Txirrindularia

Paula Ostiz: «Denboraldi aparta izan da, baina are hobea izango da hurrengoa»

Aparretan da Ostiz, Munduko Txapelketan bigarren izan eta gero, junior mailan. Aurrez Europako txapeldun bihurtu zen erlojupekoan, eta datorren urtetik aurrera Movistarren ariko da. Hamazazpi urte eskasekin, xede handiak ditu etorkizunera begira.

AITOR KARASATORRE / FOKU
AITOR KARASATORRE / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko urriaren 3a
05:05
Entzun

Anbizio handia darie Paula Ostizen hitzei (Iruñea, 2007). Irabazle izaera du, eta garaipenen atzetik dabil beti. «Umetatik, garbi nuen: txirrindularitzan hasten banintzen, irabazteko zen». Era berean, onartu du kosta egiten zaiola porrotak onartzea. Ziklismoari emana bizi da, eta ez dio axola bere adineko jendeak zer egiten duen. «Diskotekak? Nik bizikletan pasatzen dut ongi».

Gorde duzu domina, edo kolkoan daramazu oraindik?

Ez, nire logelan zintzilikatu dut. Txoko bat daukat maillot eta domina guztiekin. Apalategia beteta daukat dagoeneko, baina toki berezia egin diot lehengo eguneko dominari. Ezin da bestela izan, munduko azpitxapeldun izan naizela erakusten baitu.

Lehen urtea duzu junior mailan. Espero zenuen halako emaitza bat lortzea?

Banekien aurrean ibil nintekeela. Egia esango dizut: urrezko domina irabaz nezakeela uste nuen. Ordea, euriaren ondorioz ez nuen behar beste jan, eta zaintiratua izan zuen gihar iskiotibialean. Garaipena lortzeko aukera kendu zidan horrek. Dena den, zilarra ere oso ondo dago. Pozik nago, batez ere oraindik beste urte bat gelditzen zaidalako junior mailan. Txapeldun izan naitekeela ikusi dut. Gogor egingo dut lan datorren urtean urrezko domina lortzeko.

Erlojupeko proban, ordea, gorputzaldi txarra izan zenuen, eta zazpigarren bukatu. Kalte handia egin omen zizun bezperan hartutako masaje batek.

Hala izan zen, bai. Uste dut gehiegizkoa izan zela masajea, eta giharrak ez zitzaizkidan osatu. Hankak puztuta neuzkan. Gogorra izan zen niretzat, oso gogotsu bainengoen, Europako Txapelketa irabazi eta gero. Gero masajista aldatu nuen, eta harekin gauzak askoz hobeto atera zitzaizkidan. Uste daitekeen baino eragin handiagoa du masajeak.

Errepideko lasterketak zirrara handiko bukaera izan zuen. Barrutik nola bizi izan zenuen?

Hiru txirrindularik egin genuen ihes. Urrea nuen begiz jota, baina banekien Cat Ferguson zela azkarrena. Gainera, zaintiratuak ez zidan utzi indarrak nahi beste zukutzen. Zuhurtziaz jokatu nuen, domina segurtatzeko asmoz, eta hala izan zen. Garaipena, ordea, Catek lortu zuen. Oso txirrindulari indartsua da.

«Klasikoetarako ezaugarri aproposak ditut, eta, helduagoa izatean, Paris Roubaix eta Flandriako Tourra irabazi nahiko nituzke»

Eta datorren urtean taldekide izango duzu, Movistarren. Gorenean ariko zara abuztutik aurrera. Jauzi handia da.

Oso gogotsu nago. Catek munduko onena dela erakutsi du, eta haren alboan gauza berriak ikastea espero dut. Gainontzeko taldekideak ere eredu izango ditut. Taldeko gazteena izango naiz, 17 urterekin, eta den-dena xurgatu nahi dut. Oso egitura handia da Movistar, eta, txirrindulariak ez ezik, zuzendariak ere puntakoak ditu. Sekulako aukera izango da ziklista gisa hazteko. Eta, batez ere, gozatu egin nahi dut.

Ematen du gaur egun presaka zabiltzatela txirrindulari gazteak. Geroz eta goizago iristen zarete elitera.

