ESKUBALOIA

Denboraldia biribiltzera

Bera Berak ligako finaleko itzuliko partida jokatuko du gaur, Elxen. Nahikoa du arauzko 60 minutuetan berdintzea txapeldun izateko.

Maitane Etxeberria, jaurtitzear, asteazkenean, Gaskan, Elxen aurka jokatutako partidan. JON URBE / FOKU
Maitane Etxeberria, jaurtitzear, asteazkenean, Gaskan, Elxen aurka jokatutako partidan. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko ekainaren 1a
05:10
Entzun

Denboraldi gogoangarria egitekotan dago Bera Bera. Donostiako taldea jada bitan izan da txapeldun sasoi honetan: irailean, denboraldi hasieran, Iberiar Superkopa irabazi zuen; eta duela hiru aste eskas, Espainiako Kopa eskuratu zuen. Etxean irabazi ditu biak, bere zaleen babesean: lehena, Gaska kiroldegian; bigarrena, berriz, Illunbe pabiloian.

Hirugarren txapela nahi du orain: Espainiako Ohorezko Mailako liga irabazi nahi du. Lehen urratsa egin du dagoeneko: irabazi egin du finaleko joaneko partida. Joan den asteazkenean jokatu zuen Elxen aurka Gaskan, eta 30-26 nagusitu zitzaion Herrialde Katalanetako taldeari.

Gaur jokatuko dute itzuliko neurketa, Elxen (18:15, ETB4 eta Teledeporte). Joanekoan irabazi zuenez, Bera Berak abantaila du: nahikoa du arauzko 60 minutuetan berdintzea txapeldun izateko. Galtzen badu, beste aukera bat izango du luzapenean. Horretan nagusitzen denarentzat izango da titulua. Luzapena jokatuta berdinduta jarraitzen badute, penaltiak botako dituzte, eta zazpi metrotatik erabakiko da nor den txapelduna.

Hiru txapel sasoi berean

Bera Bera nagusitzen bada, hiru txapel irabaziko ditu denboraldi berean. Laugarren aldia litzateke. 2012-2013ko, 2013-2014ko eta 2015-2016ko sasoietan Espainiako liga, kopa eta superkopa eskuratu zituen. Zortzi urteren ostean egingo luke berriro. Liga irabazita, gainera, are eta gehiago beteko luke jada bete-betea duen palmaresa. 25 titulu ditu: Espainiako zortzi liga, zortzi kopa eta zortzi superkopa, eta Iberiar Superkopa bat. 26.a litzateke denboraldi honetako liga. Ikusgarria da.

Liga lehen postuan bukatuko zuenez, Elxek etxean jokatuko du partida erabakigarria. Abantaila da. Baina inork presioa baldin badu, hark du: nahitaez irabazi behar du. Eta bitan egin behar du neurketa berean: lehenbizi, ohiko partida batek irauten duen ordubetean; eta, gero, luzapenean edo penalti jaurtiketetan. Bikoitza da presioa. Ataka horretan jarri nahi zuen Bera Berak lehen partida irabazita. Nahi, eta lortu.

Hori gutxi ez, eta joanekoan gertatutakoak eragina izango du batzuengan eta besteengan. Donostiarrak atzetik joan ziren lehen zatian, baina gai izan ziren bigarrengoan behetik gora egin eta emaitza iraultzeko. Halakoek konfiantza handia eman ohi dute. Aldiz, kolpea izan ohi da goitik behera egiten dutenentzat. Halaxe egin zuten katalanek.

Itxaropentsu dago Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea. «Prest gaude: sasoi onean eta konfiantzaz. Oso zaila da guri irabaztea. Aurkariak oso ondo egin behar ditu gauzak. Ez dugu ez jokatzeko, ez galtzeko beldurrik; irabaztera joango gara».

bidasoa kopako finalerdietan ariko da gaur

Faborito zen, eta ez du huts egin. Bidasoak 43-28 irabazi zion atzo Caserio Ciudad Reali, Espainiako Kopako final-laurdenetan, Jaenen (Espainia). Igarri egin zen bi taldeen arteko aldea: Asobal ligako txapeldunordea da Bidasoa, eta Espainiako Ohorezko B Mailako taldea Caserio. Irundarrak hasi eta buka nagusitu ziren. 

Bidasoak Bartzelonaren aurka jokatuko du gaur finalerdietan (16:30, Teledeporte). Kataluniako taldeak ere nagusitasunez irabazi zuen atzo: 42-26 Cangasen aurka. Bartzelona da faborito argia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.