Jorge Azanza. Euskaltel Euskadiko zuzendaria

«Denboraldia espero genuen bidetik joan da»

Ihesaldietan egoteak ikusgaitasuna eman diela nabarmendu du, eta hurrengo sasoian ere ildo beretik jarraitu nahi dutela, halakoetan gazteak trebatu egiten baitira.

EUSKALTEL EUSKADI.
pettan uralde
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Txirrindularitza denboraldia amaitzen ari da. Euskaltel Euskadik bi garaipen lortu ditu, eta Jorge Azanza zuzendaria (Altsasu, Nafarroa, 1982) gustura da lortutako emaitzekin. Baina, garaipenak alde batera utzita, beste hainbat gauza ere kontuan hartu ditu balantzea egitean: hainbat txirrindularik emandako aurrerapausoa eta gazteek egindako lana. «Proiektua sendotzen jarraitzea izango da etorkizunean helburua», nabarmendu du.

Bukatzen ari da denboraldia. Zer balorazio egiten duzu?

Emaitza aldetik ezin gara kexatu. Bi garaipen lortu ditugu. Azken finean, egon garen lasterketa askotan World Tourreko taldeekin lehiatu gara, eta badakigu zein zaila den punta-puntako txirrindulariekin lehiatzea. Gainera, ikusi dugu nola txirrindulari batzuek aurrerapausoa eman duten, eta dinamika onean egon gara. Hori ere positiboa da. Izan ere, gurearen gisako talde batek arlo gehiago hartzen ditu kontuan denboraldi bat aztertzean, ez bakarrik emaitzak.

Sasoi hasieran zenituzten aurreikuspenak bete dituzue?

Denboraldia espero genuen bidetik joan da. Iragan denboraldian nahiko pozik bukatu genuen, eta oraingoa ildo beretik joan da. Espainiako Itzulian zerbait gehiago egiteko moduan geundela uste dut. Ihesaldietan sartzeko asmoarekin joan ginen, baina arazo handiak izan genituen osasunarekin lotuta, eta horrek mugatu egin gintuen talde moduan. Hala ere, pozik nago txirrindulariek erakutsitako grinarekin eta jarrerarekin. Egoera kontuan hartuta, txalotzeko moduko lasterketa egin zuten. Urtez urte horrelako gehiagotan egotea da gure helburua.

Gazte asko daude taldean, eta jada horietako batzuek egin dituzte lasterketa onak. Nola ikusi dituzu?

Oso pozik gaude gazteekin. Beti egon dira lehia guztietan, eta ihesaldi pila bat hartu dituzte. Oso maila txukuna eman dute. Itxaropentsu izatea tokatzen zaigu txirrindulari horiekin. Haiek izango dira-eta etorkizunean aurrerapausoa emango dutenak, eta ziur nago denak maila onean egongo direla.

Ihesaldiak aipatu dituzu behin eta berriz. Hurrengo denboraldian ere taldearen estiloa hori izango da: oldarkorra izatea eta ihesaldietan sartzea?

Gure errealitatea hori da. Badakigu lehiatzen garen lasterketa askotan World Tourreko taldeak daudela, eta horietan sartzea oso zaila da. Baina horri esker lortu dezakegu ikusgaitasun gehien, eta gure gazteek asko hobetzen dute egoera horietan, trebatu egiten dira, ikasi egiten dute. Denontzat ona da estrategia hori, ikusgaitasuna ematen diolako gure maillotari, eta irabazi ez arren ikasi egiten dutelako ziklistek.

UCI Pro mailatik World Tourrera dagoen aldea handia da. Ikusten duzu aukerarik etorkizun hurbilean maila gorenera jauzia egiteko?

Guri asko gustatuko litzaiguke, baina oraintxe urruti ikusten dugu jauzi hori eman ahal izatea. Gure proiektua oraindik sendotzeko dago, eta pausoz pauso joan behar dugu. Gauzak ondo egiten ari gara, baina aipatutako salto hori ez da urte batetik bestera egiten den zerbait, eta ondo egin behar dugu. Ez daukagu presarik oraingoz. Filosofia berarekin goaz azken urteetan, eta emaitzak lortzen ari gara; beraz, berdin jarraitu nahi dugu.

Datorren urteko Frantziako Tourra Euskal Herritik irtengo da. Esperantzarik ba al duzue irteeran egoteko?

Oso zaila izango da. Oraintxe dugun taldearekin, pixka bat handia geratzen zaigu Tourra; agian gehiegizkoa litzateke. Esan dudan bezala, gure ideia eta proiektua sendotzea da helburua, azken urteetan egin dugun bezala.

Hori alde batera utzita, jarri duzue jada helbururen bat datorren denboraldiari begira?

Umiltasunez, lan asko egitea tokatuko zaigu. Beste aurrerapauso bat ematen badugu, agian sailkapen nagusietan lehen 10-15 sailkatuen artean egon gaitezke lasterketaren batean, edota horietakoren bat irabazi. Oraindik ikasteko asko daukagula pentsatzen dut, baina oinarri on batekin goaz.

Egoera ekonomikoa ez da erraza. Zer egoeratan dago proiektua?

Gaur egun eskerrak eman behar dizkiegu babesle guztiei: haiengatik ez balitz, ez ginateke hemen egongo. Nik uste dut aukerak emateko talde aproposa garela, eta haiek gurekin jarraitzea gustatuko litzaiguke aurrerantzean, talde hau hazten joateko. Aurrera begiratzea da gure helburua.

Pandemia gainditu eta gero, berriz ere asko hitz egin da euskal txirrindularitzaz. Zer hausnarketa egiten duzu?

Euskal Herrian munduko zalerik onenak ditugu, ez dago inongo eztabaidarik. Azken urteetan, gainera, ilusio hori oso handia dela ikusten ari naiz, eta gure taldeari sekulako indarra ematen dio horrek. Badakigu txirrindulariak ateratzea oso zaila dela, eta horretan murgildu behar dugu; ea urtez urte aurrera egiteko gai garen euskal txirrindulariekin. Ikusi dugu goi mailan egotea oso zaila dela euskal txirrindulariekin, baina, afizioa handitzen badoa, ziur errazagoa izango zaigula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.