REAL MADRIL. 3. EIBAR. 0

Dentista eskuzabala

Eibarrek ezer gutxi egin ahal izan du erasoan, eta merezita galdu du.Real Madrilek bi gol sartu ditu lehen ordu erdian, eta hor bukatu da lehia

Capa Eibarko jokalaria, Isco Real Madrilekoari eskuineko besoarekin bultza egiten, atzoko partidan. J. J. GUILLEN / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: C. Ronaldok (21. min); 2-0: 'Chicharito' Hernandezek (30. min.); 3-0: Jesek (83. min.). Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak Eibarko Vila, Arruabarrena eta Boatengi. Bestelakoak. 73.965 ikusle Santiago Bernabeu estadioan, tartean Eibartik joandako 1.500.

Harro utzi zuen Eibarrek Santiago Bernabeu. Espainiako Ligako taldeen arteko desoreka hain da handia, 3-0ekoa emaitza duina izan daiteke. Real Madril 520 milioi euroko aurrekontua eta 90 milioiko zorra duen munstro bat da. Eibarrek, berriz, 17 milioiko aurrekontua du, eta zorrik ez. Gero, egia da, zelaian, eta topikoak gogoratzen duenez, 11 jokalari beste 11ren aurka aritzen dira, baina diru kutxaren eragina ez nabaritzea oso zaila izaten da. Horregatik egin zieten txalo Eibarreko jokalariei Eibartik joandako1.500 zaleek, 27.000 biztanleko herriaren populazioaren %5,5ek.

Santiago Bernabeu ez da Eibarrentzako plaza, egia da, baina, hala ere, han zerbait urratzeko asmoz zelairatu zen. Gaizka Garitanok esana zuen ez zuela partida botako. Lehen hamar minutuetan ausart aritu zen, goian presio egin eta korner edo faltaren bat baliatzeko asmoz. Denbora pasatu ahala, baina, logika eta etxekoen joko maila inposatuz joan zen, eta Real Madrilek baloia bahitu zuen.

Ekimena hartu eta etekina atera zion. Aukera garbiak sortzen hasi zen, eta bi aldiz gertu izan zuen gola Cristiano Ronaldok falta jaurtiketa baliatu aurretik (19. min). Areaz kanpotik bortitz jo eta Xabi Iruretagoienak baloia irentsi zuen. Norabidea eta botea ez zituen ondo neurtu. Iragan astean irabazitako konfiantza kolpetik desagertu zitzaion. Bigarrena hamar minutu geroago sartu zuen Real Madrilek. Chicharito Hernandezek buruz biribildu zuen taldeak eskuin hegaletik eginiko jokaldi dotorea.

2-0ekoarekin Real Madril lasaitu egin zen. Atsedenaldiaren aurretik hirugarrenaren bila joan zen, baina bigarren zatian baretu egin zen. Eibarrek askoz gehiago izan zuen baloia atsedenaldiaren ondoren, baina fruitu gutxi atera zion. Real Madril ondo jarrita zegoen atzean, eta ez zuen arriskurik sortu. Aldaketek ere ez zioten askorik eman. Oro har, irudi duina eman zuen, baina jokoa sortzeko gabeziak nabarmen ikusi ziren.

Bigarren zatia motela izan zen, eta Iruretagoienak geldiketa onak egin zituen Real Madrilek izan zituen aukera apurretan, lehen goleko hutsa garbitzeko adinakoak. Jese izan zen partida piztu zuen bakarra, 3-0ekoa banakako jokaldi bati esker sartu zuenean (83. min). Emaitza justua zen, Real Madril gehiago izan zelako, eta ez zen tematu zauria handitzen. Bernabeun jokatzea dentistara joatea bezalakoa dela esan zuen behin Joaquin Caparrosek; bada, atzo ez zion min handirik egin Eibarri, eta faktura ez zen hain garestia izan. Beste kontu bat izango da gaur zortzikoa: Celta hartuko du Ipuruan, eta hori bai, hori irabazi beharreko partida da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.