Amaia Gorostiza. Eibar taldeko presidentea

«Denok izango gara irabaziko duen aukeraren erantzule»

Kirol Hiria non egin erabaki behar dute Eibarreko akziodunek datorren astean, eta bi aukera aurkeztu ditu kontseiluak: Azitainen edo Areition. Eztabaida dago, Gorostizaren zuzendaritzak Areitiokoaren alde egin duelako; herritarrek nahiago dute herrian, itxuraz. Presidenteak dio zuzendaritzarena dela «aukera onena».

GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Eibar</i>
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Lasai bazaude, ni baino hobeto zaude», egin dio ihes Amaia Gorostizari (Eibar, Gipuzkoa, 1967), Eibarreko presidenteari, BERRIArekin solasaldiari ekin aurretik. Ez dira betiko garai onenak, Kirol Hiriaren gaia eztabaida handia ari baita eragiten Eibarren, kokalekua tarteko. Herrian nahi dute eibartarrek, oro har, baina Administrazio Kontseiluarentzako «aukera onena» kanpokoa da, «klubaren kirol eskaerak bete ditzakeelako, eta merkeagoa delako».

Azitaingo [Eibar] lurren prezioa erdira jaistea ez al da Areitioko [Bizkaia] aukeraren indarra gutxitzea?

Garbi geratu behar du kluba bi aukerekin ari dela lanean. Bien baldintzak hobetzeko lanean ari gara, eta bietako hobekuntza ona izango da klubarentzat. Ezberdintasuna dago, hala ere, oraindik, bi aukeren prezioen artean. Baina, prezioa gorabehera, mamia da bietan zeinek ematen duen baliabide gehien. Guk errespetatu egingo dugu akziodun bakoitzak bozkatzen duena, eta batzarraren hurrengo egunetik aurrera ere lanean jarraituko dugu batzarrak aukeratzen duen lekuarekin, edozein dela ere. Denok izango gara bozketan ateratzen den aukeraren erantzule.

Prezioa jaitsi izanak are gehiago eragin dezake akziodunarengan aukera horren alde egiteko?

Ez doa gure aurka. Gure aukera Areitio da, baldintza onenak baititu gure kirol sailak eskatu dizkigun ezaugarriak betetzeko. Pentsatu behar dugu orain dagoeneko baditugula Azitainen egingo genituzkeen hiru zelai, eta ez direla nahikoa. Gure talde guztiak sei lekutan sakabanatuak dauzkagu. Futbol egokitua Soraluzen ari da [Gipuzkoa]; emakumezkoak, Berrizen [Bizkaia], baliabide egokirik gabe. Harrobiko futbol guztiari eta lehen taldeari zerbitzu ona emateko, ondo jabetu behar dugu zer nahi dugun, eta, klubeko kudeatzaileak garen aldetik, gure gomendioa egin dugu, baina, gero, akziodun bakoitzak egin dezala bere hautua, jakina.

Zergatik da hobea Areitio?

Ez da hobea edo txarragoa izatea. Hemen kontua da gure entrenatzaileek egindako eskaerak betetzen dituela: lau zelai, eta bosgarrena egiteko aukera. 80.000 metro koadro dauzka, eta, gainera, Untzaga plazatik aterata, distantzia bera dago eta denbora bera behar da Areitiora eta Azitainera. Hala ere, ahatz ditzagun gauza txikiak, eta hel diezaiogun mamiari: zein da egokiena klubaren eskariak betetzeko? Zein egingo zaigu errazago mantentze lanak egiteko? Zeinenak dira baldintza ekonomiko hobeak? Areitioko lurra 18.000 metro koadro handiagoa da. Azitaingo hiru zelaietako batek ez lituzke arauak beteko neurriei dagokienez. 24 talde dauzkagu orain, eta denei egin behar zaie lekua. Batzarrak Azitaingo aukeraren alde egiten badu, gure harrobiaren etorkizuna birplanteatu beharko dugu, eta taldeak kendu.

Eztabaida handiena Eibarren bertan edo kanpoan egiteak eragin du?

Hori da eztabaida bakarra. Eibartar garen aldetik, ulertzen dut sentimendua edukitzea jendeak, eta Kirol Hiria herrian bertan egin nahi izatea, baina ezin gara okertu. Izan ere, Azitainen edo Areition egin, ez dugu aberastasunik sortuko, ezta lanposturik ere. Ipuruan ari gara hori guztia sortzen. Klubeko langileak Eibarren daude alta emanda, zergak Eibarren ordaintzen ditugu, eta horrela jarraituko dugu, Gipuzkoako elkarte bat gara, gure jokalariak Eibarren daude erregistratuak... Azitainen aukera ateratzen bada, jakin behar dugu Eibarri lur industrial bat kentzen ari garela, enpresa jarduera zabaltzeko duen eremu bakarra, eta eremu hori industrialde bati itsatsia dago. 62. 000 metro koadroko lekua izanda, atera kontuak zenbat enpresa edo lantegi egin edo jar daitezkeen hor. Lanpostu kopuru handia sor daiteke Azitainen, eta sekula baino garrantzi handiagoa dauka horrek, ikusirik herriko enpresak Eibartik badoazela, lanpostuak ere kanpora eramanez. Hau iritzi oso pertsonala da, eibartarra naizen aldetik egina.

Eibarren egiteko aukera Unbekoa zen, eta udalari aukera aurkeztu zenioten, baina ezezkoa jaso zenuten.

Bere garaian, udalari eskatu genion laguntzeko herrian bertan leku bat aurkitzen, eta Azitainen aukera bakarrik eman zigun. Lanean jarraitu genuen, eta Unberena landu. Klubak Unbe erosteko aukera eman genion udalari, eta Unbeko instalazioak Azitainen egitekoa. Baina ezezkoa eman zigun, lur publikoa delako, eta ezin delako salerosketan erabili. Unbe berriaren diseinua egina geneukan, eta Azitaingo 62.000 metro koadroko zatiaren pusketa batean Unberen antzekoa egitekoa ere bai.

Ulertzen duzu udalaren jarrera?

Ez daukat udalari esateko ezer, eta esaten badit lur publikoa dela, ezin dut ezer esan. Untzaga plaza erostearen pareko zerbait izango zela adierazi ziguten udaletik.

Kirol Hiriaren gaian Administrazio Kontseiluaren kontra dagoen giro honen atzean daude bere garaian zuzendaritzan izandako eztabaidak eta hauteskunde prozesuak eragindakoak?

Galdetu gauza hauek zabaltzen ari den jendeari. Gu kaltetuak gara, azken batean.

Norbait dabil atzetik asmo txarrekin?

Ona da kontrako jarrerak izatea, baina errespetuz egindakoak izan behar dute. Onartezina da gezurrak asmatzea jendeari kalte egiteko, iraintzea eta abar.

Kalean dabilen kontua da Areitioko lurrak Administrazio Kontseiluko kide batenak ere badirela, eta hark negozioa egiteko ari zaretela aukera horren alde egiten.

Gezur handi bat da hori. Kontseiluko inork ez dauka loturarik Azitainekin eta Areitioko lurrekin. Eta sinesten ez duena joan dadila Jabetza Erregistrora begiratzera zein diren lurren jabeak. Ez dugu ezer ezkutatzeko, eta, norbaitek kontrakoa baldin badio, erakuts dezala frogekin.

Kontseiluak ezin ditu erakutsi datu horiek?

Bai, baina lurren jabeak daude, eta haiek eman behar dute baimena jakinarazteko. Baina errazagoa da: Jabetza Erregistrora joan daitezela, han daude-eta datuak. Inor ez da joan gaur arte.

Zergatik ematen diezue aukera akziodunei Kirol Hiria egiteko lekua aukeratzeko, Kontseiluak aukera bazezakeen?

Nahi dugulako akziodunek parte hartzea klubarentzat hain garrantzitsua den egitasmo batean. Lehen aldiz egingo du klubak horrelako lan erraldoi bat, eta, gainera, ondarea sortzeko izango da. Jendeak parte ez hartzeko erabakia har genezakeen, baina Kontseiluaren borondatea ez da hori izan, nahiz eta eztabaida handia ari den eragiten gai hau guztia. Azkenean, denon ardura izango da Kirol Hiriaren geroa.

Zein izango da bozketaren emaitza?

Ezta arrastorik ere. Benetan ari naiz. Batzuek bihotzarekin bozkatuko dute, eta beste batzuek, buruarekin, baina aukera guztiak izango dira errespetatuak, eta irabazten duen horren alde egingo dugu. Denok izango gara aterako denaren erantzule.

Kirol Hiria eraikitzeko diru guztia klubak jarriko du, erakundeek ez baitute lagunduko. Zer iritzi duzu?

