten horietakoa da Mallorca, eta entrenatzaile mexikarra da liderra. «Motibatzaile petoa da, aldagelako liderra, eta giza baliabideak eta egoera zailak kudeatzen oso ona. Esperientzia handia dauka futbol munduan, eta laneko giro ona sortzen du. Gainera, presioa kudeatzen oso trebea da, eta bere jokalariak askatzeko asmoz, berak xurgatzen du zaleengandik, hedabideengandik edo klubaren zuzendaritzarengandik etor litekeen presio hori. Egoera ezberdinetara egokitzeko gaitasun handia du». Modu horretara definitu du Juan Iribarren (Iruñea, 1967) prestatzaile fisiko eta entrenatzaile laguntzaileak mexikarra. 2002an, Osasunak Aguirre entrenatzaile gisa ekarri zuenean hasi ziren elkarrekin lanean, eta ordutik beste lau taldetan eta bi selekziotan batera aritutakoak dira. «Haren alboan asko disfrutatu dut. Klubaren azpiko mailetako prestatzaile fisikoa nintzela, Aguirreri nire lana gustatu, eta ni lehen taldera igotzeko eskatu zion klubari. Hamalau denboraldi egin ditut berarekin, han eta hemen».

Aguirre 2002tik 2006ra arte egon zen Sadarreko aulkian, eta denboraldi haietan guztietan Iñaki Muñoz (Iruñea, 1978) Osasunako jokalaria izan zen. «Oso denboraldi onak egin genituen. Lehendabiziko urtean mailari eutsi genion, eta, ondoren, Kopako final bat eta Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa bat jokatu genituen. Taldeko jokalari guztiei barruan zuten errendimendu guztia ateratzen zien entrenatzaile baten gisara oroitzen dut. Motibatzaile petoa zen, eta beti oso argi zuen zertara jokatu nahi zuen».

Gehienetan, taldeen dinamikak aldatzeko deitu izan dute Aguirre, baina, Iribarrenek dioenez, ez da haren bertute bakarra. «Gaitasun handia du horretarako, askotan egin du, baina, lan egiten uzten badiote, talde horiek hobetzeko gai da. Esaterako, Pachuca taldea egoera zail batetik atera, eta Mexikoko txapeldun izatera eraman zuen, eta, Mallorcatik mailari eusteko deitu bazioten ere, Kopako final batera eraman du orain».

«Taldeen dinamikak aldatzeko gaitasun handia du, askotan egin du hori, baina, lan egiten uzten badiote, talde horiek hobetzeko gai da. Pachuca txapeldun egin zuen, eta Mallorca Kopako final batera eraman du». 

JUAN IRIBARREN Javier Aguirreren laguntzaile izandakoa

Osasunaren eta Mallorcaren artean konparatzen hasita, Iribarren eta Muñoz ez dira ados jarri. Muñozek Osasuna hari gaur egungo Mallorcaren tankera hartzen dio. «Talde oso saiatua ginen, ausarta, eta oso modu zuzenean jokatzen genuen. Goitik oso ondo moldatzen ziren aurrelari borrokalariak genituen, eta, beraz, horrek badu antzekotasunik Mallorcarekin, Vedat Muriqi eta Cyle Larin halako erasoko jokalariak baitira». Iribarrenen ustez, Aguirreren Osasuna gertuago dago Valverderen Athleticetik, egungo Mallorcarengandik baino. «Osasuna hura Mallorca hau baino dinamikoagoa eta erasokorragoa zen. Dena errematatzen zuten lau aurrelari genituen, eta erdiratzaileak, David Lopez eta Ludovic Delporte, punta-puntakoak ziren. Mallorca hau beste zerbait da, bost defentsako atzeko lerroarekin jokatzen du, eta marrazkia ez ezik joko sistema ere ezberdina da».

Final parekatua

Emaitzei eta zenbakiei begiratuta Athletic oso nagusi bada ere, Iribarrenek zein Muñozek ez dute uste Athletic hain faborito denik. «Final oso parekatua izango da. Ez dut uste Mallorcak presio handirik daukanik, eta final zaila, deserosoa, prestatuko dio Athletici». Iribarrenek oso final «konplexua» irudikatzen du, batentzat zein bestearentzat. «Mallorcari kosta egiten zaio irabaztea, baina Mallorcari irabaztea ere oso zaila da. Partida lotuak, zailak planteatzen ditu, eta, azken jardunaldietan ligan emaitza onak lortu dituenez, Kopako finalera lasaiago joango da. Bientzat aukera historikoa da».

«Taldeko jokalari guztiei barruan zuten errendimendu guztia ateratzen zien entrenatzaile baten gisara oroitzen dut. Motibatzaile petoa zen, eta beti oso argi zuen zertara jokatu behar zuen bere taldeak». 

IÑAKI MUÑOZ Osasunako eta Athleticeko jokalari ohia

Euskal jatorria duen entrenatzailearen taldeak sei kanporaketa gainditu behar izan ditu finalera ailegatzeko. Aurrena, Boiro, Nafarroako Eguesibar taldea, Burgos eta Tenerife menderatu zituen, ondoren Gironari 3-2 irabazi zion final-laurdenetan, eta finalerdietan Reala penaltietan kanporatu zuen. Iribarrenek gertutik erreparatu dio bere lankide eta lagunaren Kopako ibiliari. «Teneriferen aurka 0 eta 1 irabazi zuten, 120. minutuan gola sartuta. Partidak irabazi dituenean oso alde laburrarekin izan dira. Neurketak oso ondo kudeatzen ditu, ez da urduri jartzen aurkaria baino gutxiago izaten ari bada ere, eta bere area oso ondo defendatzen du. Ikaragarria da hainbeste minutu kontzentratuta eta ondo antolatuta izateko duten gaitasuna. Euren aukera noiz ailegatuko zain egoten dira, eta izugarrizko pazientzia dute. Gironaren aurka bai oso bestelako zerbait egin zutela; hasieratik erasora atera ziren, ezustean harrapatu zuten Kataluniako taldea, eta 30. minuturako 3 eta 0 jarri ziren, eta, azkenerako, 3 eta 2 irabazi zuten».

Hiru urtez Athleticeko jokalari izan zenak, Iñaki Muñozek, finala talde zuri-gorriak irabaztea nahi du, eta Gaizka Garitanorekin Athleticeko prestatzaile fisiko izan zenak, hau da, Iribarrenek bihotza erdibituta dauka. «Final zaila da niretzat. Athletici onena opa diot, nahi nuke eurek finala irabaztea, baina, aldi berean, Aguirre eta bere familia asko maite ditut, eta gustatuko litzaidake finala berak irabaztea, merezi duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.