Denak du bere alde ona

Lagunak-ek eta Realak ez dituzte bete sasoi hasierako helburuak: nafarrek maila galdu dute, eta Reala ez da sailkatu KoparakoSasoiaren balorazioa egin dute Unai Gazpiok eta Alvaro Meokik, bi taldeetako teknikariek

Lagunak eta Reala, Ohorezko Mailan aurtengo denboraldian elkarren aurka jokaturiko partidan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Denboraldi hasieran finkaturiko erronkak betetzen ez direnean, taldeko entrenatzaileek zail dute etsipena ezkutatzea. Lagunak-eko Alvaro Meoki (Lizarra, Nafarroa, 1973) eta Realeko Unai Gazpio (Donostia, 1974) entrenatzaileak, baina, baikor agertu dira. Lehen Mailako liga amaitu berri da, eta zigorrik gogorrena Barañaingo taldeak jaso du. Bigarren Mailara jaitsi da, partida bakar bat irabazi gabe. Reala, berriz, ez da Espainiako Kopa jokatzeko sailkatu; hori zen denboraldi hasieran Gazpioren jokalarien helburu nagusia.

«Pertsona baikorra naiz, eta gauza positiboak atera ohi nahi izaten ditut. Talde gaztea gara, eta jokalarientzat ikasketa izugarria izan da», dio Meokik. Denboraldiaren pisua nabari zaio ahotsean. Lagunak-ek bost denboraldi eman ditu Lehen Mailan, baina oraingoan ezin izan dio mailari eutsi. Azken sasoietan maila gorenean aritzeko jokalariak badituela erakutsi du klubak, baina hainbatek taldea utzi dute azken urteetan eta apurka-apurka taldea «ahulduz» joan da. «Taldean ekonomikoki eduki ezin genituen jokalariak genituen. Denborarekin jokoa galduz joan gara, eta, era berean, emakumezkoen futbolaren mailak gora egin du».

Gazpiok ere ez du zapore gazi-gozoa ezkutatzen. Hala ere, lehen aldia zuen Reala zuzentzen, eta nahiz eta Koparako ez sailkatu, gustura agertu da egindako lanarekin. «Izugarrizko esperientzia izan da. Nire lana askatasun osoz egin dut, eta taldearen babesa eduki dut une oro. Kirol alorrean, berriz, pena bat izan da hamargarren postuan sailkatzea. Kopa jokatu nahi genuen».

Motz geratu zaie denboraldia bi taldeei. Lagunak-ek irabazitaesan nahi zuen agur, eta Realak, berriz, Koparako sailkatzea lortuta. «'Amaitu dadila' esaten genion geure buruari, baina, aldi berean, lehen garaipena lortzeko aukerak genuen artean ere», esan du Meokik. Gazpiorentzat, berriz, konfiantza hartzeko balioko du egindako azken txanpa onak. «Oso ongi ibili gara amaieran. Askotan amaieran iristen dira txakalaldiak, baina gu azken partidetan oso ongi aritu gara. Horrekin geratzen gara, datorren denboraldiari begira».

Bi taldeen bideak ezustean harrapatu ditu jokalariak. Lagunak-ek, adibidez, talde oso gaztearekin egin behar izan dio aurre denboraldiari. Aurretik Lehen Mailan inoiz aritu ez ziren jokalariekin, hain zuzen ere. Realarena kasu desberdina da. Urtez urte aurreko denboraldietako emaitzak hobetzeko helburuarekin lehiatu dira, eta sailkapenean jaisteko postuetatik gertu egotea berria izan da. «Jokalari asko ez zeuden horrelako egoeretara ohituta. Hasiera kaskarra gainditzea kosta egin zitzaien», esan du Gazpiok.

Meokik izan duen erronka zailena jokalariei animoak ematea izan da, burua altxatzeko arrazoiak bazirela adieraztea. Psikologikoki jokalariak asko sufritzen du astebururo galduta. Une gogor horietan, entrenatzaileak, taldearekin dagoela erakutsi behar du. «Lehen egunetik argi utzi nien ez nuela amore emango, beraiekin amaieraraino egongo nintzela. Horregatik, beraiek ere beste horrenbeste egin zezaten eskatzen nien».

Lagunak ez da desagertuko

Etorkizun beltza du Lagunak-ek. Hauteskundeak egingo dituzte aurki, eta taldearen koordinazioaz arduratu den DOC enpresak ez du taldearekin lanean jarraituko. Meokik, halere, lasai egoteko deia egin nahi izan du. «Ez dago desagertzeko arriskurik, ezta gutxiago ere. Lagunak-ek gogor jarraitu behar du hemendik aurrera. Emakumezkoen futbolean beti aritu da bikain, edozein mailatan, eta jaitsiera ez da tragedia bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.