Levante 2-0 Athletic

Denboraldiko lehen porrota Athleticentzat

Levantek kontrolatu du neurketa, eta Redondoren eta Mayra Rodriguezen golei esker lortu ditu hiru puntuak. 

Nerea Nevado baloiarekin, atzo, Levanteren aurka. ATHLETIC
2022ko irailaren 26a
07:51
Entzun

Lehen jardunaldiko garaipenari ezin izan dio jarraipena eman Athleticek. Atzo erronka zaila zuten zuri-gorriek Valentzian, Levanteren aurka, eta etxeko taldeak merezimendu osoz utzi zituen saririk gabe Iraia Iturregik prestatutako neskak. Haiek kontrolatu zuten neurketa, eta haiek sartu zituzten golak. F Ligako hirugarren jardunaldiko neurketa izan zen.

Euripean, lehen minututik izan zuen baloiaren jabetza Levantek. Lehen gol aukerak etxekoen bi aurrelariek izan zituzten, Mayra Ramirezek eta Alba Redondok; gutxigatik joan ziren kanpora, baina estuasunetan jarri zuten Mariasun Quiñones. Athleticen aukerarik onena Ane Azkonak izan zuen. Azkenean, ordea, 38. minutuan heldu zitzaion saria Levanteri: Redondok sartu zuen gola, ezkerraldetik egindako erdiraketa bat baliatuta.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, 55. minutuan, bigarren kolpea hartu zuen Athleticek: korner batean, buruz, gola sartu zuen Ramirezek. 2-0. Levanteko atzelarien bizkarra aurkitzen saiatu zen Athletic, eta horrela heldu zen izan zuen gol aukerarik argiena, baina ez zuen asmatu Mariana Cerrok. Luzapenean ere izan zituen pare bat aukera Athleticek, baina ez zuen golik sartu.

Denboraldiko lehen porrota izan da Athleticentzat, eta hiru puntu ditu sailkapen nagusian.

Levante: Tarazona; Antonia Silva (Julia, 92. min), Mendez, Calligaris, Paula; Baños, Fernandez (Tatiana, 78. min), Andonova; Carol (Bascu, 78. min), Redondo eta Ramirez (Erika, 86. min).

Athletic: Quiñones; Oihane, Valdezate, Bibi, Nerea Nevado; Itxaso (Ogiza, 69. min), Sara Ortega (Marta Unzue, 46. min), Mariana; Azkona, Arana (Amezaga, 57. min) eta Peke (Pinedo, 57. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.