Gorka Nieto. Bidasoa-Irun taldeko jokalaria

«Denboraldian izan ez dugun konfiantza daukagu orain»

Bidasoa Sporting Lisboaren aurka ariko da gaur Artalekun, Europako Ligako final-zortzirenetako joanekoan (20:45, ETB4). Gorka Nietok esan du «bete-betean» aritu behar dutela, «gauzak ondo edo gaizki joan».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bidasoak 2019ko azaroaren 23an jokatu zuen azkenekoz Sporting Lisboaren aurka. Artalekun izan zen, Txapeldunen Ligako multzoen fasean. 32na berdindu zuten, Kauldi Odriozolak azken segundoan sartutako gol bati esker. Gol horrek multzoko lehen postua eman zion Irungo taldeari (Gipuzkoa). Gorka Nieto (Basauri, Bizkaia, 2002) ez zegoen pabiloian egun horretan. Hiru urte pasatxoren ondoren, arantza aterako du.

Non zinen Bidasoak Sportingen aurka jokatu zuen azken aldian?

Hilabete zen aurrenekoz jokatu nuela Bidasoaren lehen taldearekin, baina egun horretan bigarren taldearekin jokatu behar izan nuen. Sekulako pena eman zidan Artalekun ez egoteak.

Lisboan bai egon zinen, hilabete lehenago, baina ez zenuen jokatu. Nola gogoratzen duzu?

Aulkian egon nintzen partida osoan. Hala ere, oso oroitzapen polita dut: oso gaztea nintzen [17 urte], ez nengoen ohituta halako partida garrantzitsuetara, eta denak harritu ninduen. Ez nuen jokatu, eta urduri egon nintzen; beraz, pentsa jokatu izan banu. 30na berdindu genuen.

Orduko Sportingetik bi jokalarik soilik jarraitzen dute: Carlos Ruesgak eta Edmilson Araujok. Oso bestelako taldea da orain?

Bai, baina, orduan bezala, oso jokalari onak ditu banakako jokaldiak egiteko. Talde gazteagoa du orain, esperientzia gutxiagokoa, baina oso ona ere bai.

Bi jokalari nabarmentzen dira: Costa anaiak; Martim, ezker albokoa, eta Francisco, eskuin albokoa. Hamabost gol sartu dituzte partidako bien artean Europako Ligan. Haiek dira jokalaririk arriskutsuenak?

Bai. Gazte mailako Espainiako selekzioarekin jokatu izan dut haien aurka, eta sufrimendua da haien kontra aritzea; gai dira isil-isilik partida guztietan zortzina edo bederatzina gol sartzeko. Sportingek asko jokatzen du haientzat [entrenatzailea haien aita da: Ricardo Costa].

Haiek zaindu beharko dituzue bereziki?

Bai, baina Sportingek baditu beste jokalari oso onak: Salvador Salvador ezker albokoa [ia sei gol sartu ditu partidako] eta Natan Suarez erdikoa, Asobal ligan lana eman diguna, besteak beste. Jacobok [Cuetara] Costa anaiak, Salvador eta Suarez nabarmendu ditu. Xehetasun guztiak ondo zaintzeko esan digu ere bai; erabakigarriak izaten dira.

Zein izango da kanporaketako gakoa?

Gure jokoa ondo egitea.

Zer egin behar duzue ondo?

Oso adi eta sendo aritu behar dugu defentsan, haiek oso arriskutsuak baitira erasoan, kanpotik jaurtitzen eta bat-bateko jokaldiak egiten. Ondo defenditzen badugu, asko kostatuko zaie nagusitzea. Erasoan, berriz, lasai jokatu behar dugu; ondo aukeratu behar dugu, eta baloi gutxi galdu.

Sporting erasoan nabarmentzen da. Nola moldatzen da defentsan?

Ondo aritzen dira. Bi hegalekoak jartzen dituzte defentsan; beraz, mugikortasun handiz aritzen dira. Baina ez diote beldurrik aurkariekin tupust egiteari. Agian, taktikoki min egin diezaiekegu.

Gaur Artalekun jokatuko duzue, eta astebete barru, Lisboan. Aukeran, nahiagoko zenukete bigarren partida etxean jokatzea?

Ezin da jakin. Guk ahalik eta partida onena egin behar dugu Artalekun; gauzak ondo edo gaizki joan, 60 minutuz aritu behar gara bete-betean.

Lepo beteko da Artaleku. Hori pizgarri da?

