Denbora gutxian, onenen artean pedalei eragiten

Hiru urte behar izan ditu Ander Ganzabalek profesionaletarako jauzia egiteko: Euskaltelen ariko da hurrengo bi sasoietan. Itzulian debuta egin berri du; «gogorra» egin zaio, baina «gustura» ibili da.

Ander Ganzabal Euskal Herriko Itzulian, erlojupekoan. SPRINT CYCLING
Ander Ganzabal Euskal Herriko Itzulian, erlojupekoan. SPRINT CYCLING
Jone Bastida Alzuru.
2025eko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteak daramatza Ander Ganzabalek (Orozko, Bizkaia, 2000) pedalei eragiten, baita besoak eta zangoak astintzen ere. Triatloian egin zituen bere kirol ibilbideko lehen urratsak, baina hartan bere onena emana zuela iritzita, hiru diziplina horietako baten alde egitea erabaki zuen: txirrindularitza. Denbora gutxi behar izan du zertarako gai den erakusteko, ohi baino geroago ekin zion arren: 2022an hasi zen, Eiser taldean, eta, Laboral Kutxan egindako bi urte arrakastatsuren ostean, dagoeneko eman du profesionaletarako jauzia: Euskaltelek fitxatu du bi sasoitarako.

Hala, joan den astean elastiko laranja jantzita aritu zen Ganzabal Euskal Herriko Itzulian, aurrenekoz. «Itzulian parte hartzea da hemen sortu den edozein txirrindulariren ilusioa eta ametsa», aitortu du. Azaldu duenez, debutean «gustura» ibili da, baina sufritu ere egin du: «Munduko txirrindulari onenekin korritzea oso gogorra da, baina, era berean, itzela da etxeko lasterketa familiaz eta lagunez inguratuta egitea».

«Itzulian parte hartzea da hemen sortu den edozein txirrindulariren ilusioa eta ametsa»

ANDER GANZABALEuskalteleko txirrindularia

Bere burua nola ikusi duen galdetuta, berriz, hala erantzun du: «Oraino puntu pare bat falta zaizkit. Niretzako lehenengo urtea da profesionaletan, eta ez dut eurek duten erritmoa eta esperientzia. Hobetuz joatea espero dut».

Bizkaitarrak gogotsu eutsiko dio erronkari, txirrindulari izateko bideari heldu zion bezalatsu. Triatloian ere «disfrutatzen» zuen, baina ez da damu hartutako erabakiaz. «Triatloiko azken urtean txirrindularitzako lasterketaren bat probatu nuen. Nire orduko triatloiko zuzendarien bitartez Panamako Tourra korritzera joan nintzen, eta gustatu zitzaidan esperientzia. Hori izan zen aldaketarako beste arrazoi bat: probatu egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan».

Euskaltelen, gustura

Lehen pedal kolpeetan, Ganzabalek ez zuen helburu profesionaletara iristea; hitz potoloak ziren harentzat: «Pelotoi batean sartzen zarenean, hasieran ez dakizu haizeak nondik jotzen duen ere». Beraz, ikastea zuen asmo, eta ikusi afizionatuetan ea zein zen bere «benetako maila». Eskertuta dago Eiserrek taldearen parte izateko aukera eman ziolako, gaur egungo txirrindularitzan ordurako «nagusia» zelakoan; 22 urte zituela hasi zen.

Lehen sasoia «egokitzeko» baliatu zuen, beraz. Ondoren, beste gorputzaldi eta ezagutza bat izanda, profesional izatearen ideiari bueltaka hasi zen: «Laboral Kutxan hasteko aukera eman ostean, aldatu egin zen nire helburua; orduan bai: helburua profesionaletara heltzea zen».

Bada, denera hiru urte baino ez ditu behar izan jauzia egiteko. Hala ere, bidea «progresiboa» izan dela uste du. «Hasieran ez dakizu noiz egon aurrean pelotoian, eta kolokazioa gabezia handia izan zen niretzat. Gero, urte amaieran, Lehendakari Txapelketan hirugarren egin nuen, eta aurrerapausoa eman. Hurrengo urtean, Laboral Kutxan, postu nahiko onak lortu nituen: hamabost bider egon nintzen podiumean, baina pare bat bider bakarrik lortu nuen irabaztea. Aurreko urtean falta zitzaidan esperientzia eta maila lortu nituen, eta lasterketa gehiago irabazi».

Esfortzuak, lanak eta emaitza onek eman zioten saria: Euskaltelekin kontratua sinatzea. Iaz elite kategorian Espainiako Txapelketa irabazi ondoren jakin zuen eskaintzaren berri. Euskaltelen stagiaire aritu zen urte amaiera arte, eta 2025 eta 2026 urteetarako akordioa lotu zuen: «Egia esanda, espero nuen berri hori entzutea. Banekien lortu nituen lasterketen garaipenek eta postu onek prestigioa ematen ziotela nire palmaresari, eta berria entzuteko zain nengoen, irrikaz».

«Asmoa da ahalik eta lasterketa gehien korritzea, pelotoiaren mugimenduetara ohitzea eta ikastea»

ANDER GANZABALEuskalteleko txirrindularia

Taldera erraz egokitu dela azaldu du. Euskal txirrindulariak dira gehienak, eta aurrez ere ezagutzen zituen. Gainera, herrikide bat ere badu taldekide: Gotzon Martin. «Askotan entrenatzen naiz harekin; bidea erraztu dit». Hain justu, Martinekin bizikleta gainean ibili berri hartu du telefonoa.

Euskaltel aurten ez da ariko Espainiako Vueltan, baina hurrengo urtean egon nahiko lukete. Horretarako, rankingean 30 talde onenen artean geratu nahi dute, Ganzabalek ziurtatu duenez. «Puntuak bilduz joan behar dugu lasterketaz lasterketa».

Pertsonalki, berriz, badu helburu bat luze gabe begiz joa: pelotoian bere tokia bilatzea. «Nahiko lasterketa korritu ditut, eta lasterketa desberdinak eginda ikusten duzu zeinetan moldatzen zaren ondoen. Asmoa hori da: ahalik eta lasterketa gehien korritzea, pelotoiaren mugimenduetara ohitzea eta ikastea; txirrindularitzaz disfrutatuz, pelotoiaren barruan nire tokia zein den ikusi nahi dut».

Luzera begira, ez du hain argi, baina asmotzat hauxe aipatu du: txirrindularitzaz disfrutatzea eta profesionaletan ibilbide luzea egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.