Aritz Elustondo. Realeko jokalaria

«Denok bide berean goazelako lortu ditugu helburuak; familia bihurtu gara»

Realak osatutako sasoi ona azken urteetan egindakoaren segida dela uste du Elustondok. Beasaindarrak adierazi du «lan ona» egiten ari dela kluba; «gogotsu» daude Txapeldunen Ligarako.

RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
Zubieta
2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Aritz Elustondok (Beasain, Gipuzkoa, 1994) bere larruan bizi du Realaren aldi ona. Atzelari txuri-urdinak 2014-2015eko sasoian egin zuen estreinaldia, eta uste du klubak «urrats sendoak» egin dituela ordutik. Amaitu berri den denboraldia jarri du horren adibide, eta bide beretik segitzeko nahia adierazi du.

Zer-nolako balorazioa egiten duzu denboraldiaz?

Ona, argi eta garbi. Duela hilabete batzuk jarri genuen laugarren postua helburutzat, eta kostata, sufrituta, baina lortu dugu, lan ikaragarria eginda. Balorazioa positiboa da, ez aurtengoagatik bakarrik, urtez urte lortzen ari garenarengatik baizik. Lanari jarraipena ematen ari gara, eta horrela segitu nahi dugu.

Txapeldunen Ligarako sailkatu arte bakerik ez al duzue izan?

Aspaldidanik genuen helburutzat, gure esku zegoen eta. Denboraldiko zatirik handiena igaro dugu postu horietan: hirugarren, laugarren... Asteburuero postu horretan egon arren, bukaerara arte borrokatu beharra zegoen. Azken urteetan, argi ikusi dugu azken jardunaldietara arte ez dela helbururik lortzen. Oso harro gaude, denagatik.

Jardunaldi bat sobran izan duzue, gainera. Zer balio du horrek?

Orain dela hiru eta lau urte, azken jardunaldian lortu genuen sailkatzea. Iaz, partida baten faltan lortu genuen, Vila-realen aurka. Oraingoan, lehenago lortu dugu Europarako sailkatzea, baina helburu nagusia, Txapeldunen Ligako laugarren postua ziurtatzea, jardunaldi baten faltan ailegatu zen. Horrek eman zigun pozik handiena.

Oro har, nolako sasoia izan da?

Egia esan, jarraitutasuna ematen ari gara joan zen urteetako gauza positiboei, eta lorpenei. Oraingoan ondo hasi ginen: taldeak sendotasuna erakutsi zuen, eta partidak irabazi egiten zituen. Bolada on bat ere eduki genuen, bederatzi edo hamar partida jarraian irabazita. Momentu oso onak izan genituen. Baina beste batzuk, ez horren onak. Beheraldi txiki bat eduki genuen, partidak irabazi gabe. Otsaila eta martxoa nahiko kaskarrak izan ziren. Irabazi nahi genuen, baina gauzak ez zitzaizkigun ateratzen. Berdinketa asko egin genituen, porrot batzuk ere bai... Aipatzekoa da taldeak bolada txarra eduki arren buelta ematea lortu zuela, eta gai izan zela goiko postuetan jarraitzeko. Egunerokotasunean, taldea oso lasai zegoen, bai baitzekien une zail horiek iritsiko zirela. Baita buelta emateko gai izango ginela ere, ordea; lasaitasuna helarazten zen Zubietan, egunerokotasunean lan egiten genuen horri buelta emateko, eta lortu genuen. Egia da partida batzuk izan genituela... San Mamesen eta Vila-realen aurka, galtzean eta. Zalantzazko momentuak izan ziren zuen [kazetarien] artean, baina gure artean ez. Erabat ezagutzen dugu elkar, eta blokea mantendu egiten da. Badakigu egunerokotasunean egun txarra duenari nola lagundu. Horri guztiari esker lortu dugu helburua.

Laugarren urtez jarraian sailkatu zarete Europarako. Zer esanahi du?

Gauzak ondo ari garela egiten. Aurrez hau lortu duen talde bakarra liga-eta irabazten zuen Reala izan zen. Nik uste dut gauzak oso ondo egiten ari garela; Europarako sailkatzea, [Espainiako] Kopa ere irabazi genuen... Esandakoa: taldea mantendu egiten da, eta klubak lan ona egiten du, etxekoak igotzean eta fitxaketekin erabat asmatuta. Denok bide berean goazelako lortu ditugu helburuak. Zubietan familia bihurtu gara.

Iruditzen zaizu kluba hazi egin dela bere osotasunean?

Bai, egindako lanarengatik. Blokeari eustea eta fitxaketekin asmatzea oso zaila izaten da, eta uste dut asmatu egin dela horretan. Etxeko entrenatzaile bat dugu, bere garaian bigarren taldetik igo zena. Imanolek [Alguacil, entrenatzailea] berak ikaragarrizko lana egin du hau guztia lortzeko. Aurrerako urrats bat egin dugu; ematen du partida guztiak irabazi behar ditugula. Ematen du Reala talde askoren gainetik dagoela, baina zelaian hitz egin behar izaten da. Partidetan gauza asko gertatzen dira, eta galdu edo berdindu daiteke. Anbizio aldetik bai ikusten da aurrerako pauso hori.

Europa ligaren eta Espainiako Koparen inguruan zer balantze egiten duzu?

Pena handia dugu bi txapelketa horiengatik. Ilusio handia genuen. Lortutako kopa horren ondoren, zergatik ez beste bat eskuratu? Camp Noun galdu genuen, galdu genuen bezala: itxura oso-oso ona emanda, Bartzelonaren aurka jokalari bat gutxiagorekin aritu arren aukerak edukita. Baina, azkenerako, galdu, eta kanporatu egin gintuzten. Final batera ailegatzeko, partida guztiak irabazi behar dira, eta triste egon ginen, ilusio handia genuen eta. Europa ligan ere bai. Kanporaketan finalista baten aurka jokatu genuen. Erroman gauzak ez zitzaizkigun ondo atera, eta haiek ikasita etorri ziren itzulikora. Bi txapelketa horietan pena izan genuen, ez baikinen gai izan gauza positiboagorik lortzeko.

Zuk 20 urterekin egin zenuen debuta, eta 30 egingo dituzu datorren urtean. Zer bilakaera hauteman duzu?

Ni beti gogoratzen naiz lehen taldera igo nintzenekoaz. Ume bat bezala igaro nintzen, 20 urterekin. Orduan zegoen jendearengatik ari gara orain horrela. Nik uste lan ikaragarria egin dela urte askotan. Orain ari gara jarraipena ematen, baina aspaldiko lana da. Haiek gabe ez ginen hona helduko. Ni 20 urterekin hasi nintzen, eta momentu zailak ere bizi izan genituen. Tartean, Europarako ere sailkatu ginen 2015ean. Aurten, laugarren aldiz jarraian lortu dugu. Harro gaude, baina lana aspalditik dator.

Arlo pertsonalean nolako denboraldia izan da?

Orain, denboraldia bukatuta... Ez nuen usteko [atzealdeko] hegalean jokatuko nuenik horrenbeste partidatan; ez nuen sinistuko. Denboraldiaurrean erdiko atzelari postu hori irabazi nahi duzu, klubak ere hala ikusten zaitu, eta egoerarengatik hegalean amaitzen duzu. Alexek [Sola] eta Andonik [Gorosabel] denbora dezente igaro zuten min hartuta, eta entrenatzaileak nigan pentsatu du hegalean jokatzeko. Egia esan, gustura nago jokatu dudan minutuengatik. Agian, garairik onenean izan nuen lesioa. Pena handia izan zen, ondo sentitzen bainintzen, jarraitutasunarekin. Beti esaten dut hori ere futbolaren parte dela, eta geratzea egokitu zitzaidan. Bestalde, ez nago oso-oso gustura egin dudan denboraldiarekin: uste dut gehiago ematerik banuela. Egia da partida asko izan ditudala, eta gustura nagoela horregatik, baina gehiago ematea banuela. Orain, atseden hartu, eta datorren sasoian bete-betean itzuli.

