Binakako Txapelketako finalerako atzerako kontaketa hasia da. Atzo goizean, partidarako pilotak aukeratu zituzten bi bikoteek, finala jokatuko den frontoian, Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian. Atarikoan bederen, ez da izan polemikarik. Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta «oso gustura» geratu ziren, eta ez zieten arazorik ikusi aurkariek hautatutako pilotei: «Haienak desberdinak dira. Bi, oso onak; bestea, baxuagoa», argitu zuen Zabaletak. Unai Laso eta Ander Imaz ere kontentu geratu ziren txapelketa osoan bezala pilota biziak bilatu zituztelako: «Nahiko onak aurkitu ditugu. Azpitik dezente ibiltzen dira, eta nahiko biziak dira. Haienak desberdinak dira, baina ondo daude», azalduzuen Imazek.
Ikusmina piztu zuen aukeraketak. Azken partidetan, txapelketa luzeak eragindako nekea nabaritu dute bi bikoteek, baina prentsa aretoan ongi daudela azpimarratu zuten. Adibidez, Zabaletak arazoekin amaitu zuen igandeko norgehiagoka, baina, azken bi egunetan masaje parea jaso ondotik, «askoz hobeto» dago, eta iganderako bete-betean egotea espero du.
Elordiren lehen finala
Lehen finala izaki, dena zaio berria Elordiri. Aste berezi hau «normaltasunez» kudeatzen ari da. «Gakoetako bat da hori. Egunerokoan disfrutatzen ari naiz, eta ez diot garrantzirik ematen Nafarroa Arenara etorri eta hainbeste elkarrizketa egiteari».
Elordiren eta Zabaletaren aurkako finalaurreko ligaxkako bigarren neurketa eskuko arazoekin amaitu zuten Lasok eta Imazek. Finalerako sailkatzea lortuta zutenez, hirugarrena ez jokatzea erabaki zuten, eta orain «hobeto» daudela onartu zuten. «Elkarrekin egon gara masajistan, eta hobe doa eskua», esan zuen Lasok.
Herenegun, Nafarroa Arenan egin zuten entrenamendua Lasok eta Imazek, eta, atzoko pilota aukeraketa amaituta, igandekoa jokatu aurreko azkena bertan egin zuten Zabaletak eta Elordik. Partida berezietarako frontoia da Nafarroa Arena. Lasori «bibrazio onak» ematen dizkio, eta Zabaletak, berriz, ez du dudarik betea egongo dela: «Oso giro ona egotea espero dut, finalaurreko azken partidan Bilbon egon zenaren antzekoa. Bakoitzak bere pilotariak animatzen zituen».
Giroaz harago, frontoiak izango du zeresanik finalean. Bezperan entrenamendua egina zutenez, Laso-Imazek zer berezitasun dituen azaldu zuten: «Frontoi exijentea da. Atzean pisua hartzen du. Nik nahiago dut Bilbokoa baino. Bilbokoan, azken bi partidetan ez ditut sentsazio onak izan, eta hemen, azken entrenamenduan, bai. Gero igual igandean kontrakoa esango dut», aitortu zuen Imazek. Lasoren arabera, berriz, ezkerparetaren ondorioz pilotak «azkar» higatzen dira, eta hasieran duten distira eta abiada galtzen dute. Hartara, aurreratu zuen «ahalik eta pilotarik bizienak» bilatu zituztela, hasierako tantoetan aprobetxatzeko.
Irudikatzen duten norgehiagokari dagokionez, Zabaletak azaldu zuen «bikote moduan» jokatu behar dutela. «Txapelketan egin duguna erakutsi behar dugu. Elkarrekin jokatu, gozatzen ahalegindu eta gure onena eman».
Elordik uste du bere onena eman behar duela. Txapelketaosoan ondo aritu bada ere, argi du finalaurreko ligaxkako Lasoren eta Imazen aurkako partidan ez zuela bere onena eman: «Ni ez nintzen beti bezala egon, eta horrek Jose Javierri ere eragin zion;desoreka eragin zuen». Bikote beraren aurka izatea kasualitatea izan zela uste du, eta txapelketan egindakoa errepikatu behar duela. Zabaletak hori gomendatu dio. «Erakutsi du ausarta dela, eta espero dut ausart jokatuko duela».
Lasoren ustez, ligaxkako azken partidak ez du eraginik izango: «Nik asko arriskatu nuen, eta ondo atera zen, baina hain ongi jokatuta ere 22-19 amaitu genuen. Eraso egiten duenak aukerak izango ditu, baina defentsarako frontoi zaila da».
Imazen ustez, aurkari gogorrak izango dituzte: «Partida hausteko erraztasun handia dute. Beste pilotari batzuek gehiago uzten dizute jokatzen, baina, Zabaletak eguna baldin badauka, partida hausteko arriskua du, Aitorrek oso ongi laguntzen dio eta». Imazen ustez, inork ez du tantorik oparituko, eta finala luze joan daiteke: «Gogortzen bada, gure aukerak izango ditugu».
Faboritorik ba al den galdetuta, Zabaletak uste du %50ean dagoela. Lasorentzat, berriz, «eurak dira faboritoak».
Dena prest daukate finalerako
Elordi eta Zabaleta, eta Laso eta Imaz pozik geratu dira igandeko finalerako hautatutako hiru pilotekin. Nafarroa Arenan pilota biziak azkar higatzen direla eta defentsa lanak zailtzen direla azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu