Arrauna. Markel Elorza. Santurtziko arraunlaria

«Denon arteko batasuna baliatuko dugu aurrera egiteko»

MARKEL ELORZA.
pettan uralde
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Iaz gertatu zen bezala, Sotera-k erabat berritu du taldea, joan eta etorri egin diren arraunlari ugarirekin. Helburua, beste behin, argi dute: seigarren urtez kategoria mantentzea. Javi Polo getxoztarrak debuta egin du entrenatzaile gisa, eta lan gogorra izan du hilabete hauetan hainbeste pieza berri egokitzeko. Asmoa mailariahalik eta azkarren eustea da, nahiz eta jabetuta dauden horrek duen zailtasunaz. Markel Elorzak (Zierbena, Bizkaia, 1990) esperientzia nahikoa du urte zaila izango dela jakiteko, baina erronkari aurre egiteko «prest» daudela dio.

Sekulako aldaketa izan du taldeak. Badirudi oraindik ez zaretela egokitu, ezta?

Erabat eraberritu gara, eta talde berria eraikitzen ari gara. Alde horretatik, argi dago talde berriekin egun txarrak eta onak izatea normala dela, baina aurrerapausoak ematen ari gara. Gogotsu gaude astebururako, eta gure onena ematen ahalegindukogara.

Entrenatzaile berriari ere egokitzeko beharrean izan zarete.

Lehenagotik harremana nuen Javirekin; arraunean elkarrekin aritu ginen duela denboraldi batzuk. Entrenatzaile hasi berria da, baina izan ditugun azkenengo biak ere berdin izan ziren. Azkenean, beti erakusten dute zenbat dakiten, eta ziur nago Polok ondo egingo duela.

Hala ere, oso desberdina izan da Bizkaiko Txapelketan eta Coruñan eman duzuen itxura

Bizkaikoan, hasieratik beldurrik gabe aritu ginen, eta hirugarren ziabogaraino Lekeitioren aurretik joan ginen. Ziabogara sartzerakoan, brankako arrauna apurtu genuen, eta segundo dezente galdu genituen. Azkenean, hirugarren postua galdu genuen, ehuneneko batzuen aldearekin

Non ikusten dituzu taldearen indarguneak eta ahulguneak?

Gazte asko daude aurtengo taldean, eta gogo handia dute erakusteko zertarako gai diren. Hala ere, igo berriak denak izan gara, eta pasatu beharreko prozesua da. Esperientzia falta hori urte asko daramatzagunok arinduko dugu, eta denon arteko batasun hori baliatuko dugu aurrera egiteko.

Kosta egingo ahal zaizue mailari eustea?

Argi dago mantentzea dela helburua, eta ahalik eta azkarrena saiatuko gara beheko postuetatik aldentzen. Aurreko urtean asko kostatu zitzaigun egonkortzea, eta beheko aldean iaz baino talde gehiago gaudela ikusten dut. Aurreko denboraldiaren antza izango du aurtengoak.

Zein izan daiteke taldea egonkortzeko gakoa?

Lehenik eta behin, Donostiako estropadara Coruñan gertatutakoa ahaztuta joatea. Coruñan aurkitu ez genuen arraunketa bilatuko dugu larunbatean [gaur].

Sentsazioak hobetuz joateko estropadak izan daitezke Donostiakoa eta Zierbenakoa?

Helburua hori da. Ahalik eta puntu gehien lortzeko asmoz joango gara bi estropadetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.