Baikoko pilotaria

Jon Ander Peña: «Konfiantzaz gainezka sentitzen naiz oporren ostean»

Jokin Altunak eta Jon Ander Peñak sanferminetako lau eta erdiko finala jokatuko dute igande eguerdian, Nafarroa Arenan. Peña II.a «ilusioz gainezka» dago.

Jon Ander Peña. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Ander Peña. GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2024ko uztailaren 5a
05:05
Entzun

Profesionaletan debuta egin eta zortzi urte eskasera jokatuko du banakako lehenengo finala Jon Ander Peñak (Tolosa, Gipuzkoa, 1997). Bigarren Mailan finalak jokatu baditu ere, etziko partida «izugarri berezia» izango dela uste du. Sanferminetako lau eta erdiko finalean ariko baita, Nafarroa Arenan, Jokin Altunaren aurka (11:00, ETB1).

Sanferminetako lau eta erdikoa txapelketa ofiziala izan ez arren, orain arteko partidarik bereziena izango al da zuretzat?

Berezienetakoa, behintzat, bai. 2021ean binakako finala jokatu genuen Jon Ander Albisuk eta biok, eta hura ere egun handia izan zen, baina bakarka final batean egoteak beste zerbait pizten du. Ume-umetatik telebistan ikusi izan dut sanferminetako lau eta erdiko finala, idolo izan ditudan pilotari guztiei gertutik jarraitu izan diet, eta orain ni neu egotea egoera horretan izugarria da. Sanferminak beti lotu izan ditut entzierroekin eta uztailaren 7ko final horrekin, eta ilusioz gainezka nago partida iristeko.

Eguerdiko hamabiak aldera jokatuko duzue. Profesionaletan sekula jokatu al duzu ordu horretan?

Ez, eta afizionatuetan ere ez dut uste. Urte asko atzera egin beharko nituzke goizez jokatu nuen azkeneko aldia gogoratzeko. Ordu horrek aldaketa batzuk eragiten ditu errutinan, baina ez dago aitzakiarik. Harmailak gainezka eta kolore zuri-gorriz ikustea izugarria izango da. Errespetua ematen du, baina motibazioa ere bai.

Zure sasoirik onenean al zaude?

Denbora luzea daramat sentipen onekin, baina emaitza aldetik inoizko boladarik onenean nago, bai. Oporretatik bueltan konfiantzaz gainezka sentitzen naiz. Unai Lasori joan den igandean 22 eta 11 irabazi nion, eta partida hark balio izan zidan ikusteko egon naitekeela onenen artean. Beste abiadura batean ibili nuen pilota, mentalki ere indartsu sentitu nintzen, eta hori da bidea. Azken lau eta erdiko ofizialean ere finalerdietarako sailkatu nintzen, baina ezin izan nion irabazi Peio Etxeberriari. Falta zitzaidan pauso bat ematea final batean egoteko, eta orain dut aukera. Ea lana biribiltzerik dudan.  

Jokin Altunari ez diozu inoiz irabazi, ordea.

Nik bakarrik ez: beste askok ere esan dezakete gauza bera. Altuna aparteko koska batean dago, eta hari kontra egiteko oso une aproposa harrapatu behar dugu besteok. Altuna beti izan da apartekoa. Soilik urtebete zaharragoa da ni baino, baina gazte mailatan ez nuen aukerarik izan haren aurka jokatzeko, beti zaharragoekin ibiltzen baitzen. Profesionaletan bizpahiru aldiz aritu naiz haren kontra banaka, eta beti nagusitu izan zait.

«Badakit Altunari ez zaiola asko gustatzen Nafarroa Arenako frontoia. Ea sakearekin min egiterik daukadan»

Dena den, 2022an, lau eta erdiko ofizialaren final-laurdenetako ligaxkan estu hartu zenuen, min hartu zenuen arte. 14 eta 11 zindoazen aurretik.

Nire bizitzako partidarik onena egiten ari nintzen, dudarik gabe. Oroitzen naiz abiadura ikaragarrian ibili nuela pilota eta tantoa bukatzerako garaian ere inspiratuta nengoela. Zorte txarra izan nuen gero lesioagatik, baina, gutxienez, lehia hark balio dit ikusteko irabaz diezaiokedala. Badakit Altunak emaitza txarrak izan dituela Nafarroa Arenan, eta ez zaiola frontoia asko gustatzen. Ez nuke esango niretzat ere aproposegia denik, baina ea sakearekin min egiterik daukadan. Hori izango da gakoa.

Aipatu duzun bezala, orain arteko final bakarra Lehen Mailan 2021ean jokatu zenuen, baina publikorik gabe, pandemiaren eraginez. Zer esan nahi du zuretzat etzi harmailetan hainbeste jende egoteak?

Arantza ikaragarria neukan barruan, eta sarritan pentsatzen nuen ea ez ote nintzen beste final batean sartuko. Probatu nahi nuen zer den publikoarekin final bat jokatzea, eta ez dago etzikoa bezain egun aproposagorik. Motibazio latza izango da frontoia itxura horretan ikustea. Espero dut presioak ez gain hartzea.

Asko eragiten al dizu presioak?

Presioa bakoitzak bere buruari jartzen dio, eta ni beti egoten naiz gehiagorako gosez. Ez diot mugarik jartzen neure buruari, badakit hobetu dezakedala, eta ezin naiz itsutu. Oraindik ez dut txapelik lortu Lehen Mailan, baina badakit onenen artean onena izatea izugarri zaila dela. Nire helburua da hobetuz joatea eta onenen artean tokia egitea, baina ikuspuntua galdu gabe.

Taktikoki ez ezik, mentalki ere aurrerapausoa eman duzu?

Azken bizpahiru urteetan gorakada handia nabaritzen dut alde guztietatik. Lehen ero baten moduan kantxaratzen nintzen, eta burua erraz galtzen nuen, batez ere partidaren erditik aurrera. Orain, ordea, gehiago planteatzen ditut partidak aldez aurretik, eta erabaki hobeak hartzen ditut. Abiadura horretan zaila izaten da dena kontrolpean izatea, baina ari naiz hobetzen. Taktika hobetzeko, nire partida guztiak ikusten ditut berriro, eta beti ateratzen ditut ondorioak. Mentalki, berriz, lehen baino indartsuagoa naiz orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.