Handia. Ziur nago ederra izango dela; Bidasoaren zaleek inoiz ez dute huts egiten, eta are eta gutxiago etxean jokatuta. Izugarri eskertzen dugu haien babesa.

Faboritorik badago? Ausartuko zinateke esatera ehunekoetan talde bakoitzak zenbat aukera duen sailkatzeko?

Ez. Jokatzen hasi aurretik %50eko aukera dago beti.

Sasoiko zaudete?

Bai. Bi aste daramatzagu jokatu gabe. Halako etenaldiak mesede egin diezaguke, atseden hartzeko eta partida ondo prestatzeko. Baina kalte egin diezaguke ere bai, apur bat galtzen baita lehiaketaren erritmoa. Baina itxaropentsu nago: oso ondo ari gara.

Bartzelona ahaltsuaren aurka jokatu zenuten azken partida, eta itxura ona emanda galdu zenuten. Aurrekoa, berriz, nagusitasunez irabazi zenuten Valladoliden (Espainia). Garai onean datorkizue kanporaketa?

Bai. Oso ondo ari gara; denboraldian izan ez dugun konfiantza daukagu orain. Nire ustez, bikain ariko gara sasoiaren azken txanpan.

Garairik onenean zaudete?

Denboraldian zehar sentipenak ez dira txarrak izan. Ondo entrenatu gara beti, baina partida batzuetan, bereziki etxetik kanpokoetan, kosta egin zaiguaurrera egitea. Baina, orain, konfiantza handiz gaude, eta oso gogotsu.

Aurreko sasoietan baino askoz gorabeheratsuago ari zarete.

Agerikoa da. Batez ere, etxetik kanpoko partidetan kosta egin zaigu bete-betean aritzea hasieran, eta ordaindu egin dugu; galdu behar ez genituen partida asko galdu ditugu. Baina espero dugu azken txanpan hobeto aritzea.

Zeintzuk dira denboraldia amaitu arteko helburuak?

Europan ari gara, eta erronka oso polita da hori. Baina garrantzitsuena liga da; denok oso argi dugu hori. Lehia handia dago Europarako sailkatzeko, are gehiago Granollers eta Cuenca Kopatik kanpo geratu eta gero. Baina barruan dugun guztia emango dugu berriro sailkatzeko.

Ia hiru urte eta erdi pasatu dira lehen taldean aurrenekoz jokatu zenuenetik. Gustura zaude orain arte daramazun garapenarekin?

Bai; nabari dut gero eta hobeto ari naizela. Batez ere, oso eskertuta nago Jacoborekin, aukera emateagatik eta lehen momentutik nigan konfiantza izateagatik.

Zertan hobetu duzu gehien?

Ia guztian [barrez]. Herriko taldean ari zarenean uste duzu asko dakizula, baina Bidasoa bezalako talde handi batera iristean konturatzen zara dena duzula ikasteko eta hobetzeko: erasoan, defentsan, taktikan, fisikoan... Horretan ari naiz, eta uste dut hobetzen ari naizela.

Zertan duzu gehien hobetzeko?

Gauza askotan, baina, batez ere, defentsan. Gogor saiatzen naiz, baina ez naiz oso handia eta indartsua [1,83 metro da luze eta 80 kilo pisatzen ditu], eta kosta egiten zait defentsan gogor aritzea. Ez naiz ere oso iaioa kanpotik jaurtitzen. Asko dut hobetzeko, baina horretan ari naiz.

Bai oso eraginkorra zara: jokatu dituzun partiden erdietan ez duzu jaurtiketarik huts egin.

Ez nekien hori, baina azalpena izan daiteke kanpotik gutxi jaurtitzen dudala, eta jaurtitzen dudanean beti egiten dudala aurkari bat gainean izanda. Ez badut gola sartzen, falta adierazten du epaileak, eta ez du balio estatistiketarako [barrez].

Gustura zaude Bidasoan?

Oso gustura. Plazera da halako taldekide ederrekin aritzea. Gainera, zaleek asko maite gaituzte.

Hori gutxi ez, eta anaia ekarri dizute taldera: Asier.

Errematea da. Bidasoarekin tratua egin aurretik esan nion hemen oso ondo egiten dela lan. Handia da anaiarekin Bidasoa bezalako talde batean jokatzea.

Etxean pozik egongo dira semeak elkarrekin ikusita, ezta?

Bai. Lehen, ni bakarrik nengoenean, ia ez ziren etortzen Artalekura, baina, orain, biak gaudela, gehiago etortzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.