Jon Santacana. Eskiatzailea

«Denbora erabat ona ere ez zela pentsatu dugu»

Ezker oineko orpazurda hautsi zuen orain sei hilabete, eta urrezko domina kolkoratu du Sotxiko Paralinpiar Jokoetako lehen egunean.

Galindo eta Santacana zoratzen, atzo, podiumean. MIKAEL HELSING / EFE.
unai zubeldia
2014ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Sotxiko Paralinpiar Jokoetan parte hartu, ez hartu zalantzan egotetik, lehen lehiaketa egunean, jaitsieran, urrezko domina kolkoratzera igaro zen atzo Jon Santacana (Donostia, 1980). Sari banaketa amaitu eta hotelerako bidean, artean erabat hunkituta erantzun zion BERRIAren deiari.

Orain sei hilabete ezker oineko orpazurda hautsita, harrigarria da Sotxin egin berri duzuna.

Uste dut Paralinpiar Jokoak amaitzen direnean jabetuko naizela benetan zer egin dudan. Intentsitate handiarekin bizi izan ditut azken hilabete hauek; ahalegin handia egin dut. Eta lehiaketa amaitu denean, sinetsi ezinda nengoen, emozioak kanporatu ezinik bezala.

Nola bizi izan duzu zure jaitsiera?

Bete-betean egiten saiatu naiz; eman nezakeen guztia eman dut. Helmugara iritsi garenean, denbora erabat ona ere ez zela pentsatu dugu, zatirik lauenean bihurguneetan, agian, gehiegi zabaldu naizelako. Baina azken zatia bereziki oso azkar jaitsi dugu, eta, ehuneneko gutxigatik, baina nahikoa izan da.

Jokoetan parte har zenezakeela dudan egotetik, urrea kolkoratzera. Zer etorri zaizu burura podiumean?

Shock egoeran nengoen. Hemen egotea bera oso hunkigarria da niretzat. Entrenamendu ofizialei ekin eta presio handia neukala nabaritu nuen, onenen ondoan egon nintekeela ikusi nuelako. Egun ona izan zitekeela pentsatuz esnatu naiz, hala ere, aurrean egon gintezkeela pentsatuz, eta, zorionez, jaitsiera ona egin dugu, eta nahikoa izan da irabazteko.

Ez dira motzak izan Miguel Galindo laguntzailearen ondoan igaro dituzun minutuak, ezta?

Tentsio handiko minutuak izan dira. Bigarrenak ginen jaisten, eta ia denak falta ziren artean lanean hasteko, faboritoak tartean. Tarteko hiru erreferentzia zeuden jaitsieran, eta denborak emanez joan da Miguel. Domina geroz eta gertuago zegoela ikusten genuen, eta izugarri sufritu dugu.

Izen asko egongo dira eskaintzen atzean, ezta?

Familiari eskaini nahi diot domina. Oso gaizki pasatu dut, baxualdiak izan ditut tartean, eta babes handia eman didate une oro. Nik zalantzak izan ditudanetan ere, Sotxira irits nintekeela sinetsi dute haiek. Eta, noski, nire fisioterapeutari ere eskaini nahi diot.

Ospakizun txiki bat eta supererraldoia bihar [gaur].

Ospakizun gutxi izango dugu [barrez]. Hotelera iritsi, afaldu, eta atseden hartzera joango gara. Ezer gertatu ez balitz bezala lehiatuko naiz supererraldoian, dena emanez. Ospatuko dugu gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.