Urtarrilaren amaieran hartu zenuen min, Santiago Bernabeun, eta jokatu ezinda egon zinen otsailean eta martxoan. Haatik, klubak garai hartan berritu zizun kontratua, 2026ra artean. Zugan duen konfiantzaren seinale?

Bai. Bere garaian ere esan nuen: min hartzen duzunean, bueltatzea besterik ez duzu buruan, eta ez duzu pentsatzen kontratu berritzea orduan egingo denik. Ni egunero joaten nintzen Zubietara lanera, zelaira bueltatzeko gogoz. Klubak izan zuen keinu hori eskertzeko izan zen. Lehen esan bezala, nire boladarik onenean hartu nuen min, eta garai txarrak dira. Orduan berritu nuen, eta asko eskertu nien bai klubari, bai Robertori [Olabe, futbol zuzendaria] eta Jokini [Aperribai, presidentea]. Nik zelaian bueltatu nahi nuen konfiantza, eta horretan saiatu naiz.

Kapitainetako bat zara, eta Asier Illarramendik taldea utziko du. Ardura handiagoa izango al duzu taldean?

Orain arteko gauza bera egin beharko dugu. Egia da Asier badoala, baina hirugarren kapitaina nintzen, eta pisu hori aspaldidanik hartu nuen neure gain. Datorren sasoian bigarrena izango naiz, baina ez du zerikusirik. Badakigu zer ardura ditugun, eta lasai asko hartuko ditugu.

Zer sentipen utzi zizuen harenagurrak?

Izugarrizko pena. Azken ordura arte, inork ez zekien zer gertatuko zen. Taldeko guztiei galdetuz gero, jarraitzea nahiko genuke. Ziur klubak ere esfortzua egin duela hura geratzeko. Baina berari esan diodan bezala: lasai baldin badago hartu duen erabakiarekin, hori da garrantzitsuena. Hark izan dituen hitzak beti izan dira onak, eta, haren ustez, banatzeko garaia da. Pena handia ematen dit, ez soilik pertsona eta lagun gisa. Sekulako jokalaria da, garai txarrak igaro ditu lesioengatik, eta inoiz ez du galdu poztasuna. Garrantzitsua da bere une zail horietan ere nola aritu den gurekin.

Lagun bat galduko duzu taldean...

Bai, hala da. Talde barruan bai, baina kanpoan ere harremanak jarraitu egingo du. Onena opa diot hemendik aurrera ere. Ez dakigu zer gertatuko den, baina, nahiz eta talde barruko harremana galduko den eta hutsune handia utziko duen, berdin segituko dugu.

Nolakoa espero duzu hurrengo sasoia?

Azken urteetakoa bezalakoa. Beti esan izan dugu asko kostatzen dela irabaztea. Hiru egunetik behin jokatuta, badakigu horrek zer esan nahi duen. Fisikoki ondo egon beharko dugu. Nik uste oso zaila izango dela hobetzea, baina zergatik ez mantendu edo hobetu? Realak aurrerapausoa eman du, eta horri segida ematea oso ona litzateke.

Berezia izango da, ordea. Aurrerako urratsak helburu berriak ekarriko dizkizue.

Bai, eta hori nahi genuen. Txapeldunen Ligan ariko gara, eta ea lan ona egiten dugun, honi guztiari jarraipena emanez. Taldea oso lasai dago. Klubak lan egin beharko du, eta oxala taldearen blokea mantenduko balitz, denok uztailean hemen egoteko.

Blokeak segituko duen irudipena al duzu?

Bai. Urteroko kontua da, eta zurrumurruak azaltzen dira. Nik uste jendea oso ondo dagoela hemen, gustura. Bueno, nik uste dut jendeak etorri egin nahi duela Realera, hemen jokatu. Ez dakit denok jarraituko dugun, baina gehienok uztailean ikusiko dugu elkar. Ea urte askoan segitzen dugun elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.