Bai, orain asko iristen gara World Tourrera 17 edo 18 urterekin. Badirudi adin horrekin distira egin ezean ez duzula balio. Baina ez da horrela. Nik ez dut kanpoko presiorik sumatu; nahikoa dut neronek jarritakoarekin. Neure burua nahiko estu hartzen dut. Gauzak oker ateratzen zaizkidanean, gaizki sentitzen naiz.

Asko irabazteak alde txarra ere badu, beraz. Irabazi ezean, frustrazioa kudeatu beharra dago.

Bai, eta halako egoerak zailak suertatzen zaizkit. Munduko Txapelketako erlojupekoaren ostean, adibidez, egun guztia negarrez pasatu nuen, ziur bainintzen domina bat lor nezakeela. Eta lehengo egunean bigarren egin ondoren, berriz, etsipena sentitu nuen, garaipena oso gertu ikusi nuelako. Gero konforme gelditu nintzen. Ahal nuen guztia egin nuen, azken batean. Ea datorren urtean irabazten dudan.

Garaipenak eta porrotak hobeto kudeatzeko, beharrezkoa da gurasoen eta entrenatzailearen laguntza?

Bai, noski. Ingurukoek asko babesten naute, eta oso aholku onak ematen dizkidate. Oso eskertua natzaio Imanol Etxarri entrenatzaileari, alboan izan baitut momenturik txarrenetan. Bera oso harro dago Munduko Txapelketan eman dudan mailarekin, eta lortu dudan zilarrezko dominari balio handiagoa ematen lagundu dit.

Oso garapen azkarra ari zara izaten. Zuk nola bizi duzu?

Dena oso azkar gertatu da orain arte, baina bideaz gozatzen ari naiz. Aurten, adibidez, oso pozik gelditu naiz Europako Txapelketan erlojuaren aurka irabazitako urrearekin. Denboraldi aparta izan da oro har, baina are hobea izango da hurrengoa.

Zeure burua nola definituko zenuke txirrindulari gisa?

Ibilbide guztietan moldatzen naiz ongi, baina goi mendian hobetu egin nahiko nuke. Lauzpabost kilometroko mendateetan ondo molda naiteke, eta erlojuaren aurka indartsu aritzen naiz. Klasikoetarako ezaugarri aproposak ditut, eta, helduagoa izatean, Paris-Roubaix edo Flandriako Tourra irabaztea gustatuko litzaidake. Horrez gain, hurrengo Olinpiar Jokoetan egon nahiko nuke. Lehenik, baina, datorren urteko Munduko Txapelketa irabazi nahi dut.

Nondik datorkizu ziklismoarekiko zaletasuna, eta noiztik duzu profesional bihurtzeko ametsa?

Nire aita eta nire bi nebak oso kirolzaleak dira. Nebarik zaharrena, Toni, oso txikitatik hasi zen bizikletan, eta gero Raul batu zitzaion. Ni, hasieran, haien lasterketak ikustera joaten nintzen. Egun batean, nik ere lehiatu egin nahi nuela esan nien gurasoei. 6 urte izango nituen. Umetatik, garbi nuen: txirrindularitzan hasten banintzen, irabazteko zen. Beti izan dut anbizio handia.

«Aurten oso gutxi irten naiz lagunekin, eta agian baten bat galdu dut. Ordea, txirrindularitza ibilbidea lehenetsi dut»

Gorenera iristeko, gauza asko utzi behar dira alde batera. Zaila da?

Nik ez dut inongo arazorik. Aurten, adibidez, oso gutxi irten naiz lagunekin, eta agian galdu egin dut baten bat. Ordea, nik beti nire txirrindulari ibilbidea lehenetsi dut. Profesional izateko helburua izan dut hasieratik, eta, horretarako, badakit bizikletari denbora asko eskaini behar zaiola. Gerora, izango dut astia bestelako gauzak egiteko. Nire adineko jendeak beste gauza batzuk egiten ditu, baina ni gustura nago daukadan errutinarekin. Diskotekak? Nik bizikletan pasatzen dut ongi.

Eta zer moduz zabiltza ikasketekin?

Ikasturte honetan Batxilergoko bigarren urtea hasi dut, online. Neure burua ez dut estuegi hartu nahi. Eta aurrera begira, oraindik ez dut plan zehatzik. Arreta ziklismoan dut jarria, baina badakit zerbait ikasi beharra dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.