Dena nahi du beretzat

Aitor Hernandez ermuarra erabat nagusi izaten ari da, Espainiako Kopako sei lasterketak irabazita eta denera bederatzi garaipen pilatuta

Aitor Hernandez. BERRIA.
unai zubeldia
2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Espero nuen bezala ari da ateratzen dena, eta oso pozik nago». Naturaltasun harrigarriarekin onartu du Aitor Hernandezek (Ermua, Bizkaia, 1982), irabaztea bihurtu duelako balizko emaitza bakar Specialized-Ermua taldeko ziklo-kroslariak. Espainiako Kopako sei proba jokatu dira orain arte, eta seiak irabazi ditu. Euskal egutegikoak ziren sei horietatik bost, eta, Espainiako Kopatik at, ermuarra nagusitu zen Arbulon ere. Seitik sei, beraz, etxeko egutegian ere. Etxean bakarra utzi du irabazi gabe, joan den igandekoa, Zornotzakoa (Bizkaia), baina kadete eta jubenil mailako proba izan zen; egun horretan Colindresen (Espainia) zeukan lasterketa bizkaitarrak, eta bi besoak altxatuta amaitu zuen proba hura ere. Zortzi garaipen horiei gehitu Medina de Pomarkoa (Espainia), eta hortxe bederatzikoa.

«Aurreko denboraldiarekin alderatuta, antzeko emaitzak lortzen ari gara; horixe zen helburua, eta ezin dut gehiago eskatu». Berrizen (Bizkaia) izango da lasterketa bihar, baina Espainiako Kopa dauka lehenetsita, eta Navian (Espainia) ariko da, lehiaketa horretan zazpigarren garaipena jarraian lortzeko helburu argiarekin. «Ondo bideratuta daukat sailkapen hori [46 puntura dauka Javier Ruiz de Larrinaga (MMR Spiuk)], baina ezin naiz erlaxatu».

Gabonetan, Europa aldera

Abenduaren 14an jokatuko da Espainiako Kopako azken proba, Valentzian (Herrialde Katalanak), eta nazioartera begira jarriko da gero Hernandez. «Babesleen eraginez, Espainiako Kopa jokatu beharra daukat, baina Munduko Kopako probaren batzuk eta nazioarteko besteren bat jokatzeko asmoa daukat Gabonetan». Urtarrilean ere jokatuko du Munduko Kopan dagoen proba bakarra, Hoogerheiden (Herbehereak)—Espainiako Txapelketa izango du aurretik, urtarrilaren 11n, Gijonen—. «Eta Munduko Txapelketara ere joango gara, ahalik eta lanik onena egiteko helburuarekin». Taborren jokatuko da denboraldi honetan, Txekiar Errepublikan, otsailaren 1ean.

Hernandezek ez bezala, Munduko Kopa lehenetsi du denboraldi honetan Javier Ruiz de Larrinagak, eta arabarra Koksijden izango da gaur (Flandria), bigarren proban. Urruti geratu da jada urriaren 19an Valkenburgen (Herbehereak) jokatu zen Munduko Kopako lehen lasterketa, baina hogei puntu pilatu zituen orduan Ruiz de Larrinagak —31. izan zen—, eta zakua puntuz betetzen jarraitzea izango da gaurko helburua. Lars van der Haar (Development) nagusitu zen lehen lasterketa hartan. Herbeheretarrak lidergoa izango du jokoan gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.