Zaila da ulertzen, baina erakunde publikoek ez dute dirurik eman nahi Kirol Hiria egiteko. Pixka bat emango digute Ipuruako mendebaldeko harmaila egiteko, hori bai. Udalak ez, udalak harmaila berritzeko ere ez digu ezer emango, nahiz eta udalarena den Ipuruan kluba ari den 20 milioi euro jartzen, instalazioak berritzeko. Eibar ez da ari ezer jasotzen udaletik.

Zertara dator erakundeen ezezko hau?

Haiei galdetu beharko, baina esaten digute ez dela normala erakunde publiko batek pribatu bati laguntzea. Nahiz eta denok ezagutzen ditugun kontrako kasuak futbolean bertan eta inguruko klubetan. Aldundiak, udalek eta Jaurlaritzak diruz lagundu diete beste egitasmo horiei. Erakunde publikoek diruz ezin dituztela elkarte pribatuak babestu? Normala ere ez da elkarte pribatuek erakunde publikoei laguntzea, edo erakunde horietatik sorturiko egitasmoei laguntzea, eta, hain zuzen, Eibar klub moduan horretan ari da, nahi diogulako gizarteari itzuli hark ematen diguna. Fundazioaren bidez ari gara horretan, eta hori ez da kontuan hartzen, ahaztuta dago, nolabait esateko. Hainbat egitasmo egiten ari gara fundazioaren bidez, eta hemen diru ekarpena alde batetik bakarrik ari da ateratzen, eta ez bi aldeetatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezezkoak lotura izan dezake Gipuzkoako futbolaren hitzarmenean dagoen eztabaidarekin?

Ez daukat ideiarik ere. Galdetu aldundiari. Mahai gainean plazaratu dugu ez gaudela ados hitzarmen horrekin, eta zain gaude norbaitek zerbait esan diezagun.

Nor da «norbait» hori?

Foru aldundia.

Zergatik ez zaudete ados hitzarmenarekin?

Lehen Mailan dago orain Eibar, eta horrela tratatzea nahi dugu, ez besterik. Gipuzkoako futbolaren mahaian egoteko aukera eskatzen dugu, lurraldeko federazioarekin, Aldundiarekin eta Realarekin batera. Hor zehar esaten ari dira Eibarrek beste piramide bat sortu nahi duela Gipuzkoako futbolean, eta hori ez da egia, oso oker dabiltza hori esaten ari direnak.

Konponduko da noizbait auzi hau?

Duela urte batzuk, egin genuen korapiloa askatzeko proposamena, baina gaur da eguna erantzunik jaso ez duguna.

Zertarako behar du Eibarrek Kirol Hiria harrobia lantzeko, lehen taldean behe mailetako jokalari bat bera ez badu?

Hau ez da egun batetik bestera egiten den zerbait. Hazia erein behar da, jendea hezi, etorkizunean fruituak eman ditzan. Hau bosgarren denboraldia dugu Lehen Mailan, eta oso denbora gutxi da harrobitik datozen jokalariak goiko taldera iristeko. Dudarik gabe, hau gertatzeko ezinbestekoa izango da behar bezalako instalazioak edukitzea. Orain gauden bezala, harrobiko taldeak zelai erdian entrenatzen, miraria da gauden lekuan egotea. Duela bost urte, lehen taldea Ipurua ondoko belar artifizialeko zelai txikian entrenatzen zen, eta hau dena kontuan eduki behar da. Hazi egin gara, baina bidea zaila izan da, eta izaten ari da, eta ez dezala inork ahaztu nola geunden lehen, nondik gatozen.

Lehen taldea Bigarren Mailara jaitsiko balitz, bideragarria litzateke Kirol Hiriaren egitasmoa?

Bideragarritasun Plana egina daukagu, eta garbi dago ez balitz bideragarria ez genukeela egingo. Kirol Hiriak balio izan behar digu Bigarren Mailarako ere. Jaisten garen egunean, Eibarrek gaitasuna izan behar du berriz ere igotzeko, eta, guk geuk ez baditugu helburu handiak jartzen etorkizuneko asmoetan, inoiz ez dugu lortuko.

Pozik zaude taldeak Ligan orain arte egindakoarekin?

Ondo ari dira, bai, eta eskerrak. Lan handia egiten dabiltza, elkar hartuta, ilusioz eta indarrez, eta ea denboraldi honetan ere lortzen dugun Lehen Mailan jarraitzea. Liga nahasi samar dago, eta guk gurean jarraitu behar dugu, gure helburua lortu nahian indar guztiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.