Arrauna. Gorka Aranberri. Santurtziko patroia

«Denboraldia motza egin zaigu; orain gaude sasoirik onenean»

Arrakastaz beteriko denboraldia izan da Santurtziko traineruarentzat. Gorka Aranberrik uste du «urte osoan» maila «aparta»eman dutela, nahiz eta denboraldi amaierara sasoiko ailegatzea zen helburua.

AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Soterako patroi gisa egin duen lehendabiziko denboraldia «zoragarria» izan da Gorka Aranberrirentzat (Zarautz, Gipuzkoa, 1987). Bizkaiko taldearekin bere hirugarren TKE liga eta Kontxako seigarren bandera irabazi baditu ere, urte osoan egindako lanak eta bideak «bete» du gehien gipuzkoarra. Datorren denboraldian zer egingo duen erabaki gabe dauka. Atseden hartu nahi du orain

Nola definituko zenuke amaitu berri den denboraldia?

Santurtzirentzat eta guretzat denboraldi historikoa izan da, Liga, Kontxa eta makina bat bandera irabazita. Gutxi gehiago eska dakioke denboraldi bati. Negu-negutik txapelketa guztiak irabazita, eta lehen asteburuan lehen bandera eta ligako lidergoa lortuta, denboraldi zoragarria izan da.

Orio utzi eta Santurtzira joatea erabaki zenuen iaz. Asmatu zenuela esan daiteke?

Inork ez dizu baieztatzen aldaketa baten ostean horrelako denboraldi bat egingo duzunik. Arriskatu egin nuen, familiaren babesarekin, eta arrakasta izan dut. Denboraldi arraro baten ostean, Orion apur bat saturatuta amaitu nuen, eta gorputzak aldaketa bat eskatzen zidan. Iker Zabala Bermeoko taldetik dudan laguna da, eta denboraldi amaiera bakoitzean hitz egiten nuen, brometan edo serioago, Santurtzira joateko aukeraz.

Bigarren urtez jarraian irabazi du Santurtzik Eusko Label liga. Irabaztea ez ezik, nola irabazi ere garrantzitsua da, ezta?

Denboraldia luzea da, gorabeherak egoten dira, eta ezin zara uda osoan sasoi onenean egon. Maila aparta eman dugu, estropada guztiak irabazteko aukerekin uretaratu gara, baina helburu nagusia denboraldi amaierara sasoiko iristean zen, eta lortu dugu.

Oso talde erregularra izan zarete. Hori izan da liga irabazteko gakoa?

Erregulartasunak ematen dizu lanean segitzeko konfiantza. Iazkoaren antzera, erregularrak izaten hasi genuen denboraldia, baina irabazleak ere izan gara. Egun txarrei berehala buelta emateko gai izan gara, eta irabazteko beharra zegoenean garaipenak lortu ditugu.

Ligako azken lau estropadak irabazi dituzue. Bikain amaitu duzue denboraldia.

Denboraldia motza egin zaigula esatera ausartuko nintzateke. Orain dago trainerua sasoirik onenean. Ez dakit noiz arte mantendu genezakeen sasoi hau, baina konfiantzaz gainezka gaude, eta estropada guztiak irabazteko grinarekin jarraitzen dugu.

Hondarribia izan da aurkaririk indartsuena. Ama Guadalupekoa-ren mailak meritu handiagoa ematen dio zuen garaipenari?

Bai, noski. Hondarribia handi bat ikusi dugu, azken urteetako indartsuena, nire ustez. Egia da beti puntu sorta aldeko izan dugula, eta horrek konfiantza ematen dizu, baina Areseko estropadaren aurretik asko gerturatu zitzaizkigun. Gakoa izan zen Areseko estropada irabaztea, odol jario hura eteteko.

Galiziako hiru asteburuetan irabazi da aurtengo liga?

Oso emaitza onak lortu ditugu, bai. Sei jardunalditatik hiru irabazi ditugu, eta bost banderatik lau astindu: Rianxon ehunenekoetara geratu ginen. Gustura joango gara berriz ere Galiziara emaitza horiek errepikatzen badira.

Hiru liga eta sei Kontxa irabazi dituzu. Denboraldi hau berezia izan da?

Orio uzteko erabakia hartu nuenean, arraunarekin berriro ere disfrutatzea zen nire helburua, eta lortu dut. Jendeak esango du Kontxa eta liga irabazita errazagoa dela disfrutatzea; baina nik, bereziki, egin dugun bidearekin eta urte osoko lanarekin disfrutatu dut. Bete egin nau denboraldiak. Emaitzek ere zeresana dute, Kontxa eta liga urte berean irabaztea gutxiren esku dago eta.

Liga bigarrenez jarraian, eta, 36 urteren ostean, Kontxa ere irabazi du Santurtzik. Ligako azken asteburura begira, gakoa izan zen Kontxako bigarren igandean lortutako garaipena?

Bandera irabazteko grina geneukan, baina zortea ere behar da. Lehendabiziko igandean, kale zozketan ez genuen zorte hori izan, baina Hondarribiaren zigorrak apur bat ateak ireki zizkigun. Bigarren igandean parez pare aritu ostean, azken bi minutuetan traineru baten aldea atera genion Hondarribiari. Hori kolpe handia izan zen, positiboa guretzat, negatiboa haientzat. Nahiz eta liga bideratuta geneukan, gugan are gehiago sinesteko balio izan zigun.

Hiru talderekin lortu duzu TKE liga eta Kontxa irabaztea. Palmaresa betetzen jarraitzeko gogoz jarraitzen duzu?

Pribilegiatua sentitzen naiz; taldez aldatu dudanean beste maila handiko talde batera joateko aukera izan dut.Ezin da jakin berriz ere liga eta Kontxa irabazteko aukera noizbait izango ote duzun.

Zarautzen bizi zara, eta udan kilometro asko egingo zenituen Santurtzira. Garaipenek arindu dute joan-etorri hori?

Gogorra egiten da. Neguan ni arraunlari moduan entrenatzen naiz, baina nire lana ere badaukat, eta etxean, bi alabekin, nahikoa lan ere badugu. Hiru hilabete dira lehiaketan, baina dedikazioa erabatekoa da urte osoan. Garaipenekleundu egiten dute sakrifizio hori.

Izen propio asko ditu Santurtziren denboraldiak, baina, agian, guztien gainetik, Iker Zabalarena dago. Nolakoa da?

Arraunlaria zenetik beti izan da oso irabazlea; ez zitzaion galtzea batere gustatzen. Arraunlari zeneko izaera bera du orain, eta asko transmititzen du: arraunlariari haren hitzak iritsi egiten zaizkio. Bidea egiten ari da, eta oraingo esperientziak askorako balioko dio.

Ez dago argi Santurtzin jarraituko ote duen. Bermeoren deia ere jaso omen du. Zer asmo du?

Berarentzat egokiena dena aukeratuko du. Etxekoekin eta bikotekidearekin hitz egin beharko du, baina hartzen duen erabakia hartzen duela, bearentzat onena dena hartu dezala.

Zuk ere ez zenuen batere garbi utzi zure etorkizuna. Santurtzin jarraitzeko asmoa duzu?

Nik beti uzten dut nire etorkizuna airean. Denboraldia amaitutakoan, atseden hartu nahi dut, etxekoekin disfrutatu. Erabakia hartzeko denbora izango dut. Argi daukat Santurtzin oso gustura egon naizela, eta ez daukadala arazorik bertan jarraitzeko.

Erabakia hartuta daukazu dagoeneko?

Egia esan, inoiz baino lasaiago nago. Egin dugun denboraldia ikusita, seguru han edo hemen tokia izango dudala. Egon naizen toki guztietan gustura egon naiz, eta ziur ate horiek ere zabalik ditudala. Ilusioa sortzen didan zerbait eta familiarentzat ere egokia den zerbait izan beharko du. Erabakia ez daukat hartuta, baina, horrelako denboraldia egin ostean, arrauna urtebeterako utzi behar badut ere ez zait inporta.

Iker Zabalak Santurtzin jarraituko balu, zure erabakian eragina izan lezake?

Bai, hori ziur. Ikerrek Santurtzin jarraitzeakproiektu irabazlea egongo dela esan nahi baitu. Seguru aurtengo arraunlari gehienek taldean jarraitzea erabakiko luketela. Apustu segurua litzateke Ikerrentzat, baina ikusiko dugu zer erabakitzen duen. Aurrena guri, arraunlariei, emango digu azken erabakiaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.